Joan eduki nagusira

Antolamendua

Errektoreordetzak

Ikerketako errektoreordea

Martín Larraza Kintana Martin Larraza Kintana
Tel: 948 16 9293
Helbide elektronikoa: vicerrectorado.investigacion@unavarra.es

 

 

 

Martin Larraza Kintana (Arbizu, Nafarroa, 1970) Enpresen Antolaketako katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2019az geroztik, eta diplomaduna Enpresa Zientzietan (1992) eta lizentziaduna Enpresen Administrazioan eta Zuzendaritzan (1994), biak ere Nafarroako Unibertsitate Publikoan lortuak. Ekonomiako doktoretza eskuratu zuen Madrilgo Carlos III Unibertsitatean (2000), nota gorenarekin. Doktoretza egin bitartean, bekaduna izan zen Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren programa sektorial batean, unibertsitateko irakasleei eta ikertzaileei prestakuntza ematekoan hain zuzen. Denbora tarte laburrean Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean fakultateko irakasle laguntzaile aritu ondoren, eginkizun berean hasi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan 1999an. NUPen irakasle eta ikertzaile postu desberdinetatik pasatu ondoren, 2019an lortu zuen katedra. Egonaldiak eginak ditu Essexeko, Arizonako Estatuko eta Cranfieldeko unibertsitateetan.

Bere ibilbide akademiko zabalean, Enpresen Antolaketaren arloko irakasle ibili da beti, eta zenbait irakasgai eman ditu graduetan eta graduondoetan (masterrak eta doktoretzak).

Garatu duen ikerketak argi uzten du nolako interesa duen pertsonek erabakiak hartzerakoan duten jokabideaz eta, batik bat, enpresen barrenean jarduera profesionala duten pertsonenaz. Oinarri hori abiapuntu duela, 20 urtetik gorako ikerlanari esker, ekarpenak egin ahal izan dizkio arlo hauetako nazioarteko eztabaida zientifikoari, hau da, giza baliabideen kudeaketaren, zuzendaritza estrategikoaren, familia-enpresaren eta ekintzailetzaren gaineko eztabaidari. Egindako lanak 50 artikulu akademiko baino gehiago ditu fruitu; haietako batzuk enpresen antolaketaren arloko aldizkari akademiko ospetsuenetan argitaratuak dira, esateko baterako “Academy of Management Journal”, “Administrative Science Quarterly”, “Strategic Management Journal”, “Journal of Management, Entrepreneurship Theory and Practice”, “Journal of International Business Studies”, “Small Business Economics” eta “Human Resource Management” izenekoetan. Gainera, liburuko 4 kapitulu argitaratu ditu, 6 doktoretza-tesitan parte hartu, eta mintegiak egin ditu Espainiako eta atzerriko zenbait unibertsitatetan. Bestalde, 80 ekarpenetik gora eginak ditu Espainiako eta nazioarteko biltzarretan. Bere irakasle-lanak hainbat sariren bidezko aintzatespena jaso du; haien artean, hauek nabarmenenak: 2009-2010 aldiko Gizarte Zientzietako Ekarpen Zientifiko Hoberenaren saria, eta Giza eta Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridiko eta Ekonomikoen arloetako ikertzaile-ibilbidearen saria, biak ere Nafarroako Unibertsitate Publikoak emanak.

Deialdi publikoen bidez finantzatutako zenbait ikerketa-proiektutan hartu du parte. Nabarmentzekoa da ikertzaile nagusia izan dela I+G-rako Plan Nazionalaren bost proiektutan. Orobat Project Manager izan da Europako Batzordearen Erasmus programak finantzatutako jakintzarako aliantzako proiektu batean. Enpresetarako transferentzia proiektuetan ere hartu du parte, eta Enpresen Antolaketa ikerketa-taldearen arduraduna izan da hainbat urtez. Esparru honetan, azpimarratzekoa da Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarentzako aditu-lanetan aritu dela Plan Nazionalaren ikerketa-proiektuak ebaluatzeko.

Kudeaketaren esparruan, 2019an errektoreorde izan aurretik, Martin Larraza Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko idazkaria izan zen eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko sarbideko koordinatzaile nagusia. Ekonomiako Gradua Europako Unibertsitate Eremura egokitzeko ikasketa-plana egin zuen lantaldeko kidea izan zen, eta jakintza-arloko koordinatzailea Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduan, bai eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Kalitatearen Berme Batzordeko kidea ere. Egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresa Familiarren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoko kidea da oraindik ere. Board de la Iberoamerican Academy of Management erakundeko kidea izan da, erakunde horretako idazkari, diruzain eta lehendakariordea ere bai, eta lau urtean "Management Research" nazioarteko aldizkari akademikoaren editore burua.

Arloetako zuzendariak

David Astrain Ulibarrena

David Astrain Ulibarrena
Tfno: 948 16 9311
Correo electrónico: area.investigacion@unavarra.es

Industria-ingeniari doktorea NUPen 2002az geroztik, egun Unibertsitateko katedraduna da David Astrain, eta ikerketako 4 seiurteko, transferentziako 1 eta irakaskuntzako 5 bosturteko ditu. Ingeniaritza Termiko eta Fluidoen ikerketa-taldeko burua da 2010etik.

