Unibertsitatea
Historia
Honoris causa doktoreak
Inbestidura eguna: 2021eko abenduaren 10a
Juan Ramón Cuadrado Roura (Girona, 1938) Alcalá de Henareseko Unibertsitateko ohorezko irakaslea eta Camilo José Cela Unibertsitateko doktoretza programaren zuzendaria da (biak Madrilen), eta “honoris causa” doktorea Málagako, Jaéngo eta Granadako unibertsitateetan eta Mexikoko Unibertsitate Autonomoan eta Ekuadorreko Unibertsitate Tekniko Partikularrean ere. Irailean, Regional Science Association International elkarteko “fellow” izendatu zuten.
Juan Ramón Cuadrado Rourak 62 liburu eta monografia baino gehiago idatzi ditu Espainiako eta nazioarteko argitaletxe ospetsu askotan; ikertzaile nagusi gisa jardun du nazioarteko, nazioko eta eskualdeko erakunde publikoek eta Espainiako erakunde pribatuek finantzatutako 39 ikerketa-kontratutan; lan bera egin du erakunde nazional eta nazioartekoei lotutako beste 27 proiektutan; 40 doktoretza-tesi baino gehiago zuzendu ditu, bakarrik nahiz lankidetzan; eta aditu, aholkulari eta kontseilari gisa jardun du ELGAn (OCDE), Europako Batzordean, Munduko Bankuan, Garapenerako Banku Interamerikarrean eta Asian Development Bank erakundean, esaterako, baita Espainiako, Portugaleko eta Italiako gobernuetan eta Espainiako hainbat autonomia-erkidegotan ere. Horrez gain, Espainiako eta nazioarteko aldizkari zientifikoetako dozena bat erredakzio-kontseilutan hartzen du parte, eta ebaluatzaile aditua da aldizkari horietako zenbaitetan.
Katedradun ospetsua Ekonomia Zientzietan doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1970), eta Politika, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen unibertsitate horretan bertan. Bere ikerketa-ildoak honako hauek dira: Europar Batasuneko politika ekonomikoa, ekonomia eta politikak; eskualdeetako eta hirietako ekonomia eta politika; zerbitzuen sektoreko ekonomia eta politika; hazkunde ekonomikoa; kontabilitate ekonomikoa, eta errentaren banaketa, konbergentzia eta horrekin lotutako proiektuak. Espainiako trantsizio politikoan Garraio, Turismo eta Komunikazio Ministerioko idazkari nagusi izan zen 1982 eta 1986 artean. Ondoren, Espainiako Pribatizazioen Aholku Kontseiluko kide eta presidente izan zen.
Akademiko konprometitua, erreferentea eta gertukoa
“Honoris causa” doktore izendatzeko proposamenean, katedradunaren “ibilbide profesional bikainaz” bestalde, NUPeko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak azpimarratu egin du erreferentziazko maisua izan dela unibertsitateko beste irakasle batzuentzat, eta, ezagutzaz gain, “esparru akademikoan oso beharrezkoak diren balio eta jarrerak transmititu dituela, hala nola, exijentzia, zintzotasuna, ongi egindako lanarekiko gustua, adiskidetasuna, irakaslanerako eta ikerkuntzarako seriotasuna, jakin-min intelektuala edo etengabeko ikaskuntza”. Gainera, nabarmentzekoa da duela lau hamarkada aitzindari izan zela eskualdeko ekonomian, Alcaláko Unibertsitateko Ikerketa Ekonomiko eta Sozialeko Unibertsitate Institutuaren sorreran, input-output analisiaren esparruko lan enpirikoen garapenean edo Europar Batasunari buruzko analisian. Cuadrado Roura irakasleak arlo horietan egindako ekarpenek “zalantzarik gabeko aitorpen nazionala eta nazioartekoa dute, eta bere lidergo intelektuala aintzatetsi izan da”, proposamenean agerian gelditzen denez. Halaber, nabarmentzekoa da “Espainiako ekonomialariak nazioartean baloratuak eta aitortuak izan daitezen agertu duen kezka”.
“Honoris causa” doktore berriaren merezimendu akademikoak eta profesionalak alde batera utzita, Fakultateak azpimarratu du “laguntzeko eta lankidetzan aritzeko etengabeko prestasuna” izan duela, bai eta “hurbiltasuna eta afektua” ere: “Juan Ramón beti egon da prest laguntza, iritzi edo aholku eske joan garen irakasleen garapen eta aurrerapen akademikoari ekarpenak egiteko”, dio testuak.
Inbestidura eguna: 2017ko azaroaren 7a
Marysa Navarro Aranguren (Iruñea, 1934) Historiografia feministan eta Latinoamerikako emakumezkoen eta, bereziki, Eva Perónen historian espezialista da. Columbiako Unibertsitatean doktoratu zen Historian, eta Estatu Batuetan egin zuen karrera akademiko osoa; besteak beste, unibertsitateko irakasle izan zen zenbait hamarkadaz.
Marysa Navarroren ibilbidea ez da ezaguna bere sorterrian, Nafarroako hiriburuan sortu arren, Espainiatik kanpo bizi izan baita gehienbat. Historialariaren familiak erbesteratu egin behar izan zuen Gerra Zibilean arrazoi politikoengatik; izan ere, haren aita Vicente Navarro Ruiz (Cárcar, Nafarroa, 1887 - Montevideo, Uruguai, 1964) militante errepublikarra zen, Agoitzen eta Faltzesen aritu zen maisu, eta Lehen Hezkuntzako ikuskatzaile izan zen II. Errepublikan.
Haurtzaroa Frantzian eta nerabezaroa Urugain pasatu ondoren, Estatu Batuetara joan zen Columbiako Unibertsitatean (New York) ikasteko beka bati esker. Han, Historiako master bat eta doktoretza bat egin zituen. Zenbait hamarkadaz aritu zen unibertsitateko irakasle, batez ere, Darmouth Collegen. Erretiroa hartu zuenean, Ingalaterra Berriko unibertsitate horrek katedradun emeritu izendatu zuen, 42 urtez irakasle-lanetan jardun ondoren.
