Nafarroako Unibertsitate Publikoak arratsalde honetan egin du Marysa Navarro AEBn bizi den iruindar historialaria “honoris causa” doktore inbestitzeko ekitaldia. Alfonso Carlosena errektorea izan da ekitaldiaren buru, eta bertan izan dira errektoretza-taldea, doktore berriaren senitartekoak eta adiskideak eta beste agintari akademiko eta zibil batzuk, Ainhoa Aznárez Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, besteak beste.
Laudatioa egiteko arduraduna ekitaldiaren aitabitxi Ángel García Sanz izan da, eta Marysa Navarroren ibilbide profesionalari eta akademikoari buruz mintzatu da. Jarraian, Alfonso Carlosena errektoreak “honoris causa” doktore berriaren titulua eman dio Navarrori, “nonahi eta betiko doktore-dignitate hori frogatzen duena”, eta birreta jarri dio: “Hain ohore handiaren ikur gisa, birreta hau jartzen diot, irakasle lanaren antzinako ezaugarri gurtua: eraman beza buruan, berorren ikasketen eta merezimenduen koroa gisa”.
Bestalde, aitabitxiak izendapen eta goresmen horren gainerako ikurrak eman dizkio, hots, zientziaren eta jakintzaren liburua, “atsedenik gabe landu eta zabaldu beharrekoa”, eraztuna, “berorren zientzia eta lanbideko irizpen, arbitraje eta kontsulta guztiak izenpetu eta zigilatzearen ikur modura”, bai eta eskularru zuriak ere, “berorren eskuek izan behar duten sendotasunaren sinbolo modura, eta berorren dignitate gorenaren ikur modura”.
Jarraian, Marysa Navarrok bere kargu berriaren zina egin du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen aurrean, eta izendapenarengatik esker oneko hitz batzuk eskaini eta gero, “Nire belaunaldikoentzat historialari izatea zein ere gogorra izan den, historialari izango nintzateke berriz ere” izeneko inbestidura-hitzaldia egin du.
Alfonso Carlosena errektorearen hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari. Bere hitzaldia eta gero, parte-hartzaileek, zutik, “Gaudeamus Igitur” (“Poz gaitezen, bada”), unibertsitatearen ereserkia abestu dute. Ekitaldian, halaber, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko metal-laukoteak esku hartu du.
Marysa Navarroren ibilbidea
Historiografia feministan eta Latinoamerikako emakumeen historian espezialista da, bereziki Eva Perónen historian, eta Historian doktore da Columbia Unibertsitatean (Estatu Batuak). Ipar Amerikako herrialde horretan garatu du bere bizitza akademiko osoa, non unibertsitateko irakasle aritu baitzen zenbait hamarkadatan.
Marysa Navarroren ibilbidea gutxi ezagutzen da bere jaioterrian; izan ere, nahiz eta Nafarroako hiriburuan sortu, bere bizitzaren parterik handiena Espainiatik kanpo eman du. Bere familiak erbestera joan behar izan zuen Gerra Zibilean, arrazoi politikoak zirela-eta, militante errepublikarra baitzuen aita, Vicente Navarro Ruiz (Cárcar, Nafarroa, 1887-Montevideo, Uruguai, 1964), Agoitzen eta Faltzesen aritutako maisua eta II. Errepublikan Lehen Hezkuntzako ikuskaria zena.
Haurtzaroa Frantzian eta nerabezaroa Uruguain igaro ondoren, Estatu Batuetara joan zen, beka baten bidez Columbia Unibertsitatean (New York) ikastera, eta master bat eta Historiako doktoretza egin zituen bertan. Zenbait hamarkadaz aritu zen unibertsitateko irakasle, batez ere Ingalaterra Berriko Darmouth College unibertsitatean, zeinak, 2010ean erretiroa hartu zuenean, katedradun emeritu izendatu zuen, 42 urtez irakasle aritu eta gero.
“Evita”ren biografia baten egile
Navarroren ikerketa-jarduerak ardatz eduki ditu historiografia feminista berria eta Latinoamerikako emakumeen historia, bereziki XX. mendekoena. Interes hori dela-eta, Eva Perónen bizitza ikertu zuen, eta, 1983an, haren biografia argitaratu zuen, “Evita” izenburupean. Orduz geroztik, behin baino gehiagotan berrargitaratu dute.
Marysa Navarro irakasle bisitaria izan da bost herrialdetako (Espainia, Estatu Batuak, Mexiko, Erresuma Batua eta Uruguai) zenbait unibertsitatetan, eta LASA (Latinoamerikar Ikasketen Elkartearen siglak ingelesez) elkartearen lehendakari ere bai. Horrek eraman zuen begirale gisa parte hartzera 1987an sinatutako Esquipulasko II. Bake Akordioetan, zeinetan amaiera eman baitzieten Erdialdeko Amerikako gatazka armatuei.
Bere ibilbidean jaso dituen sarien artean, aipatzekoak dira New Hampshireko Unibertsitateko (Estatu Batuak) “Emakumezko ikertzaile gailena”rena (“Distinguished Woman Scholar”), Buenos Airesko “Bisitari gailena”rena, eta “Elizabeth Howland Hand-Otis Norton Pierce Award for Outstanding Undergraduate Teaching” saria, Dartmouth Collegean emandako irakaskuntzaren bikaintasunagatik.
Ikerketa-beka ugari ere jaso ditu Marysa Navarrok. 2009an lortu zuen azken beka, erretiroa hartu baino urte bat lehenago, Harvardko Unibertsitateko David Rockefeller Latinoamerikako Ikasketetarako Zentroak emana. Erakunde horrek Navarroren egonaldia luzatu zuen, “Resident Scholar” (ikertzaile egoiliarra) tituluarekin.
Gaur egun, Estatu Batuetan bizi da, Argentinan eta Uruguain egonaldi luzeak egiten baditu ere. Azken urteotan, sarritan bidaiatzen du Espainiara, espainiar eta estatubatuar nazionalitate bikoitza daukanez gero.