Errektoreak Honoris Causa birreta ezartzen dio Enric Trillasi, Humberto Bustince irakaslearen aurrean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostegun honetan, martxoak 6, honoris causa doktore inbestitu du Enric Trillas Ruiz. Espainian aitzindaria izan zen logika lausoan (“fuzzy logic”) eta zientziaren esparru honetan aritu zen lehenengo europarretakoa. Makinek gizakien arrazoitzeko modua imita dezaten lortu nahi du zientziaren esparru horrek. Julio Lafuente Unibertsitateko errektorea izan da ekitaldiaren buru, eta Errektoretzako eraikinean egin da ia ehun bat pertsonaren aurrean. Agintarien artean, Federico Morán Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Unibertsitateetako idazkari nagusia zegoen.
Ekitaldia hasteko segizioaren desfilea egin da, eta Errektoretzako patioan sartu da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko soka hirukoteak jotzen zuen bitartean. Lehenik eta behin, Javier Echeverría Unibertsitateko idazkari nagusiak honoris causa doktore titulua emateko erabakia irakurri du. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak abenduaren 5ean onetsi zuen erabakia, eta bertan Enric Trillasek esparru akademiko, zientifiko eta teknikoan izandako "merezimendu aipagarriak" nabarmentzen dira.
Humberto Bustince Konputazioren Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedraduna NUPen izan da honoris causa doktore berriaren aitabitxia, eta berak irakurri du laudatio-a. Bustincek Trillasen ikerketa curriculum "aparta" nabarmendu du, eta Espainiako azpimultzo lausoen teoriaren esparruan duen lidergoa, denek "aho batez aitortu diotena". "Gaur egun Espainiako zientziak munduan aitorpena eta mirespena lortzen baditu, aparteko ikertzaile batzuen lanari esker da, eta ikertzaile horien artean dago Trillas irakaslea", esan du Humberto Bustincek. Bustincek esan du, gainera, honoris causa doktore berria jarduera zientifikoaren sustatzaile handietako bat izan dela azken hamarkadetan eta bereziki kezkatu dela belaunaldi berriei belaunaldi berriei beharrezko ezagutza bestetaratzeko.
Gero, Julio Lafuente Unibertsitateko errektoreak eta Humberto Bustince aitabitxiak honoris causa doktore-titulua, birreta, zientziaren liburua, eraztuna eta eskularru zuriak eman dizkiote Enric Trillasi, eta hark zin egin du.
Eskaintza Pedro Burillori
Bestalde, Enric Tríasek bere onarpen hitzaldia Pedro Burillo "lankide eta, hala ere, lagun maiteari" eskaini dio, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore ohi eta Konputazioren Zientzietako eta Adimen Artifizialeko katedradun erretiratuari. Triasek esan du oso harro dagoela unibertsitate "gazte eta aldi berean moderno, dinamiko eta indartsu" bateko doktoreen klaustroko kide izateagatik, eta ezagutzaren ikuspegi berri baten defentsa egin du bere ibilbide profesionalaren berri emanez.
Oso urruti ez dagoen etorkizun batean, ordenagailuen eta sentsoreen bidezko sistema integratuak askoz ere autonomoagoak izango dira, eta beren behaketa zuzenerako eta interpretaziorako sistemen bidez, beren arrazoitzeko gaitasuna handiagotuko da, eta horrekin, giza-arrazoizkotasunari egiten dioten erronka ere bai. Bere iritzian, konputazioaren zientziek une honetan daukaten erronketako bat da arrazoiketa arruntaren analisi matematikoa. "Esaterako, matematika hizkeran ez daukagu oraindik ongi planteatuta hizkera arruntean hain arrunta eta ugaria den ‘eta’ emendiozko juntagailuaren esanahia, denborari dagozkion enuntziatuak batzen dituenean", esan du.
Azkenik, segurtatu du izakiaren etorkizuna sormenik arrazoizkoenaren eskuetan dagoela, eta egongo dela, eta gizarteak konturatu behar duela "ahalik eta arinen" ikerketa zientifikorik eta teknikorik gabe sekula ez duela gaindituko harresi bat, zeina, XXI. mendean, "aurrerapen kultural, sozial eta ekonomikoaren" giltzarria baita.
Aitzindaria logika lausoaren garapenean
Enric Trillas logika lausoan aritzen den lehenengo europarretakoa da. Ikerketa-esparru honetan egindako aurrerapenak bereziki baliagarriak dira adimen artifiziala garatzeko, zientzialariek diseinatutako eredu teorikoei esker, makinek informazio zehazgabea erabili, eta erabakiak hartzen baitituzte gizakiaren garunak egingo lukeenaren oso antzera. Esaterako, aurrerapen horiei esker, ikuzgailu automatiko batek behar bezala aukeratzen du programa arropek daukaten zamaren, zikinkeriaren eta ezaugarrien arabera.
Bartzelonako Unibertsitatean ikasi zuen, eta bertan lizentziatu zen 1964an eta 1972an doktoregoa lortu zuen Zientzietan (Matematika sailean). 1974an, oposizioaren bidez, Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko katedradun postua lortu zuen, eta erakunde horretan hainbat kargu akademiko izan zituen, esaterako Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariordea, Informatika Fakultateko dekanordea, Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea (1980-1982) eta Unibertsitate Zabalpenerako errektoreordea (1982-1983).
1989an Madrilgo Unibertsitate Politeknikora lekualdatu zen, non Informatika Fakultateko Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifizialeko Katedraz jabetu baitzen 1990ean. Han Adimen Artifizialeko Sailean lan egin zuen 2006ra arte.
Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren (CSIC) burua izan zen 1984tik 1988ra; Teknika Aeroespazialeko Institutu Nazionaleko (INTA) zuzendari nagusia eta zuzendariordea 1989tik 1995era; Ikerketa Zientifiko eta Teknologikorako Plan Nazionalaren idazkari nagusia eta Zientzia eta Teknologiaren Ministerioarteko Batzordearen idazkaria, 1995etik 1996era; eta Ingeniaritza Aeroespaziala eta Zerbitzuak (INSA) enpresako burua.
200dik gora argitalpen eta artikulu zientifiko-teknikoren egilea da, 16 doktoretza-tesi zuzendu ditu, eta 20tik gora tesina eta karrera-amaierako proiektu. Bere liburuen artean nabarmenak dira: “Multzo lausoak” (1980), “Logika lausorako sarrera” (1995), “Logika lausoko lehen ikasgaiak” (1998) eta “Adimen artifiziala: makinak eta pertsonak” (1998), azken hau, dibulgazio zientifikokoa.
Horiez gainera, logika lausoaren esparruan ematen diren hiru sari garrantzitsuenak eman dizkiote: “Pioneer Award", European Society For Fuzzy Logic and Technologies-ena (EUSFLAT), 1999an; “Fellow” izenekoa, International Fuzzy System Association-ena (IFSA), 1999an; eta “Fuzzy Systems Pioneer Award”, IEEE Computational Intelligence Society-rena, 2005ean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendatutako hamargarren honoris causa doktorea da Enric Trillas beste hauen atzetik: Manuel Losada Villasante (1997), Ángel G. Jordán Goñi (2000), Joseph D. Novak (2001), Enrique Sánchez-Monje y Perallada (2004), Rafael Moneo Vallés (2007), Pedro Miguel Etxenike (2008), Richard Serra (2009), Montxo Armendáriz (2010) eta Agustín González Acilu (2011).