Antolamendua
Errektoreordetzak
Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea
Begoña Pérez Eransus
Tel: 948 16 8462
Helbide elektronikoa: vicerrectorado.proyeccionuniversitaria@unavarra.es
Begoña Pérez Eransus (Iruñea, 1974) Politika Sozialeko irakasle titularra da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologiako eta Gizarte Laneko Sailean. Ikasketen amaierako saria jaso zuen 1997an eta Soziologiako doktoretza eskuratu zuen unibertsitate berean, nota gorenarekin (2005). ANECAk aintzatespena emana dio laguntzaile doktore, kontratupeko doktore eta unibertsitateko titular izateko, eta 2012an bereganatu zuen titulartasuna.
Bere ikerketa-lerroen ardatza desparekotasunen eta gizarte politiken azterketa izan da. Ikerketa-lanean aritu da I+G jardueretarako zazpi deialdi-proiektutan (lehiaketa bidez irabaziak; haietako bi Europakoak dira, bi Espainiakoak, eta autonomia-erkidegoren batekoak hiru), haietako bostetan ikertzaile nagusi gisa (bat Europakoa da, bat Espainiakoa, eta autonomia-erkidegoren batekoak hiru). Bere proiektuen artean hauek dira nabarmentzekoak: “Enhancing the Right to Social Inclusión through Service Integration” (EB, 2016-2019) eta “Políticas de inclusión en las CC.AA., ubicación en el contexto europeo y respuesta a las nuevas situaciones” (MINECO, 2015-2017). 45 argitalpen zientifiko ditu eginak, bakarrik edo beste batzuekin batera. Artikulu akademikoak dira haietako 17, desparekotasunen arloko ospe handiko aldizkari espezializatuetan kaleratuak. Bestalde, 10 liburu ditu argitaratuak, baita liburuetako 18 kapitulu ere. Ikerketako 2 seiurteko ditu aitortuak. 2005ean ikerketa-egonaldi bat egin zuen Warwickeko Unibertsitateko Institute for Employment Research delakoan, eta, 2014an, Garapenerako Banku Iberoamerikarrak Washingtonen duen egoitzan. Orobat, hiru doktoretza-tesiren zuzendaria izan da (2013an, 2016an eta 2017an).
Gizarte politikak hobetzeko asmoa duten erakunde publikoekin eta irabazi asmorik gabeko entitateekin izandako kolaborazio kopuru handiak argi uzten du Unibertsitatearen proiekzio sozialarekin duen konpromisoa. Zehazki, autonomia-erkidegoetako eta toki entitateetako 16 proiektutan aritu da ikertzaile: “Nafarroako Esklusio Sozialaren kontra borrokatzeko Plana” (1998, 2005), “Nafarroako etxeko laguntzaren ebaluazioa” (2001), “Madrilgo Erkidegoaren Esklusioaren kontra borrokatzeko Plana” (2002), “Nafarroako Gizarte Zerbitzuen Arreta Komunitariorako Plana” (2005), “Nafarroako Esklusio Sozialaren kontra borrokatzeko Planaren Ebaluazioa” (2008), “Errenta Bermatuari buruzko Legea” (2016), “Gizarte Zerbitzuei buruzko Legea” (2016), “Nafarroako Inklusio Plana” (2017), “Madrilgo Udalaren Gizarte Zerbitzuentzako Aholkularitza” (2018), “Iruñeko Udalaren Gizarte Zerbitzuen Berrantolamendua” (2018-19). Bestetik, irabazi asmorik gabeko zenbait entitaterentzat aritu da kolaboratzaile gisa: “la Caixa” Gizarte Ekintza, Foessa (Espainiako Caritasen Ikerketa Fundazioa) eta Garapenerako Banku Iberoamerikarra. Nabarmentzekoa da nazioartean eta Espainian egindako konparazio ikerketa batzuetan koordinatzaile gisa egindako lana: “Gizarte-babesean diren erronka aldakorretarako erantzun instituzionalak” (Banku Iberoamerikarra, 2015), “Krisia eta Gizartearen haustura Europan” (Caixa, 2012), “Espainiako Esklusio Sozialari buruz Foessa Fundazioak egindako txostenak” (2008, 2011, 2014, 2019).
