"Ez baditugu espirituak armagabetzen, gerrak ez dira sekula bukatuko. Gure baitan meditazioa eta errukia lantzen ez baditugu, munduak noraezean jarraituko du autosuntsipenaren mehatxuarekin". Hala eman du aditzera gaur, asteazkena, otsailak 19, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidente ohiak Campus Iberuseko baterako lehen honoris causa doktore izendatzeko ekitaldian. Lleidako, Errioxako eta Zaragozako Unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute Campus Iberus.


Juan Manuel Santos Campus Iberuseko honoris causa doktore izendatzeko ekitaldia. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo (NUPeko errektorea), Jaume Puy (Lleidako Unibertsitatea), Juan Luis García Martín (Nafarroako Gobernuko kontseilaria), Núria Montserrat (Kataluniako Generalitateko kontseilaria), Juan Manuel Santos ("honoris causa" doktorea), Juan Cruz Cigudosa (Espainiako Gobernuko Estatu idazkaria), José Antonio Mayoral (Zaragozako Unibertsitateko errektorea), Eva Sanz (Errioxako Unibertsitateko errektorea) eta Félix Larrosa (Lleidako alkatea).
Inbestidura-ekitaldia Lleidako Unibertsitatean egin da, eta Campus Iberuseko gainerako unibertsitateetako errektoreek parte hartu dute: Eva Sanz, José Antonio Mayoral (jardunekoa) eta Ramón Gonzalo. Ekitaldian parte hartu dute, beste batzuen artean, Espainiako, Kataluniako, Aragoiko, Nafarroako eta Errioxako gobernuen ordezkariek eta tokiko agintariek.
Santosek Bakearen Nobel Saria jaso zuen 2016an bere herrialdean “50 urte baino gehiago iraun zuen gerra zibila amaitzeko egindako ahaleginengatik", eta berretsi du ez dela bakerik izanen inon harik eta gizaki bakoitzak barne-bakea aurkitzen duen arte. “Arma nuklearra bizitza suntsitzeko bezain eraginkorra da barne-bakea atzerrian bakea ereiteko", adierazi du. Eta inork gatazkak bakarrik konpondu ezin dituen arren, gutako bakoitzak bere ahalegina egin dezakeela esan du, bakea amalurrarekin ere egin behar dugula azpimarratuz, "gure erauzketa jarduerekin eta gure kontsumismo basatiarekin itotzen ari baikara".


Juan Manuel Santos Campus Iberuseko honoris causa doktore izendatzeko ekitaldian parte hartu duen NUPeko ordezkaritza. Ezkerretik eskuinera: Eduardo Calderón, Javier Goicoechea, Begoña Pérez Eransus, Cristina Bayona, Ramón Gonzalo, Juan Manuel Santos, Jorge Elso, Inés Olaizola, Jon Benito, Mónica Cortiñas, Martin Larraza, Lola Ugarte, Luis Gandía, Roldán Jimeno, Edurne Barrenechea eta Mercedes Sánchez.
Estatu Batuetan eta Ingalaterran hezitako ekonomista eta politikari horrek aipagai izan ditu orobat "legez kanpoko talde armatuen eta narkotrafikoaren erakundeen aurkako erasoaldi militar eta polizialaren garaian" Alvaro Uribe presidentearekin (2006-2009) Defentsa ministro izan zen bitartean izan zuen lidergoa eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen (FARC) eta 2010 eta 2018 urteen artean presidente izan zen gobernuaren arteko bake-akordioa lortu arte egindako ahaleginak ere. Egiaren Batzordeak egindako txostenaren arabera, gatazka armatu horretan 450.664 hildako izan ziren, baina zenbait kalkuluk 800.000 hildakora igotzen dute kopuru hori. Horietatik % 45 talde paramilitarrek hil zituzten; % 27 talde gerrillariek eta % 12 estatuko agenteek.
Bake-akordioa mugarria izan bazen ere, “Zoritxarrez, bai erakunde kriminalen gutiziaren eta bai bake-akordioa inplementatzeari bultzada nahikorik eman ez dioten gure agintari batzuen itsutasunaren ondorioz, berriz azaleratu eta handitu da indarkeria Kolonbiako zenbait eremutan” nabarmendu du Santosek. Besteak beste Parisko Sorbonako, Londresko Ekonomia Eskolako edo bere herrialdeko Unibertsitate zentraleko honoris causa doktore, Kolonbiako presidente ohiak hitzaldia amaituko du dei eginez mundu osoak ekarpena egin diezaion bakeari, “bakearen alde egindako ahaleginak oro ahalegin baliotsua izanen baitira”.
Honoris causa doktorearen laudatioa
Bestalde, María Ángela Atienza López Errioxako Unibertsitateko irakasleak, honoris causa doktorearen gainerako aitabitxien izenean (María Ángeles Rueda, Inés Olaizola eta Antoni Blanc) laudatioa emateaz arduratu baita, nabarmendu du Santosen ibilbide biografiko eta politikoaren mugarri guztietan beti egon direla "bakearen eta adiskidetasunaren aldeko konpromisoaren eta lankidetzaren balioak, aurrerapen ekonomiko eta sozialean aurrera egiteko, eta elkarrizketaren balioa, bai eta indarkeriaren aurkako hitza ere". Esan duenez, balio horiek dira hain zuzen Campus Iberus izateko arrazoia. Atienzak, halaber, ekitaldiaren salbuespenari buruz hitz egin du. Lau honoris causa doktoretza eman zaizkio aldi berean – unibertsitate bakoitzeko bana-, "munduko erronka handiekin konprometitutako pertsonalitate bati: bakea, klima-aldaketa, pobrezia eta desparekotasuna".
Alde horretatik, Jaume Puy Iberus partzuergoko egungo presidenteak azpimarratu du ohore handia dela Juan Manuel Santosi aitorpen hori egitea, "ekarpen nabarmenak egin dituelako estatu-gizon gisa, bakearen eta aurrerapenaren sustatzaile gisa, pobreziaren aurkako borrokalari gisa, eta ingurumen-iraunkortasunaren eta Espainia eta Kolonbia goi-mailako hezkuntzan eta ikerketan lotzen dituzten adiskidetasun- eta lankidetza-loturen bultzatzaile gisa". Esan duenez, bakea arazoak konpontzeko modu bat da, eta hori lortzeko "bitarteko egokiena hezkuntza da".
Puyk azpimarratu duenez, honoris causa doktoretza tentsio geopolitiko handien une egoki batean iritsi da, Europa "bere segurtasunari eta gatazka handiko mundu polarizatu batean duen rolari buruz eztabaidatzen ari denean", eta mundu gatazkatsu horren adibide gisa aipatu ditu Gazako, Ukrainako eta Sudaneko gatazkak. Santosen ildo beretik jo du, eta esan duenez "gutako bakoitzak bere ingurunean aldaketa positibo bat sortzeko ahalmena du, bikaintasuna bilatuz, elkartasuna, elkarrizketa eta elkar ulertzea sustatuz. Batera mundu hobe bat eraiki dezakegu denontzat”, esan du amaitzeko.
Inbestidura-ekitaldian, Campus Iberuseko gainerako unibertsitateetako errektoreek parte hartu dute: Eva Sanz, José Antonio Mayoral (jardunekoa) eta Ramón Gonzalo. Ekitaldian parte hartu dute, beste batzuen artean, Espainiako, Kataluniako, Aragoiko, Nafarroako eta Errioxako gobernuen ordezkariek eta tokiko agintariek.