Errektoreak Montxo Armendariz besarkatzen du, inbestitua izan eta gero, Manuel Vicent ondean dutela.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak honoris causa doktore inbestitu du gaur Montxo Armendáriz nafar zinemagilea, Unibertsitatearen Eguna ospatzearekin batera. Ekitaldian Julio Lafuente errektorea aritu da buru. Bertara agertu dira Nafarroako agintari nagusiak eta eragile sozial eta ekonomikoak, eta ordezkari ugari, unibertsitateko komunitatearenak eta kulturarenak, oro har, eta bereziki zinemarenak. Guztira, 500 lagun inguru hurbildu dira Fernando Remacha Aretora.
Ekitaldian 2009. urtean zendu ziren jarduneko lagileen gogorarazpena egin da, omenaldia egin zaie langile erretiratuei, doktore berriak inbestitu dituzte, dotoretzako aparteko sariak eman dira eta irakasle iraunkor berriek postuen jabetza hartu dute.
Agertutako agintarien artean zeuden Miguel Sanz gobernuko lehendakari jauna eta Kultura kontseilaria, Juan Ramón Corpas; Yolanda Barcina Iruñeko alkate andrea; Elena Torres Parlamentuko lehendakari andrea; Elma Sainz Gobernuko ordezkari andrea; Heliodoro Robleda Comptos Ganberako lehendakaria; Javier Enériz arartekoa; Juan Manuel Fernández Nafarroako Auzitegi Nagusiko burua; Ignasi Guardans Kultura Ministerioko Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuko zuzendari nagusia; Jesús Val Nafarroako jeneral komandante militarra, eta parlamentariak, zinegotziak eta senatariak, besteak beste.
Halaber, agertu dira Saraguetako Udaleko ordezkariak, Montxo Armendarizek han filmatu baitzuen Isiltasun hautsia, eta zinemaren munduarekin lotutako pertsonak, eskualde zein nazio mailakoak, esate baterako, Koldo Lasa Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuko zuzendari kudeatzailea; Concepción Canela eta José María Pemán, Festival de Cine de la Almunia izeneko zinemaldikoak; Alberto Cañada, SAIDEkoa; Otilio García, Golemekoa; Dimas Lasterra, Iruñeko Zinemaldikokoa; eta Álvaro de Luna, Rubén Ochandiano, Amaia Lasa eta José María Asín aktoreak, besteak beste.
Omenaldiak eta inbestidurak
Segizo akademikoaren desfilea egin da, Bertizeko Laukoteak Erresuma sartzeko martxa jotzen zuen bitartean. Ondotik Julio Lafuente errektoreak ekitaldia ireki du, gogora ekarriz, lehenengo eta behin, 2010. urtean zendu ziren unibertsitateko komunitateko jarduneko kideak, ondoko hauek, alegia: Ángel Mingo, Carmen Lamsfus eta Carlos Sopena irakasleak, eta Isabel Gurpegui, Administrazio eta Zerbitzuetako langilea. Ondotik intsigniak jarri zaizkie erretiratutako langileei, 45 irakasle berri inbestitu dituzte eta jabetza hartu dute 21 irakasle funtzionario berrik.
Ondotik Montxo Armendariz honoris causa doktore inbestitzeko ekintza izan da. Horretarako, hasieran irakurri egin da Gobernu Kontseiluak sari hori emateko hartu zuen erabakia.
Manuel Vicent, idazle eta kazetari valentziarra, El País egunkariko zutabegilea, izan da nafar zinemagilearen laudatioa egin duena. Laudatioan Armendarizen izena eta Nafarroarena “ezinbestez” lotu ditu. “Pertsona bat unibertsala izan daiteke paisaiaren bulkak eta bertan bizi diren izakien bulkak bazterrean utzi gabe, -esan du- haizearekin zuhaitzen hostoetan eta iturburuetan dantzatzen diren izadiko espiritu haien bulkak utzi gabe, eta, gainera, humus hori jarrera etiko erostezin bihurtu. Beti norbera dela, eta arima berarekin batera nonahira eramaten duela da artista honen nortasuna definitzen duen ezaugarria.”