Bestetik, laguntza eman die zenbait administrazio publikori esku-hartze sozialerako profesionalentzat prestakuntza-ekintzak diseinatzeko lanean. Honakoon gidari ere ibili da: Familia, Haur eta Nerabeekiko Esku-hartze Sozialeko Espezializazio Diploma (2016), Oinarrizko Laguntzako Gizarte Zerbitzuen Kudeaketako Aditua (2016-2017), Harrera, Haurtzaroa, Gizarteratzea eta Autonomia arloetako espezializazio ikastaroak Oinarrizko Laguntzako Gizarte Zerbitzuentzat (2018-2019). Kolaboratzaile ibili ohi da Nafarroako Segurtasun Eskolan eta Tuterako, Atarrabiako eta Barañaingo Gizarte Eskoletan.
2015az geroztik, prestakuntzan diren ikertzaile asko duen ikerketa-talde baten zuzendari dabil.
Eskarmentua du unibertsitatearen kudeaketan, Gizarte Laneko dekanordea izan baita (2004-2008, 2008-2012), bai eta Soziologiako eta Gizarte Laneko Saileko idazkaria ere (2018-2019). 2014az geroztik Herritartasunari, Bizikidetzari eta Pluralismoari buruzko Unesco Katedraren zuzendaria izan da, eta ordutik hona Nafarroako gizartearentzako zabalkuntza eta prestakuntza jarduera ugari bultzatu ditu. Halaber, 2016. urtetik, irakasleen ebaluaziorako gizarte zientziei buruzko D18 batzordeko kidea da ANECAren ACADEMIA programan.
Arloetako zuzendariak
Lucía Martínez Virto
Tel: 948 16 8462
Helbide elektronikoa: area.accionsocialeigualdad@unavarra.es
Lucía Martínez Virto (Faltzes, 1985) Gizarte Lanean diplomaduna da (2006), Gizarte Ongizatean masterduna (2008), aditua Generoan (2019) eta doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2013). Gizarte Lanaren eta Gizarte Zerbitzuen arloan aritzen da 2009. urteaz geroztik. Lehenik, doktoretza aurreko prestakuntzaldiko ikertzaile Alterren taldean (2009-2013), doktoretza ondoko ikertzaile (2014), irakasle elkartu (2013-2014 ikasturteetan), irakasle laguntzaile doktorea (2014-2018) eta egun kontratupeko irakasle doktorea (2018tik gaur arte).
Urte hauetan, inklusio politiken, gizarte lanaren eta zerbitzu sozialen esparruan espezializatu da, eta arlo horietan ikerketa eta irakaskuntza ibilbide luzea egin du pixkanaka. 24 ikerketa kontratu eta proiektu baino gehiagotan parte hartu du ikertzaile gisa. Zehazki, ikertzaile aritu da bi europar proiektutan, MINECOk finantzatutako lau I+G proiektutan, eskualdeko mailako bi I+G proiektutan -horietako batean ikertzaile nagusi-, eta zenbait OTRI kontratutan -horietako zazpitan ikertzaile nagusi-. Horien artean nabarmentzekoak dira Nafarroako Inklusio Plana (2017), Iruñeko Udaleko Zerbitzu Sozialetako lehen mailako arretako eredu berriaren ebaluazioa (2018) edo Espainiako gutxieneko diru-sarreren sistemaren berrikusketa (MSSSI eta EB, 2016). CIPARAIIS Katedrako ikertzailea ere izan da, eta aktiboki parte hartu du Nafarroako pobreziari eta gizarte bazterketari buruzko bere bi txostenetan (2012, 2015). Unesco Katedrako kidea ere bada, biak ereduzko zentroak Nafarroan proiekzio eta ekintza sozialean.
