Antolamendua
Errektoreordetzak
Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordea
Jorge Elso Torralba
Tel: 948 16 9263
Helbide elektronikoa: vicerrectorado.internacionalizacion@unavarra.es
Jorge Elso Torralba (Iruñea, 1979) industria ingeniaria da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2005), eta Ingeniaritzan doktorea unibertsitate horretan bertan (2012).
Sistemen Ingeniaritza eta Automatika arloan dihardu irakasle, NUPeko Ingeniaritza Sailaren barrenean, non irakasle elkartu, irakasle laguntzaile doktore eta, 2018az geroztik, kontratupeko irakasle doktore aritu baita. 2016. urtean NUPeko Irakasleen Bikaintasun Saria irabazi zuen. Certificate of Proficiency in English ziurtagiria dauka, eta ingelesez irakasten du gehienbat. Karrera amaierako 8 proiekturen eta ikasketa amaierako 6 lanen zuzendari izan da.
2012an eta 2013an kontratupeko ikertzaile aritu zen Euskal Herriko Unibertsitateko “Sistema Adimendunak eta Energia” ikerketa-taldean. Era berean, bi ikerketa-egonaldi egin ditu Clevelandeko Case Western Reserve Unibertsitatean (Ohio, AEB).
Bere ikerketetako aztergai nagusia kontrol sendoa izan da, hain zuzen nola aplikatzen den parametro banatuak dituen aldagai anitzeko sistema ez-linealetan. Berrelikadura kuantitatiboaren teorian edo QFT delakoan kokatzen dira bere ekarpen nagusiak. Hamar artikulu argitaratu ditu nazioarteko zenbait aldizkaritan, eta beste hainbeste ekarpen egin ditu biltzarretan. Gainera, bi doktoretza-tesi gidatzen ari da une honetan.
2013az geroztik lankidetza estua mantentzen du sektore eolikoko zenbait enpresarekin, hain zuzen turbinen kontrol sistemetan teknika sendoak aplikatzera eta lortzen zailak diren aldagaiak kalkulatzeko algoritmoak diseinatzera bideratua. Era berean, mintegien eta prestakuntzako ikastaroen bitartez, enpresa horietako ingeniarien etengabeko prestakuntzan aritu da. Jarduera horiek guztiek transferentziako 13 kontratu eragin dituzte guztira. Bestalde, doktoretzaren aurreko pretakuntzaldian bekadun aritu zenean, bi CICYT proiektutan parte hartzeko aukera izan zuen, baita transferentziako zenbait kontratutan ere Europako Espazio Agentziarekin eta SENER enpresarekin.
Kudeaketaren arloan, berriz, Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko Nazioarteko Harremanetako zuzendariordea izan da 2016ko ekainetik 2019ko ekainera bitartean. Hala, aldi horretan, jarduera hauek dira nabarmentzekoak: nazioarteko praktiken programa TIIGMETen mugikortasun globalerako deialdian integratu du; nazioarteko programak abiarazi ditu bai Industria Teknologietan, bai Telekomunikazio Ingeniaritzan eta bai Ingeniaritza Informatikoan; mugikortasunerako 15 hitzarmen berri sinatu ditu; Erasmus+ Medsol proiektua gauzatu du TIIGMETen, eta 4.0 Industria Katedra sortu du, Nafarroako Industria Graduatu eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak finantzatua (CITI Navarra), zeinek aukera eman baitu lehenbiziko aldiz energia berriztagarriei buruzko Study Abroad udako ikastaroa egiteko TIIGMETen, Kentuckyko Unibertsitateko ikasleei zuzendua eta CITI Navarrarekin eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin lankidetzan antolatua.
Arloetako zuzendariak
María Jesús Campión Arrastia
Tel: 948 16 9263
Helbide elektronikoa: area.internacional@unavarra.es
María Jesús Campión Arrastia Ekonomia eta Enpresarako Metodo Kuantitatiboen arloko irakasle titularra da NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Sailean. Matematika Zientzietako sari bereziarekin lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean, eta NUPen egin zuen doktoretza Ministerioaren doktoratu aurreko beka bati esker (FPU). NUPen hasi zen irakasle lanetan, eta egonaldiak egin zituen Espainiako eta atzerriko beste unibertsitate batzuetan, esaterako Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean. Azken unibertsitate horretan, bitarteko titularra izan zen Analisi Matematikoko Sailean.
Irakasle lanetan aritzeko prestatu da hainbat ikastaro eta jardunalditara joanez, eta horri esker etengabe eguneratu da. Hezkuntza-berrikuntzako zenbait proiektutan parte hartu du eta burua izan da. Egun, eskolak ematen ditu NUPen gaztelaniaz eta ingelesez.
Europako eta Espainiako deialdietako ikerketa-proiektuetan parte hartu du. Matematikan, ekonomia matematikoan, psikologia matematikoan, matematika aplikatuan, adimen artifizialean eta hezkuntza berrikuntzan espezializatutako argitalpen eta aldizkari ugariren egilea da. Gainera, ekarpen ugari egin ditu hainbat biltzarretan, eta hitzaldiak eman ditu zenbait unibertsitatetan.
Kudeaketa lanari dagokionez, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Nazioartekotzeko eta Lankidetzako dekanordea izan zen 2015etik 2024ra bitartean.
.