"Evita"-ren biografia bat idatzi zuen
Marysa Navarroren ikerketa-gaiak historiografia feminista berria eta Latinoamerikako emakumeen historia, bereziki, XX. mendekoa izan dira. Interes horrek Eva Perón ikertzera bultzatu zuen, eta, 1983an hari buruzko biografia, “Evita”, argitaratu zuen, zeina behin baino gehiagotan berrargitaratu baita orduz geroztik.
Marysa Navarro irakasle bisitaria izan da bost herrialdetako (Espainia, Estatu Batuak, Mexiko, Erresuma Batua eta Uruguai) zenbait unibertsitatetan, eta LASA Latinoamerikar Ikasketen Elkarteko presidente ere bai. Hori dela eta, begirale gisa parte hartu zuen Esquipulasko II. Bake Akordioetan (1987an sinatu ziren), zeinek amaiera eman baitzieten Erdialdeko Amerikako gatazka armatuei.
Ibilbide profesionalean, zenbait sari jaso ditu historialariak, besteak beste, New Hampshireko Unibertsitateko ikertzaile gorenaren saria (“Distinguished Woman Scholar”, ingelesez), Buenos Aires Hiriko bisitari gorenarena eta “Elizabeth Howland Hand-Otis Norton Pierce Award for Outstanding Undergraduate Teaching” saria, Dartmouth Collegen irakasle bikaina izateagatik.
Marysa Navarrok hainbat ikerketa-beka irabazteko merezimenduak egin ditu. Azkena 2009an, erretiroa hartu baino urtebete lehenago, Harvard Unibertsitateko David Rockefeller Latinoamerikako Ikasketen Zentroak eman zion, eta historialariaren egonaldia luzatu zuen ikertzaile egoiliar (“Resident Scholar”) titulua emanez.
Gaur egun, Estatu Batuetan bizi da, eta egonaldi luzeak egiten ditu Argentinan eta Uruguain. Azken urteetan, maiz bidaiatzen du Espainiara, nazionalitate bikoitza baitu, espainiarra eta estatubatuarra.
Inbestidura data: 2016
Miguel de la Quadra Salcedo Madrilen (1932-2016) jaio zen, baina 4 urte zituela Iruñera etorri zen. Nekazaritza ingeniari teknikoa ikasi zuen, nahiz eta berehala nabarmendu atleta moduan. Hainbat nazio-errekor lortu zituen mailu, disko eta xabalina jaurtiketan, eta Erromako Joko Olinpikoetan parte hartu zuen 1960. urtean. Urtebete geroago, menturazalea baitzen, Amazonaseko oihanera joan zen, eta han etnobotaniko lana egin zuen Kolonbiako Gobernuarentzat, Bogotako Museo Antropologikoan. Han egon zen artean argazki-material baliotsua bildu zuen, eta horri esker, Espainiara itzuli zenean, Espainiako Telebistak kontratatu zuen kazetari-lana egiteko.
Lehen kazetari-lanak Kongoko gerrara eraman zuen. Herrialde hartan hiltzeko zorian egon zen, 300 gatiburen fusilamendua filmatu zuelako. Bizitza mirariz salbatu eta gero, telebista-berriemaile ibili zen mundu osotik zehar, arrakasta handiz. Sari asko irabazi zuen bere erreportajei esker: Pueblo Kazetaritza Saria, "Hiru urte Amazonasen" lanarengatik; Telebista Sari Nazionala "Managua eta lurrikara" lanarengatik; TBko Kritika Nazioarteko Saria Cannesen, "Che Guevararen heriotza" lanarengatik; eta Montecarloko Telebista Nazioarteko Saria, "Eritrearren martxa luzea" lanarengatik.
Quetzal Ibilbidearen aitapontekoa
Baina telebistako erreportajeengatiik ez ezik, Miguel de la Quadra Salcedo denon gogoan dago Quetzal Ibilbidearen aitapontekoa izan zelako. Juan Carlos erregeak berak eskatu zion Amerika deskubritu zeneko bosgarren urteurrena ospatzeko balioko zuen ekitaldiren bat antolatzeko, Hispanoamerikarekiko loturak estutzeko, eta orduan Miguel de la Quadrak proiektu hura asmatu zuen. Programa hau jaio zen 15 eta 16 urteko gazteen artean herrialde hispano guztiek, Brasil eta Portugal ere barne, osatzen duten nazio iberoamerikarren komunitatearen oinarriak tinkoagotzeko. 1992an amaitu zen lehen aldi batean, espedizioek, denak "Abentura 92" izenarekin ezagutuek, helburu nagusi bat betetzen dute: Amerika deskubritu zeneko V. Urteurrenaren ospakizuna prestatzea.
1992ko urteurren-ospakizuna bete eta gero, eta gaur arte, programa Quetzal Ibilbidea izatera pasatu zen, eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetza Ministerioak bultzatzen du, Nazioarteko Lankidetza eta Iberoamerikarako Estatu Idazkaritzaren bidez, BBVAren babesarekin.
Hogeita hamar edizio egon dira, eta Europako eta Amerikako ia 9.000 gaztek parte hartu dute. Programaren bidez, bereetatik oso urruti dauden beste kulturen giza, geografia eta historia aldeak ezagutu ahal izan dituzte, esaterako Mediterraneoko zibilizazio zaharrak edo kultura prekolonbinoak.
Quetzal Ibilbidea prestakuntza-esperientzia bakana da, zeinean parte-hartzaile gazteek beren ezagutzak handiagotzen baitituzte diziplina akademiko askoren bidez, baina ez hori bakarrik; gainera, tresna eraginkorra da gazteak sentsibilizatzeko ingurumenaren defentsaren alde eta nazioarteko lankidetzaren aldeko espiritua garatzeko, gazteei eskatzen zaielako bisitatzen dituzten herrialdeei arretaz beha diezaieten, aberastasunetik eta pobreziatik harago doan balio-eskala berri eta errealago bat sortzeko asmoz.