Hau da ikerketa-jarduera horren emaitza: aldizkariko 20 artikulu, gonbidatutako 2 artikulu, working paper bat, egiletza bakarreko liburu bat, 4 eskuizkriburen egiletza beste batzuekin batera, eta liburuko 15 kapitulu. Hizlari gisa parte hartu du, halaber, nazioarteko 15 ekitalditan (workshopak eta biltzarrak), hiru panel koordinatu ditu estatu biltzarretan eta 12 hitzaldi egin ditu nazioko eta autonomia erkidegoetako biltzarretan. Bestalde, zabalkunde eta transferentzia lanetan ere asko aritua da: 21 hitzaldi egin ditu jardunaldi edo ekitaldi espezializatuetan, 6 lurralde batzordetan parte hartzen du Gizarte Lanaren eta Gizarte Zerbitzuen arloko aditu gisa eta gizarte ekintzara orientatutako 9 bilkura edo bilera zientifiko antolatu ditu Nafarroan. Azkenik, ikerketako eta irakaskuntzako zenbait egonaldi egin ditu herrialde hauetan: Kent-Erresuma Batua, Turkia, Portugal, Peru, Hungaria eta Herbehereak.
Irakaskuntza arloan, eskolak ematen ditu 2012tik Gizarte Laneko Graduan eta Esku-hartze Sozialeko Masterrean. Familia, Haur eta Nerabeekiko Esku-hartze Sozialeko Espezializazio Diplomaren koordinatzailea izan da (2016-2018), eta egun diplomaren zuzendari akademikoa da (2019). Eotvos Lorand Unibertsitatearekin (Budapest, Hungaria) eta Perugiako Unibertsitatearekin (Italia) antolatzen diren mugikortasunen arduraduna da. Beste unibertsitate batzuetan masterreko eskolak ere ematen ditu, eta gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktoretza tesi bat zuzendu ditu (2017)
Gurutze Pérez Artieda
Tfno: 948 16 9302
Helbide elektronikoa: area.culturaydivulgacion@unavarra.es
Gurutze Pérez Artieda (Iruñea, 1971) Industria Ingeniaritzako lizentziatua eta doktorea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hiru urtez, material metalikoen arloko ikertzaile gisa aritu zen lanean Nafarroako zentro teknologikoetan, eta 2002an irakasle laguntzaile hasi zen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Orduz geroztik, NUPen dihardu, eta, gaur egun, unibertsitateko titularra da Fabrikazio Prozesuen Ingeniaritzaren arloan.
Ingeniaritzako zenbait titulaziotan eman ditu eskolak, besteak beste Industria Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko graduetan, baita Industria Ingeniaritzako eta Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako masterretan ere, eta zuzendari aritu da titulazio horietako ikasketa amaierako lan askotan. 2012. urtean, NUPeko Irakasleen Bikaintasunaren Saria irabazi zuen. Hezkuntza berrikuntzaren inguruko biltzarretan (IEEE EDUCON, FIE, FECIES, CUIEET), hamasei hitzaldi eman ditu.
Ikerketari dagokionez, ITF taldeko kide da (Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena) eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea. Honako hauek ditu ikerketa-ildo nagusiak: gainazalen tratamendu eta estaldura, materialen optimizazioa ingeniaritzako aplikazioetarako, eta eroankortasunaren eta kontaktuko erresistentzia termikoaren ikerketa termoelektrizitatean. Finantzaketa publikoko hamasei ikerketa-proiektutan eta finantzaketa pribatuko beste seitan hartu du parte, hamabost artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkerietan, eta hogeita lau hitzaldi eman ditu nazioarteko biltzarretan. Horietako batean, gainera, 2017ko Poster Onenaren Saria eman zioten (36th. International Conference on Thermoelectrics).
Kudeaketa-lanari dagokionez, Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoaren zuzendariordea izan da (IITIGMET, 2008-2014), bi titulazioren koordinatzailea, IITIGMETeko Eskola Batzordeko kidea, eta lau titulaziotako ikasketa-planak egiteko lantaldeetako kidea. Bestalde, Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saila zenaren zuzendariordea ere izan da (2016-2018), Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterraren idazkaria (2015-2019) eta gaur egungo Ingeniaritza Sailaren zuzendariordea (2018-2020).
Azken urteetan, zientzia dibulgatzeko eta zabaltzeko jardueretan ere hartzen du parte, esaterako “Yo quiero ser científica” antzezlanean eta “Ciencia y Misterio” sailean. Kolaborazioak egiten ditu komunikabideetan, besteak beste prentsan, irratian, podcastetan eta bestelako ekimen batzuetan, Zientziaren Asteetan adibidez. Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteko kide da (AMIT), eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendaria.