Nafarroako Unibertsitate Publikoak arratsalde honetan egin du Adolfo Eraso Romero kimikari eta geologo lizartarra honoris causa doktore inbestitzeko ekitaldia. Julio Lafuente errektorea izan da ekitaldiaren buru, eta bertan izan dira errektoretza taldea, doktore berriaren senitartekoak eta adiskideak eta beste agintari akademiko eta zibil batzuk. Agintari horien artean zeuden Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Begoña Ganuza Lizarrako alkatea.
Francisco Javier Elorza Tenreiro Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Meatze Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko Hidrogeologia katedradunak eta ekitaldiaren aitabitxiak egin du laudatioa, eta Adolfo Eraso Romeroren lanbide, irakaskuntza eta kirol –hainbat kirol egin ditu, batez ere eskalada– ibilbideari buruz hitz egin du.
Jarraian, Julio Lafuente errektoreak honoris causa doktore berriaren titulua eman dio Erasori “nonahi eta betiko doktore dignitate hori frogatzen duena”, eta birreta jarri dio: “Hain ohore handiaren ikur gisa, birreta hau jartzen dizut, irakasle lanaren antzinako ezaugarri gurtua: eraman ezazu buruan, zuen ikasketen eta merezimenduen koroa gisa”.
Bestalde, aitabitxiak izendapen eta sari honen gainerako gauzak eman dizkio, zientziaren eta jakintzaren liburua, “atsedenik gabe landu eta zabaldu behar duzuna”, eraztuna, “berorren zientziaren eta lanbidearen irizpen, ebazpen eta kontsultak sinatu eta zigilatzearen pribilegioen ikuri gisa”, eta eskularru zuriak, “zuen eskuek izan behar duten sendotasunaren eta berorren dignitate txit gorenaren ikur gisa”.
Jarraian, Adolfo Erasok bere kargu berria zin egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak aurrean zituela, eta, Javier Elorza "kide eta adiskideari" eta izendapenarengatik Unibertsitateari esker oneko hitz batzuk eskaini eta gero, "Laurogei urtez Naturako laborategian esploratzen eta ikertzen" izeneko inbestidura hitzaldia egin du.
Julio Lafuente errektorearen hitzaldiak eman dio amaiera ekitaldiari. Bere hitzaldia eta gero, parte-hartzaileek, zutik, Gaudeamus Igitur (“Poz gaitezen, bada”), unibertsitatearen ereserkia abestu dute.
Ekitaldian zehar, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Abesbatzak, zeina Arturo Goldaracena irakasleak zuzentzen baitu, eta Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Hari-laukoteak esku hartu dute.
Profila
Adolfo Eraso lizentziaduna da Kimika Zientzietan Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1957). Bertan erdietsi zituen baita ere Hidrogeologia Orokor eta Aplikatuan diplomadun (1967), Geomorfologia Aplikatuan diplomadun (1974) eta Neurri-Sistema Analogikoetan diplomadun (1974) tituluak. 1975. urtean Geologian doktore egin zen, eta aparteko saria jaso zuen unibertsitate horretan bertan.
Akademikoa da New Yorkeko Academy of Sciences akademian 1994. urtetik, eta Russian Academy of Natural Sciences akademian kide onartutako lehen espainiarra (2002). Bere ibilbide profesional luzean hainbat sari eta aitorpen jaso ditu, horien artean Espainiako Mendiko Federazioaren Urrezko Domina (1977), Sociedad Espeleológica de Cuba elkarteko ohorezko kide (1983), Espainiako Olimpiar Batzordeko kide (1984-1993), UIS Nazioarteko Espeleologia Batasuneko ohorezko kide (1986) eta Oviedoko Unibertsitateko Domina (1994). Nafarroan Urteko Lizarratar izendatu zuten (1994) eta Nafar Ateneoaren domina jaso zuen (1995).
Glaziarrak eta klima-aldaketa
Bere ikerketa-lerro nagusiak dira petrolio indusketak, geologia aplikatua eta geoteknia, hidrogeologia aplikatua eta ingurumena, prozesu fisiko-kimikoak naturan eta glaziologia; azken diziplina honetan aditu entzutetsua da mundu mailan, egin dituen azterketa lanengatik glaziarren azpiko drainatzeari, glaziarren erregresioari eta aldaketa klimatikoan haren eraginei buruz.
Adolfo Eraso GLACKMA Proiektuaren zuzendarikidea da Carmen Domínguezekin batera 2001. urtetik. Izan ere, programa horrek glaziarrak erabiltzen ditu berotze globalaren bilakaeraren sentsore natural moduan. Lan horrengatik aurten Sociedad Geográfica Española elkarteak Sari Nazionala eman dio.
500 artikulu zientifikoren egilea da nazioko eta nazioarteko zenbait aldizkaritan, eta 300 txosten profesionaletik gora egin ditu hainbat enpresatarako eta hogei bat liburu beste egile batzuekin lankidetzan. Eraso doktoreak idatzi du Método de Predicción de las Principales Direcciones de Drenaje en el Karst y Otros Medios Anisotrópicos (1985-1986) lana, 100 aldiz baino gehiagotan aplikatu dena Europako, Latinoamerikako, Afrika Iparraldeko, Ekialde Hurbileko, poloetako eskualdeetako eta Txinako hainbat lekutan. Gaur egun, metodo hau ematen da Toulouseko Institutu Politeknikoan (Frantzia) eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan.
Aipatu behar da mendizale eta espeleologo aditu eta Espainiako olinpiar batzordeko kirolari moduan lehenbizikoetako bat izan dela San Martingo siman sartzen eta hura aztertzen. Nafarroako ia leize guztien mapa karstikoak egin ditu, bere zaletasunak zientzia eta kirolarekin uztarturik.
Adolfo Eraso Nafarroako Unibertsitate Publikoak izendatzen duen hamaikagarren honoris causa doktorea da, honako hauen ondotik: Manuel Losada Villasante (1997), Ángel G. Jordán Goñi (2000), Joseph D. Novak (2001), Enrique Sánchez-Monje y Perallada (2004), Rafael Moneo Vallés (2007), Pedro Miguel Etxenike (2008), Richard Serra (2009), Montxo Armendáriz (2010), Agustín González Acilu (2011) eta Enric Trillas (2013).