Gero, Montxo Armendarizen txanda izan da. Errektorearen eskutik jaso ditu birreta eta Jakintzaren Liburua, oraingo honetan, Diccionario geográfico-histórico de Navarra izenburukoa. Lan hau Teodoro Ochoa de Aldak 1842an argitaratutakoaren 2. argitaraldia da, 8. handian, [8]+316 or., holandarra, larruzkoa, zertxobait higatua, izenburua eta hari urre kolorekoak bizkarrean; eskaintza eta tanpoiz egindako ex librisa azalean.
Armendarizen esker ona
Geroago hitz egin duenean, Armendarizek izendapena eskertu dio Unibertsitateari, eta Manuel Vicent aitabitxiaren agerpena ere eskertu du. Egin duen hitzaldian sortu dira bere bizitza pertsonalaren eta profesionalaren uneak eta bizipenak, eta aipatu ditu bere ibilbidea markatu duten pertsonak eta adiskideak, eta bereziki Puy Oria bere andrelaguna, Armendarizen film batzuk atera dituen Oraifilms produkzio-etxeko arduraduna.
Azkenik, Unibertsitateari buruzko aipua egin du: baieztatu duenez, beti sinestu du ideien trukaketa, mestizaje artistikoa “ezinbestekoa dela herri baten kultura aberasteko eta, ondorioz, bere hezkuntza sistema aberasteko”. Armendarizek ziurtatu duenez unibertsitate batek “ezin dio bizkarra eman bere garaiko errealitateari. Horregatik, ekitaldi honek, –nire lan profesionalaren aitorpena izateaz gain– begibistan jartzen du Unibertsitate dinamiko bat, modernoa, eta komunikazio modu berrietara zabalik dagoena. Eta ziurtatzen ahal dizuet, ohorez eta harrotasunez betetzen nauela bertako kideetako bat izatea.”
Hitz horien ondotik, Unibertsitateko Abesbatzak, Arturo Goldaracenak zuzentzen duenak, Benito Lertxundi oriotarraren Baldorba abestu du. Abestiak Montxo Armendaritzen sorlekua izan ziren paisaiak birsortzen ditu.
Unibertsitateak gizarteari egiten dion ekarpena
Ekintzako azken hitzak Julio Lafuente errektorearenak izan dira. Lehenik, Nafarroako Unibertsitate Publikoak gizarteari egiten dion ekarpenaz mintzatu da. Zehatz-mehatz, Ikerketa Ekonomikoen Valtentziako Institutuak egindako ikerlan bat, aurki aurkeztuko dena, aipatu du. Izan ere, bertan NUPek nafar gizarteari egiten dion ekarpen sozioekonomikoa neurtu baita. Bi datu besterik ez du aurreratu: haren finantzazioan inbertitutako euro bakoitzeko Unibertsitateak 1,7 euro itzultzen dio gizarteari; eta Nafarroako ekonomiak azken hamarkadan izan duen bataz besteko hazkundearen %16,3 NUPeri esker izan dela.
Errektorea Montxo Armendarizi ere zuzenu zaio haren miresmena adierazteko bere bokazioari jarraitzeko erakutsi duen adorearengatik. “Zuekin guztiekin konpartitu nahi dut haren filme askotan sentitu izan dut hunkipena, zintzotasuna, gizakiari buruzko ikuskera sakona, gizakiaren arimaren sakonena aurkezteko gai baita, modu bikainez menperatzen duen sormen jardueraren bidez”, bukatu du errektoreak.
Ekitaldia bukatzeko, ohi bezala, Bertizeko Harizko Laukoteak eta Unibertsitateko Abesbatzak Gaudeamus igitur abestu dute, unibertsitateko komunitateko batzuekin batera. Ekitaldiko alderdi musikalaren laguntzaile bereziak izan dira Gorka Pastor, pianoarekin, eta Ulrrich Calvo, gitarrarekin.
Zortzigarren Honoris Causa doktorea
Montxo Armendariz da Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendaturiko zortzigarren Honoris Causa doktorea. Beste zazpiak honako hauek dira: Manuel Losada Villasante (1997), Ángel G. Jordán Goñi (2000), Joseph D. Novak (2001), Enrique Sánchez-Monje y Perallada (2004), Rafael Moneo Vallés (2007), Pedro Miguel Etxenike (2008) eta Richard Serra (2009).