Espedizioa, 1990etik, UNESCOk "Interes unibertsalekoa" aldarrikatu duen kultur programa da, eta horregatik, azken edizioetan hainbat jarduera egin izan ditu. Espedizioen protagonista diren herrialdeetako gobernuek "Interes nazionalekoa" dela aldarrikatu dute.
Quetzal Ibilbidearekin batera ikasketa programa akademiko bat ematen da. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak koordinatzen du programa, eta espedizioen protagonista diren herrialde iberoamerikarretako unibertsitateek laguntzen dute.
Sariak eta aitorpenak
Quetzal Ibilbidearen zuzendariak, Miguel de la Quadra Salcedok, aitorpen asko jaso ditu bere lanarengatik. Esaterako, 2007an Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Komunikazio Zientzien Fakultateak Itaca Saria eman zion, kazetaritzaren alorrean eduki duen ibilbidearengatik, gazte latinoamerikarrak prestatzeko egin duen lanarengatik eta Amerikako eta Espainiako zibilizazioei buruzko ezagutzak transmititzeko egin duen ahaleginarengatik.
Nafarroako Gobernuak Carlos III.aren Gurutzearen domina eman zion 2009an, publikoki eskertzeko Nafarroako aurrerapenari eta Foru Komunitatearen kanpo-proiekzioari egin dien ekarpena.
Azkenik, Hezkuntza eta Askatasuna Europako Fundazioak 2013an saritu zuen programak 30 urte baino gehiagoan egin duen lanarengatik. Epaimahaiak nabarmendu zuen, batez ere, programak egin dituen hezkuntza lana eta kultur-trukaketa, Amerikako herriek eta Espainiako herriak elkar uler dezaten eta batu daitezen.
Inbestidura eguna: 2014ko abenduaren 11
Adolfo Eraso Romero (1934-2021) Kimika Zientzietan litzenziadun titulua eskuratu zuen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1957). Bertan erdietsi zituen baita ere Hidrogeologia Orokor eta Aplikatuan diplomadun (1967), Geomorfologia Aplikatuan diplomadun (1974) eta Neurri-Sistema Analogikoetan diplomadun (1974) tituluak. 1975. urtean Geologian doktore egin zen, eta aparteko saria jaso zuen unibertsitate horretan bertan.
Akademikoa izan zen New Yorkeko Academy of Sciences akademian 1994. urtetik, eta Russian Academy of Natural Sciences akademian kide onartutako lehen espainiarra (2002). Bere ibilbide profesional luzean hainbat sari eta aitorpen jaso zituen, horien artean Espainiako Mendiko Federazioaren Urrezko Domina (1977), Sociedad Espeleológica de Cuba elkarteko ohorezko kide (1983), Espainiako Olimpiar Batzordeko kide (1984-1993), UIS Nazioarteko Espeleologia Batasuneko ohorezko kide (1986) eta Oviedoko Unibertsitateko Domina (1994). Nafarroan Urteko Lizarrako Ohorezko izendatu zuten (1994) eta Nafar Ateneoaren domina jaso zuen (1995).
Glaziarrak eta klima-aldaketa
Bere ikerketa-lerro nagusiak petrolio indusketak, geologia aplikatua eta geoteknia, hidrogeologia aplikatua eta ingurumena, prozesu fisiko-kimikoak naturan eta glaziologia izan ziren; azken diziplina honetan aditu entzutetsua da mundu mailan, egin zituen azterketa lanengatik glaziarren azpiko drainatzeari, glaziarren erregresioari eta aldaketa klimatikoan haren eraginei buruz.
Adolfo Eraso GLACKMA Proiektuaren zuzendarikidea izan zen Carmen Domínguezekin batera 2001. urtetik. Izan ere, programa horrek glaziarrak erabiltzen ditu berotze globalaren bilakaeraren sentsore natural moduan. Lan horrengatik Sociedad Geográfica Española elkartearen Sari Nazionala jaso zuen.
500 artikulu zientifikoren egilea nazioko eta nazioarteko zenbait aldizkaritan, eta 300 txosten profesionaletik gora egin zituen hainbat enpresatarako eta hogei bat liburu beste egile batzuekin lankidetzan. Eraso doktoreak "Método de Predicción de las Principales Direcciones de Drenaje en el Karst y Otros Medios Anisotrópicos" (1985-1986) lana idatzi zuen, 100 aldiz baino gehiagotan aplikatu dena Europako, Latinoamerikako, Afrika Iparraldeko, Ekialde Hurbileko, poloetako eskualdeetako eta Txinako hainbat lekutan. Gaur egun, metodo hau ematen da Toulouseko Institutu Politeknikoan (Frantzia) eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.
Aipatu behar da mendizale eta espeleologo aditua izan zela eta Espainiako Olinpiar Batzordeko kirolari moduan, lehenbizikoetako bat izan zela San Martingo siman sartzen eta hura aztertzen. Nafarroako ia leize guztien mapa karstikoak egin zituen, bere zaletasunak zientzia eta kirolarekin uztarturik.
Inbestidura data: 2014ko martxoaren 6a
Enric Trillas Ruiz logika lausoan aritzen den lehenengo europarretakoa da. Ikerketa-esparru honetan egindako aurrerapenak bereziki baliagarriak dira adimen artifiziala garatzeko, zientzialariek diseinatutako eredu teorikoei esker, makinek informazio zehazgabea erabili, eta erabakiak hartzen baitituzte gizakiaren garunak egingo lukeenaren oso antzera. Esaterako, aurrerapen horiei esker, ikuzgailu automatiko batek behar bezala aukeratzen du programa arropek daukaten zamaren, zikinkeriaren eta ezaugarrien arabera.
Bartzelonako Unibertsitatean ikasi zuen, eta bertan lizentziatu zen 1964an eta 1972an doktoregoa lortu zuen Zientzietan (Matematika sailean). 1974an, oposizioaren bidez, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko katedradun postua lortu zuen, eta erakunde horretan hainbat kargu akademiko izan zituen, esaterako Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariordea, Informatika Fakultateko dekanordea, Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea (1980-1982) eta Unibertsitate Zabalpenerako errektoreordea (1982-1983).
1989an Madrilgo Unibertsitate Politeknikora lekualdatu zen, non Informatika Fakultateko Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifizialeko Katedraz jabetu baitzen 1990ean. Han Adimen Artifizialeko Sailean lan egin zuen 2006ra arte.
Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) burua izan zen 1984tik 1988ra; Teknika Aeroespazialeko Institutu Nazionaleko (INTA) zuzendari nagusia eta zuzendariordea 1989tik 1995era; Ikerketa Zientifiko eta Teknologikorako Plan Nazionalaren idazkari nagusia eta Zientzia eta Teknologiaren Ministerioarteko Batzordearen idazkaria, 1995etik 1996era; eta Ingeniaritza Aeroespaziala eta Zerbitzuak (INSA) enpresako burua.
200dik gora argitalpen eta artikulu zientifiko-teknikoren egilea da, 16 doktoretza-tesi zuzendu ditu, eta 20tik gora tesina eta karrera-amaierako proiektu. Bere liburuen artean nabarmenak dira: “Multzo lausoak” (1980), “Logika lausorako sarrera” (1995), “Logika lausoko lehen ikasgaiak” (1998) eta “Adimen artifiziala: makinak eta pertsonak” (1998), azken hau, dibulgazio zientifikokoa.
Horiez gainera, logika lausoaren esparruan ematen diren hiru sari garrantzitsuenak eman dizkiote: “Pioneer Award", European Society For Fuzzy Logic and Technologies-ena (EUSFLAT), 1999an; “Fellow” izenekoa, International Fuzzy System Association-ena (IFSA), 1999an; eta “Fuzzy Systems Pioneer Award”, IEEE Computational Intelligence Society-rena, 2005ean.
Inbestidura data: 2011ko apirilaren 8a
Agustín González Acilu (1929-2023) XX. mendeko hirurogeiko hamarkadan Espainiako musikak izan zuen berritzaile garrantzitsuenetakotzat jotzen dute. 51eko belaunaldia izenarekin ezagutzen diren konpositoreak –eta haien artean Acilu- agertzea urrats erabakigarria izan zen garai hartan Espainian egiten zen musika Europako konposizio estetiketan sartzeko.
González Acilu Altsasun jaio zen, 1929an. Herri horretan hasi zituen musika ikasketak, Luis Tabernarekin batera, baina laster Iruñera joan zen eta han Fernando Remacha kopositoreak, orduan Pablo Sarasate Konsterbatorioko zuzendaria zenak, altsasuarraren ahalmen sortzailea ikusi zuen eta laguntza eskaini zion. Geroago Madrilera joan zen, ikasketak Goi Mailako Musika Kontserbatorioan jarraitzeko. 1960an “Carmen del Río” beka lortu zuen, San Fernandoko Arte Ederren Akademiak emana, eta urte berean ikerketa lan bat egin zuen, XVII. mendeko nafar konpositoreei buruzkoa, Nafarroako Foru Diputazioaren eskariz.
Handik gutxira, nafar konpositorea Europako bizitza musikalean sartu zen, lehenbizi Parisen, Vianako Printzea Erakundeko bekadun gisa, eta geroago. Venezian, Italiako gobernuaren beka baten bidez, “Vacance Musicali” izenekoan konpositore gisa parte hartzeko. Europan izan zuen musika prestakuntza Erroman, Venezian eta Darmstadten (Alemania) egindako konposizo ikastaroekin osatu zuen.
Konposizioa, ikerketa eta irakaskuntza
González Aciluren lana aurrerakinik gabeko kasua da musika hizkuntzari aplikatzen zaion hizkuntzen ikerketaren arloan. 1966an, jadanik, ikerketa lanak egin zituen Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluan (CSIC), bere lan bikainenetako batzuen testuen azterketa fonetikoari eta fonologikoari buruz.
Musikari altsasuarraren lan pedagogiko garrantzitsuak eragin nabarmena izan du, era berean, bere gidaritzapean prestakuntza sendoa lortu zuten hainbat konpositorengan. Haietatik aipatu behar dira, bereziki, “Iruñeko Taldea" izenak biltzen zituen musikagileak.
González Aciluren irakaslan luzean aipatu behar dira, besteak beste, ondoko hauetan burututakoa: Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan Harmoniako irakaslea, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan “XX. mendeko teknikak" izeneko Konposizio Ikastaroetako irakaslea eta Oviedoko Unibertsitateko Jovellanos Katedrako Ikastaroetako irakasle gonbidatua.
Nafar musikariak, bere musika karrera luzean zehar, sari ugari eskuratu ditu, besteak beste Musikako Sari Nazionala, bi aldiz (1971ean eta 1998an). Bigarren aldi horretan jaso zuen sariak konposizioari bizitza osoan emandako lana eta XX. mendeko musikan bere ekarpenak eduki duen esanahi erreala aitortzen zituen.
2009an Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren Urrezko Domina eman zioten, musikaren munduko pertsonaia esanguratsuei ematen zaiena. Halaber, urte berean, Nafarroako Gobernuak Kulturako Viana printzea Saria eman zion.
Fernando Remacharen heriotzaren XXV. urteurrena zela eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lan bat eskatu zien nafarroako sei konpositoreri, eta haien artean González Acilu zegoen. Konposizioak kontzertu batean estreinatu ziren, joan den azaroan Fernando Remacha Aretoan. Izan ere, neurri handiko gune bereziki egokia da, NUPek garrantzi handiko ekitaldiak egiteko erabiltzen duena, eta 2008ko ekainetik, Tuterako musikariaren izen ofiziala duena.
Inbestidura data: 2010eko apirilaren 23a
Montxo Armendáriz Barrios Olletan (Nafarroa) jaio zen. Berrogeita hamarreko hamarkadan bere familia Iruñera joan zen. Han Armendarizek elektronikako ikasketak hasi zituen, Salestarren ikastetxean. Hirurogeita hamarreko hamarkadan eta laurogeikoaren hasieran, Lanbide Heziketako institutuetan elektronikako irakasle ari zen bitartean, zinemarekiko zaletasunari ekin zion, eta hori film labur batzuetan gauzatu zuen. Horietatik lehena “Barregarriaren dantza” (1979) izan zen; izaera sinboliko lan horrek estrukturalismoaren eragina erakusten du eta, “Ikusmena” (1980) lanak bezala, bere karrera osoan zehar dagoen konstante bat dauka, gizakiaren manipulazioarekiko kezka. Bere lehen bi film laburrei esker, Montxo Armendarizek sari izendunak eskuratu zituen, Kultura Ministerioaren Kalitatearen Sari Berezia edo Bilboko Zinemaldiko Euskal Zinemaren Lehen Saria, esate baterako.
Vianako Printzea Erakundeak , 1981ean, diruz lagundu zion “Nafarroako Ikazkinak” proiektua eta horren emaitza “ariketa dokumental distiratsu” bat izan zen, lanbide zail horretan aritu zirenetik gelditzen ziren azken lekukoei buruzkoa. . Lan hori bere karreraren giltza da, sormen iturria baita “Tasio” (1984) bere lehen film luzerako. Film horrek zirrara sortarazi zuen, edukiaren zorroztasun eta zintzotasunagatik, eta era berean zinemaren baliabideei, elipsiari eta eremutik kanpokoari, adibidez, ateratzen dien onura miragarriagatik. Publikoak eman zion erantzun garrantzitsuari nazioko eta nazioarteko hamarren bat sari gehitu zitzaizkion . Ondotik “27 ordu” (1986) etorri zen, irudiaren eta begiraden ahalmenean eraikitako film ederra. Honek ere, hainbat sari eskuratu zituen. “Alouren gutunak” (1990) filmarekin Urrezko Maskorra eskuratu zuen Donostiako Zinemaldian. Filmak bete-betean ukitzen du arrazismoaren arazoa, egileak berezkoa duen estilo soil eta apalaren erradikalizazioarekin.
“Kronenen istorioak” (1994) lanarekin erregistro aldaketa dator, madrildar lagun talde baten istorioa kontatzeko. Lan hori izan zen, ordura arte, zinema-sarreretan arrakastatsuena. Halaber, kritikaren eta profesionalen aitorpena eskuratu zion egileari, gidoilari gisa bigarren Goya eman baitzioten.
“Bihotzaren sekretuak” (1997) filmarekin bere hasierako zinemara itzuli eta istorio erraz eta ederra burutu zuen, haurtzarotik heldutasunera arteko igarobideari buruzkoa. Filmak Europako Film Onenaren Aingeru Urdina saria eskuratu zuen, besteak beste. Halaber, Espainiko Akademiak hautatu egin zuen Oskar sarirako hautagai, Atzerriko Film Onenaren atalean. Une horretan bere karreraren aitorpenak eta omenaldiak jasotzen hasi zen, horien artean 1998. urteko Vianako Printzea saria edo Espainiako Zinema Saria.
Bere karrerako hurrengo lanak izan ziren “Isiltasun hautsia” (2002), “Agertoki mugikorra” (2003) dokumentala eta “Obaba” (2004). Azken hori Bernardo Atxagaren “Obabakoak” nobelan oinarritu zen, eta berriro bihurtu zuen Oscar sarirako hautagai, ingelesez besteko filmaren atalean. Halaber, New Yorkeko Association of Entertainment Critics elkarteak Film Onenaren sario eman zion, eta Pilar López de Ayalak aktoresa onenaren saria eskuratu zuen film horretan antzeszu zuen paperagatik.
2008an Montxo Armendarizen karreraren aitorpena hainbat saritan islatu zen: Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Sario eman zion eta Fundación de Ayuda contra la Drogadicción delakoak, Zinema Akademiarekin batera, Zinearen eta gizarte balioen saria eman zion “bere konpromiso, independentzia eta originaltasunagatik eta bere erregistro aniztasunagatik errealitatea interpretatzeko eta giza eta gizarte egoerak eta arazoak islatzeko”.
Inbestidura data: 2009ko apirilaren 24a
Richard Serra (1938-2024) Kaliforniako San Francisco hirian jaio zen. Eskultorearen lanari buruzko erakusketa handiak egin dira arte garaikidearen museo garrantzitsuenetan: Parisko Georges Pompidou Zentroa (1983), Londresko Tate Gallery (1992) eta New Yorkeko Arte Modernoko Museoa (1986, 2007). Sarri askotan gonbit egin diote munduko abanguardiako plataforma aipagarrienetan parte hartzeko (Kasseleko documenta, Veneziako Bienala), eta bere lana Europako, Estatu Batuetako, Zelanda Berriko eta Asiako ehunen bat museotan erakusten da. Eskulturaren arloan ematen diren sari handienak jaso zituen; esaterako, Eskulturako Skowhegan Domina (1975), Skowhegan School of Painting and Sculpturek emandakoa (AEB), Eskultura arloko Praemium Imperiale (1994), Japan Art Associationek emandakoa, Eskulturako Urrezko Domina (2001), American Academy of Arts and Lettersek emandakoa.
Akademia hauetako kidea izandakoa: American Academy of Arts and Sciences, American Academy of Arts and Letters eta Akademie der Kunst (Alemania). Horretaz gainera, "Orden Pour le Mérite für Wissenschaften und Künsteko" kide izendatu zuten Alemanian (2002) eta "Commandeur de L’Ordre des Arts et des Lettres"-eko titulua eman zioten Frantzian (2008). Amerikako eta Europako hainbat erakundek emandako aipamenen artean, California College of Arts and Crafts, Nova Scotia College of Arts and Design eta Williams Collegeren (Massachusetts) ohorezko doktoretzak jaso ditu. “Orden de las Artes y las Letras de España” sortu berria jaso zuen joan den abenduan.
Aita Mallorcakoa zuenez, Richard Serrak harreman handia izan du gure herrialdearekin era guztietako ekimen eta proiektuen bidez, zeinei 80ko hamarraldiaren hasieran ekin baitzien, “Correspondencias” erakusketan parte hartu zuelako (1982-83). Erakusketa hori Madril, Malaga eta Bilbon erakutsi zen hurrenez hurren. Erakusketa honetarako, bi lan egin zituen in situ Madrilen eta Bilbon: "Step" (1982) eta "Bilbao" (1983). 1982-84. urteetan, "La palmera" izeneko lan iraunkorra jarri zuen Bartzelonako Plaza de la Palmeran.
Hamarraldi berean, 1986an Reina Sofia Arte Zentroa ireki zela eta, aipatzeko modukoa da "Igual-Paralelo: Guernica-Bengasi" instalazio ikaragarria egiteko eskaera. Zoritxarrez, instalazioa desagertu zen, baina artistak musutruk berriro egin eta joan den urtean jarri zen MNCARSen. Halaber, 1986an berriro egin zuen in situ bere lan adierazgarrienetako bat, "Splashing", oraingoan "Geometriaren eta keinuaren artean. Eskultura iparramerikarra, 1965-1975" erakusketarako (Madril, Velazquezen Jauregia). Beste lan batzuekin ere parte hartu zuen erakusketa horretan.
MNCARSek eta Bilboko Guggenheim Museoak Serraren lanari buruzko erakusketa bana antolatu zituzten 1992 eta 1999an. Lehenengoa atzera begirakoa zen. Guggenheim Museoak berak, 1997an ireki zenean, "Snake" izeneko lan iraunkorra jarria zuen, eta lan haren atzetik, 2005ean, Denboraren materia etorri zen, zortzi piezako monumentu multzoa −aurrekoa barne−, "Richard Serrak espazioaren fisikotasunari buruz eta eskulturaren izaerari buruz egin duen gogoetarik osoena" diotenez.
Aipatzeko modukoa da Richard Serrak Jorge Oteizaren lanaren balioa goraipatu zuela behin baino gehiagotan 1982az geroztik.
Inbestidura data: 2008ko ekainaren 13a
Pedro Miguel Etxenike Landiribar Izaban (Nafarroa) jaio zen 1950eko ekainean, eta Fisika Zientzietan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, Cambridge Unibertsitateko Philosophical Doctor, Fisika Zientzietan doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta Doctor of Science Cambridgeko Unibertsitatean. Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/UHU) egiten du bere irakaslana egun, eta han Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna da.
Zientzialari nafarraren ikerketa-lanaren ardatzak izan dira, batez ere, Partikulen Fisika, eta Kargek eta Erradiazioak Materiarekin duten Elkarrekintza. Itzal handiko aldizkari zientifikoetan 300en bat lan argitaratu ditu gai horiei buruz, eta 26 doktoretza-tesi baino gehiago zuzendu ditu.
Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lehenengo zentro mistoa sustatu eta zuzendu zuen Pedro Miguel Etxenikek, eta Donostia International Physics Center fundazioaren burua da egun. Fundazio hori mundu mailako erreferentzia bihurtu da bere ikerketa-esparruetan. Azkenik, aipatzekoa da, baita ere, Nanogune CIC abian jartzeko egin duen ekarpena. Bazkideen batzordearen burua da. Zentro horrek nanoteknologiaren esparruan punta-puntan dabiltzan laborategiak erakarri nahi ditu.
Izabako fisikariari hainbat sari eta izendapen eman dizkiote egindako ikerlan eta irakaslanagatik, eta horien artean nabarmenenak dira Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturiaseko Printzea Saria (1988), Euskadi Ikerketa Saria (1996), Kulturako Vianako Printzea Saria (1997), edo Euskal Herriko Unibertsitatearen Urrezko Domina (1998) eta Donostiako (2000) eta Nafarroako (2016) Urrezko Dominak.
Inbestidura data: 2007ko apirilaren 27a
José Rafael Moneo Vallés Tuteran (Nafarroa) jaio zen 1937ko maiatzean. Madrilgo Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan egin zituen ikasketak (1961), eta ikasle-garai hartan lankidetzan aritu zen proiektu batzuetan Francisco Javier Sáenz de Oizarekin. 1961ean eta 1962an, Jorn Utzon Sydneyko operako eraikina egin zuen arkitektoaren bulegoan lan egin zuen Hellebaek-en (Danimarka), eta 1963an ikasten segitu zuen Italiako hiriburuan, Erroman, Espainiako Akademiaren beka batekin. 1965ean Espainiara itzuli zenean, Madrilen hasi zen lanean, eta irakaslanean ere bai Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskolan (1966-1970). Konposizio Elementuen Katedra erdietsi zuen 1970ean Bartzelonako Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan, non irakasten aritu baitzen 1980ra arte. Handik aurrera, Madrilgo Goi Mailako Arkitektura Eskolako Konposizio Katedraren ardura hartu zuen 1985era arte.
1976an, Estatu Batuetara gonbidatu zuten, eta New Yorkeko Institute for Architecture and Urban Studies institutuan (1970-77) lan egin, eta, aldi berean, ikastaroak ematen zituen Cooper Union School of Architecture izenekoan. 1985ean, Harvardeko Unibertsitateko Graduate School of Design eskolako dekano izendatu zuten. Horrez gain, bere irakaskuntza-jardueraren barnean sinposio eta hitzaldi ugari eman ditu munduan barrena.
Garatu dituen proiektuen artean aipatzekoak dira Arte Erromatarraren Museo Nazionala Meridan (1980-1986), Espainiako Bankuaren egoitza berria Jaenen (1982-22), Sevillako aireportua (1987-92), Atochako geltokia Madrilen (1985-92), Villahermosako jauregia, Thyssen-Bornemisza bildumaren egoitza (1989-92), Pilar eta Juan Miró Fundazioa Palman (1987-92), Davis de Wellesley College Museoa Massachusettsen (1990-93), Bartzelonako Entzunaretoa (1990), Estockholmeko Arte Garaikideko eta Arkitekturako Museoa (1994), Donostiako Kursaal Entzunareto eta Kulturunea (1995), eta bulegotarako hotela eta eraikina Berlineko Postdammer Platzen (1993). Geroago egindakoen artean daude Houstoneko Arte Ederren Museoa eta Los Ángeleseko katedral berria, Nafarroako Agiritegi Nagusia Iruñean, eraikin berria Sevillako udaletxe izateko edo Prado Museoaren hedapena Madrilen.
Rafael Moneok sari ugari jaso ditu, eta horien artean nabarmena da Arkitekturako Pritzker saria, 1996an eman ziotena, edo Espainiako Gobernuak emandako Arte Ederretako Urrezko Domina. American Academy of Arts and Letters-en Arnold W. Brunner Memorial saria eta Ikusizko arteetako Schock Prize saria, Schock Foundation-ek eta Royal Academy of Fine Arts-ek Suedian emandakoa, ere jaso ditu. 1994ko apirilean, Veneziako Arkitektura Fakultateak “Laurea ad Honorem” bat eman zion. 1996an, Frantziako Arkitektura Akademiak urrezko domina eman zion, eta urte bereko uztailean, Arkitektoen Nazioarteko Batasunaren (ANB) urrezko domina eman zioten. 1998an, Erromako Academia Nazionale dei Lincei delakoaren Feltrinelli saria eman zioten, eta 2003an, Royal Institute of British Architectsen urrezko domina. Testuinguru honetan, Nafarroako Gobernuak ematen duen Kulturako Vianako Printzea Saria eman zioten 1993an, eta Asturiasko Printza Saria 2012an.
Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Erret Akademiako akademiko osoa da (1997tik), eta Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide osoa.
Inbestidura data: 2005eko apirilaren 22a
Enrique Sánchez-Monge y Parellada (1921-2010) irakasleak 1946. urtean bukatu zituen Nekazaritza Ingeniaritzako ikasketak, eta oso laster konbentzitu zen garrantzia handikoa zela Landare Hobekuntza Genetikoa munduko gosearen aurkako borrokan. Hori dela eta, “iraultza berdea” izenekoaren kide egin zen. Iraultza hori hirurogeigarren urteetan gertatu zen, eta horren emaitza izan ziren gariaren eta arrozaren hainbat barietate, zeinei esker bost aldiz ere handitu baitzen kasu batzuetan zereal horien ekoizpena.
Enrique Sánchez-Monje bekadun lanetan hasi zen ikerketan (I947-1949), Portugal eta Suediako estazio esperimentaletan. Oso goiz argitaratu zituen "Nature" aldizkari entzutetsuan bere ikerketaren emaitzak, izenburu honekin: "Two types 01mis-division 01 the centromere". Oposizioz erdietsi ondoren CSIC erakundearen Lankide Zientifiko izateko lanpostua, atalburu izendatu zuten Zaragozako Aula Dei Estazio Esperimentaleko Zerealen Hobekuntzarako Atalerako, eta bere lehen liburua argitaratu zuen, Glosario de términos de genética y Citogenética izenburukoa.
Aula Dei erakundean 1957. urtera arte egon zen, eta garai haietakoak dira Almunia eta Albacete izeneko garagarrak, azken hori garrantzi handikoa gaur egunera arte Espainiako Nekazaritzan, batez ere Gaztela-Mantxako eskualdean; Gigantón izeneko garagarra, Previsión eta Cartuja izeneko oloak, eta San Bruno eta Toroma izeneko gariak, lehenengoa alderdi hotzetarako eta bigarrena Espainiako lehorreko lurretarako. 1955. urtean Zitogenetikari buruzko lehenengo tratatua idatzi zuen eta ikertzaile lanpostua erdietsi zuen CSICn. Urte berean eman zioten Nekazaritza Ikerketaren Nazioko Saria "Catálogo Genético de Trigos Españoles" izenburuko liburua argitaratzeagatik.
1957. urtean Madrilera joan zen Artoa Hobetzeko INIA (Instituto Nacional de Investigaciones Agrarias) Zentroko ikertzaile eta zuzendari izateko. INIAn egin zuen lanaren ondorioz gauzatu ziren kalitate, biokimika, zitogenetika eta fitopatologiako laborategiak, eta hainbat berotegi, zeinetan erdietsi baitziren tritikale berriak eta zereal-lerro hobetu batzuk. Urte hartan ere Ikerketa Zientifiko eta Teknikorako Batzorde Aholkulariak duen Nekazaritza Ikerketarako Batzordeko kide izendatu zuten, eta, halaber, ohiko komendadore Orden Civil del Mérito Agrícola delakoan, eta, gainera, ikerketarako hainbat laguntza izan zituen, besteak beste Rockefeller Fundazioak emandakoa.
Hiru urte geroago Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan Genetika Orokor eta Aplikatuaren katedradun lanpostua hartu zuen, eta erakunde horretan aritu da irakasle “emeritu” gisa, 1998-99 ikasturtera arte. 1963an Genetikako katedra erdietsi zuen, oposizioz ere bai, aldi hartan Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzien Fakultatean.
Hamarraldi horretan Genetika izenburuko liburua argitaratu zuen, alegia, nazioko egile batek idatzitakounibertsitateko lehen testuliburua gai horri buruz, eta gainera "Razas de Maíz en España" izenburukoa (Accesita izan zuena Nekazaritza Ikerketaren Nazioko Sarirako) eta "Diccionario de Genética" izenekoa. Liburu ugari idatzi ditu, eta batzuk hirugarren ediziora iritsi dira, esaterako, "Diccionario de Plantas Agrícolas" (1980) izenekoa, zeinarengatik Nekazaritzako Argitalpenen Nazioko Saria jaso baitzuen. Berriagoak ditu "Diccionario de Agronomía" eta "Flora Agrícola" liburuak.
