Miguel de la Quadra Salcedo (Madril, 1932) izendatu dute ostegun honetan, apirilaren 28an, honoris causa doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan bere ibilbidearengatik, eta gazteak balioetan prestatzeko egin duen ahalegin eta ekarpenarengatik. NUPeko Gobernu Kontseiluak hartu du izendapenaren erabakia gaurko saioan.
Miguel de la Quadra Salcedo Madrilen jaio zen 1932an, baina 4 urte zituela Iruñera etorri zen. Nekazaritza ingeniari teknikoa ikasi zuen, nahiz eta berehala nabarmendu atleta moduan. Hainbat nazio-errekor lortu zituen mailu, disko eta xabalina jaurtiketan, eta Erromako Joko Olinpikoetan parte hartu zuen 1960. urtean. Urtebete geroago, menturazalea baitzen, Amazonaseko oihanera joan zen, eta han etnobotaniko lana egin zuen Kolonbiako Gobernuarentzat, Bogotako Museo Antropologikoan. Han egon zen artean argazki-material baliotsua bildu zuen, eta horri esker, Espainiara itzuli zenean, Espainiako Telebistak kontratatu zuen kazetari-lana egiteko.
Lehen kazetari-lanak Kongoko gerrara eraman zuen. Herrialde hartan hiltzeko zorian egon zen, 300 gatiburen fusilamendua filmatu zuelako. Bizitza mirariz salbatu eta gero, telebista-berriemaile ibili zen mundu osotik zehar, arrakasta handiz. Sari asko irabazi zuen bere erreportajei esker: Pueblo Kazetaritza Saria, "Hiru urte Amazonasen" lanarengatik; Telebista Sari Nazionala "Managua eta lurrikara" lanarengatik; TBko Kritika Nazioarteko Saria Cannesen, "Che Guevararen heriotza" lanarengatik; eta Montecarloko Telebista Nazioarteko Saria, "Eritrearren martxa luzea" lanarengatik.
Quetzal Ibilbidearen aitapontekoa
Baina telebistako erreportajeengatiik ez ezik, Miguel de la Quadra Salcedo denon gogoan dago Quetzal Ibilbidearen aitapontekoa izan zelako. Juan Carlos erregeak berak eskatu zion Amerika deskubritu zeneko bosgarren urteurrena ospatzeko balioko zuen ekitaldiren bat antolatzeko, Hispanoamerikarekiko loturak estutzeko, eta orduan Miguel de la Quadrak proiektu hura asmatu zuen. Programa hau jaio zen 15 eta 16 urteko gazteen artean herrialde hispano guztiek, Brasil eta Portugal ere barne, osatzen duten nazio iberoamerikarren komunitatearen oinarriak tinkoagotzeko. 1992an amaitu zen lehen aldi batean, espedizioek, denak "Abentura 92" izenarekin ezagutuek, helburu nagusi bat betetzen dute: Amerika deskubritu zeneko V. Urteurrenaren ospakizuna prestatzea.
1992ko urteurren-ospakizuna bete eta gero, eta gaur arte, programa Quetzal Ibilbidea izatera pasatu zen, eta Kanpo Arazoetako eta Lankidetza Ministerioak bultzatzen du, Nazioarteko Lankidetza eta Iberoamerikarako Estatu Idazkaritzaren bidez, BBVAren babesarekin.
Hogeita hamar edizio egon dira, eta Europako eta Amerikako ia 9.000 gaztek parte hartu dute. Programaren bidez, bereetatik oso urruti dauden beste kulturen giza, geografia eta historia aldeak ezagutu ahal izan dituzte, esaterako Mediterraneoko zibilizazio zaharrak edo kultura prekolonbinoak.
Quetzal Ibilbidea prestakuntza-esperientzia bakana da, zeinean parte-hartzaile gazteek beren ezagutzak handiagotzen baitituzte diziplina akademiko askoren bidez, baina ez hori bakarrik; gainera, tresna eraginkorra da gazteak sentsibilizatzeko ingurumenaren defentsaren alde eta nazioarteko lankidetzaren aldeko espiritua garatzeko, gazteei eskatzen zaielako bisitatzen dituzten herrialdeei arretaz beha diezaieten, aberastasunetik eta pobreziatik harago doan balio-eskala berri eta errealago bat sortzeko asmoz.
Espedizioa, 1990etik, UNESCOk "Interes unibertsalekoa" aldarrikatu duen kultur programa da, eta horregatik, azken edizioetan hainbat jarduera egin izan ditu. Espedizioen protagonista diren herrialdeetako gobernuek "Interes nazionalekoa" dela aldarrikatu dute.
Quetzal Ibilbidearekin batera ikasketa programa akademiko bat ematen da. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak koordinatzen du programa, eta espedizioen protagonista diren herrialde iberoamerikarretako unibertsitateek laguntzen dute.
Sariak eta aitorpenak
Quetzal Ibilbidearen zuzendariak, Miguel de la Quadra Salcedok, aitorpen asko jaso ditu bere lanarengatik. Esaterako, 2007an Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Komunikazio Zientzien Fakultateak Itaca Saria eman zion, kazetaritzaren alorrean eduki duen ibilbidearengatik, gazte latinoamerikarrak prestatzeko egin duen lanarengatik eta Amerikako eta Espainiako zibilizazioei buruzko ezagutzak transmititzeko egin duen ahaleginarengatik.
Nafarroako Gobernuak Carlos III.aren Gurutzearen domina eman zion 2009an, publikoki eskertzeko Nafarroako aurrerapenari eta Foru Komunitatearen kanpo-proiekzioari egin dien ekarpena.
Azkenik, Hezkuntza eta Askatasuna Europako Fundazioak 2013an saritu zuen programak 30 urte baino gehiagoan egin duen lanarengatik. Epaimahaiak nabarmendu zuen, batez ere, programak egin dituen hezkuntza lana eta kultur-trukaketa, Amerikako herriek eta Espainiako herriak elkar uler dezaten eta batu daitezen.