Haren ikerketa-ibilbidea ingeniaritza termikoan, sorkuntza eta hozketa termoelektrikoan zentratzen da, eta osotara 72 ikerketa-proiektutan parte hartu du, eta horietatik 37 proiektu lehiakorrak dira. Proiektu horietako 14tan ikertzaile nagusia izan da, eta nabarmentzekoak dira Ikerketarako Estatu Planeko 6, zeinetan bi kanpaina zientifiko antartikotan parte hartu baitu. Gainera, ikertzaile nagusia izan da BSH, Azcoyen Industrial, Acciona Energía, Ingeteam, Siemens-Gamesa, Liebherr, Exkal eta antzeko enpresekin egindako transferentzia teknologikoko kontratu garrantzitsuetan. Azken 10 urteetan, 1,5 milioi euro baino gehiago lortu ditu proiektu lehiakorretan, ikertzaile nagusia izanik, eta 800.000 euro enpresekin egindako kontratuetan. 6 patenteren asmatzailea da (horietatik 3 nazioartekoak eta 3 nazionalak), eta horietatik 5 Bosch-Siemens multinazionalaren jabetzakoak dira, eta, 2024an, transferentzia teknologikoko proiektu onenaren saria jaso zuen. Emaitza zientifikoen zabalpen hau izan du: 102 argitalpen nazioarteko aldizkarietan, eta horietatik 58 JCRren lehen kuartilean (47 lehen dezilean) eta 19 bigarrenean, liburuko 3 kapitulu eta 130 ekarpen baino gehiago nazioarteko kongresuetan, 6 osoko bilkura eta ekarpenik onenaren 5 sari barne. Haren argitalpenen % 14 munduko argitalpen aipatuenen % 10ean daude. David Astrainek 11 doktoretza-tesi (horietako 4 nazioartekoak) zuzendu ditu, eta 3 FPIren eta FPU baten (doktoretzako prestakuntzaldiko langileak) tutorea izan da.

Kudeaketa karguei dagokienez, David Astrain Energia Berriztagarrien Katedrako zuzendari teknikoa izan da 2010eko urtarriletik 2024ra, eta Hotzaren Zientzia eta Tekniken Elkarteko batzorde zientifikoko kidea 2009tik, bai eta Estatuko Ikerketa Agentziaren (AEI) eta CENAIren seiurtekoen ebaluazioko ebaluatzaile eta ordezkaria ere. Ingeniaritza Saileko idazkaria, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariordea, Ingeniaritza Saileko zuzendaria eta Gobernu Kontseiluko eta Klaustroko kide hautatua ere izan da.

.

Santiago Sánchez Alegría

Santiago Sánchez Alegría
Tel: 948 41 7846/948 41 7802
Helbide elektronikoa: direccion.areacampustudela@unavarra.es

Santiago Sánchez Alegría, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Enpresen Kudeaketa Saileko zuzendaria, kontabilitatean doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, aho batez bikain “cum laude” kalifikazioa jaso zuen tesiarekin.

NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko gradu eta masterretan kanpoko eta barneko kontabilitatea irakasteaz gain, Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketako Unibertsitate Masterreko (ERP) eta Enpresen Zuzendaritzako Unibertsitate Masterreko zuzendari akademikoa izan da Santiago Sánchez Alegría. Irakaskuntza berrikuntzako zenbait proiektutan ere parte hartu du, eta Estados contables: elaboración, análisis e interpretación (ediciones Pirámide) eskuliburuaren edizioan lagundu du. Eskuliburuaren zazpigarren argitaraldia egin da. 

Kudeaketa-lanei dagokienez, Tuterako Campuseko Arloko zuzendari berria zortzi urte baino gehiago aritu da Enpresen Kudeaketako Saileko idazkari-lanetan eta kontabilitate arloko koordinatzaile-lanetan. 

Orobat Santiago Sánchez Alegría NUPeko INARBE Institutuko (Institute for Advanced Research in Business and Economics) ikertzailea da, eta kontabilitateko informazioaren eta auditoretza-txostenaren kalitatea eta horrek erabakiak hartzeko duen erabilgarritasuna ikertzen dihardu. Berriki, bere ikerketa-lerroak zabaldu ditu arrisku-kapitaleko enpresek egindako eragiketak ikertzeko, bereziki "Leverage buyout (LBO)" izenekoak, eta enpresa-porrota aurreikusteko ereduak aztertzeko.

2010ean, komunikazio hoberenen ASEPUC aipamena eman zioten (Kontabilitateko Unibertsitate Irakasleen Espainiako Elkartea), eta, urtebete lehenago, Kontabilitateko eta Kontu Auditoretzako Institutuaren (ICAC) kontabilitateko eta auditoretzako ikerketa-lan laburren Carlos Cubillo saria. 

Bere lan zientifikoa dela eta, nazio mailako hainbat ikerketa-proiektutan eta nazioko eta nazioarteko 25 biltzar baino gehiagotan parte hartu du, eta ikertzaile nagusiaren lanetan aritu da zenbait ikerketa-kontratutan. Hamalau artikulu argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan parekoen ebaluazioarekin; guztiak JCRn indexatuta. Zenbait ikerketa-egonaldi ere egin ditu unibertsitate batzuetan, hala nola Copenhagen Business School (Danimarka) eta Norwegian School of Economics (Norvegia). 

Azkenik, bere ikerketa-lanaren emaitzak zabaldu ditu argitalpen profesionaletan, hala nola UCEIF Fundazioaren (Kantabriako Unibertsitatearen Fundazioa Finantza Sektorea Aztertzeko eta Ikertzeko)  Cuadernos de Investigación eta Kontabilitateko eta Kontu Auditoretzako Institutuaren (ICAC) aldizkaria.