1968. urtean Zaragozako Zientzien Akademiako kide izendatu zuten, Madrilgo Zientzia Zehatz, Fisiko eta Naturalen Erret Akademiako kide eta Frantziako Academie d'Agriculture delakoaren atzerriko kide. Horretaz gainera, 1973. urtean Genetikako Espainiar Elkartearen sortzailetako bat izan zen, eta elkarteburu 1973tik 1985era arte. 1985etik aurrera Zientzia Zehatzen, Fisikoen eta Naturalen Erret Akademiaren Zientzia Naturalen Ataleko burua izan zen, eta orain zientzia sustatzen eta zabalkundea egiten aritzen da han. 1993. urtean Premio Leonardo Torres Quevedo Ikerketa Teknikoko saria eman zioten, bere karrera trinko eta luzeagatik, eta landareen hobekuntzarako egin duen ekarpenengatik.
Inbestidura data: 2002ko apirilaren 22a
Joseph D. Novak irakasle emeritua da Cornelleko Unibertsitatean (New York, Estatu Batuak), mapa kontzeptual izenekoen sortzailea da, eta bere ikerketa nagusietan arreta jarri du irakaskuntza/ikaskuntza prozesuetan eta jakintzaren sorkuntzan. Horregatik guztiagatik entzute handia du hezkuntzan XX. mendearen bigarren erdialdian eragin handiena izan duen pertsonalitate gisa.
Lan kopuru eskerga idatzi du: 25 liburu, sei monografia eta ehundik gora artikulu. Zientzia eta Matematikan graduduna da, eta doktorea Zientzien eta Biologiaren Didaktikan, eta hainbat sari izan ditu. Novak irakasleak lan profesional egitekotsua izan du Minnesota, Kansas, Purdue, Harvard eta Cornelleko unibertsitateetan, eta orain dela hamaika urtez geroztik harreman handia du gure Unibertsitateko ikertzaileekin. Horren ondorioz, curriculum eta jarraibide materialak sortu dituzte Unibertsitate honetako eta beste batzuetako irakasleek erabiltzeko.
Inbestidura data: 2001eko apirilaren 27a
Ángel Jordán Goñi (Iruñea, 1930 - Estatu Batuak, 2017) Fisika Zientzietan lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean (1952). 1952 eta 1956. urteen bitartean ikerlanak egin zituen serbomekanismoen eta elektronikaren arloetan Armadaren Estatu Nagusiaren Ikerketarako Laborategi eta Lantegian. Gero Estatu Batuetara joan zen eta han, Carnegie Mellon University izenekoan, Ingeniaritza Elektrikoko doktore gradua erdietsi zuen (1959).
Unibertsitate erakunde horrekin izan du lotura ordutik hona 44 urtetan, eta aldi horretan hainbat irakaskuntza kargu izan du, esaterako, dekanoa Unibertsitate horretako Institute of Tecnology izenekoan (1979-83), Informatikako Ingeniaritza Elektronikoko Saileko burua (1969-79), eta Unibertsitateko hiru erakunde hauen jarduneko lehendakaria: Institute of Industrial Research (1983-85), Software Engineering Institute, eta College of Science (1987-88). Azkenik, 1983tik 1991ra arte, Unibertsitateko “Provost” kargua izan zuen, hau da, errektore karguaren baliokidea.
Ikerketa eta garapen teknologikoan egindako lanaren barruan, nabarmen lagundu zuen erdieroaleen fisika, erregulazioa eta kontrola, robotika, magnetismoa, mikroelektronika, konputazioa, irudiaren tratamendua, instrumentazioa, hezkuntza eta teknologiaren transferentzia bezalako gaiei buruzko ezagutzan aurrera egiten.
Ángel Jordán irakasleak entzute handia zuen harrera egin zion herrialdean (Estatu Batuetan) eta nazioartean, eta hainbat unibertsitatetako kontseiluko kide izan zen: Alabama, John Hopkins, Houston, Kalifornia, Arizona, Drexel, Madrilgo Politeknikoa etab.a lehendakaria izan da Association of Engineering of Pennsylvania delakoan.
Inbestidura data: 1997ko apirilaren 21a
Manuel Losada Villasante Carmonan jaio zen (Sevilla) 1929an. Farmazian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitatean 1952an. 1967. urtean Kimikako katedra erdietsi zuen Sevillako Unibertsitateko Zientzien Fakultatean, geroago Biokimika eta Biologia Molekularraren izena hartu zuen horretan. Geroztik Münsterreko Unibertsitatean eta Kaliforniako Berkeley Unibertsitatean egin zuen lan 50. urteetan.
1968. urtean Landare Biokimika eta Fotosintesiaren Institutua sortu zuen eta horko zuzendaria izan zen 1986. urtera arte. 2000. urtean Biokimika eta Biologia Molekularraren arloko katedradun emeritua izendatu zuten, eta lanpostu horretan aritu zen 2005ean erretiroa hartu arte.
Hauek dira bere ikerketa alor nagusiak: fotosintesia, bioenergetika, bitarteko metabolismoa eta bere erregulazioa, batez ere, uraren biofotoelektrolisiarekin zerikusia duten gaiak, nitratoaren eta bestelako hasikin-bioelementuen asimilazioa eta fosfatoaren energetizazioa, eguzki energiaren biobihurketa eta mikroalgen bioteknologia. Berrogeita hamarretik gora doktoretza tesi zuzendu ditu eta ikerketarako eskola aurreratu bat sortu du. Horretaz gainera berrehundik gora zientzia-lan argitaratu ditu eta, gainera, berrikuspenak gai horiei buruz eta hainbat liburu.
Ikerketa Zientifiko eta Teknikoko Asturias Printzea Sariduna da, eta Andaluziako Seme Kutuna, CSICren Zientzietako Nazioko Saria du, Biologiako Ikerketako Sari Nazionala, Andaluziako Juntaren Maimonides Ikerketarako I. Saria, Valentziako Generalitataren Jaume I.a Ikerketarako Saria, Honoris Causa doktorea da Huelvako Unibertsitatean eta Nafarroako Publikoan, eta Sevillako Unibertsitateko Urrezko Domina dauka.