Bestelako tramiteak
Azterketei buruzko bestelako informazioa
Graduko ikasketak
Irakasgai batean matrikulatzeak deialdi baterako eskubidea ematen du matrikula egin den ikasturte horretan bertan.
Ikasleak 6 deialditarako eskubidea du irakasgai bakoitza gainditzeko:
- Lehenbiziko 4 deialdiak arruntak izanen dira.
- Azkeneko 2 deialdiak bereziak izanen dira.
Irakasgai baten 1. eta 2. matrikuletan, irakasgaiaren aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa azaltzen bada, ikasleak ez du deialdirik gastatuko. Irakasgai baten 3. eta hurrengo matrikuletan, irakasgaiaren aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa azaltzen bada, ikasleak deialdia gastatu duela ulertuko da.
Masterreko ikasketak
Irakasgai batean matrikulatzeak deialdi bakar baterako eskubidea ematen du matrikula egin den ikasturte horretan bertan.
Ikasleak hiru deialditarako eskubidea izanen du irakasgai bakoitza gainditzeko:
- lehenbiziko bi deialdiak arruntak izanen dira.
- Hirugarren deialdia eta azken deialdia bereziak izanen dira.
Irakasgai baten lehen matrikulan, irakasgaiaren aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa azaltzen bada, ikasleak ez du deialdirik gastatuko. Irakasgai baten bigarren eta hirugarren matrikuletan, irakasgaiaren aktan “Ez aurkeztua” kalifikazioa azaltzen bada, ikasleak deialdia gastatu duela ulertuko da.
Ikasleek aukera dute eskatzeko azken deialdiko ebaluazioa epaimahai batek egitea.
Kalifikazioak
- Ebaluaziora aurkezten den ikasleari 0 eta 10 arteko kalifikazioa ezarriko zaio irakasgai bakoitzean, dezimal bakar batekin:
- 0 - 4,9: Ez Gainditua (EG)
- 5,0 - 6,9: Gainditua (G)
- 7,0 - 8,9: Oso Ongi (OO)
- 9,0 - 10: Bikain (B)
- 9,0 - 10: Ohorezko Matrikula (OM)
- Matrikulatu diren eta ebaluaziora aurkeztu diren ikasleen kopuruak horretarako bidea ematen badu, ECTS eskala gehituko da:
- A: irakasgaia gainditu duten kalifikazio hoberenen % 10en artean dago kalifikazioa.
- B: kalifikazioa hurrengo % 25en artean dago.
- C: kalifikazioa hurrengo % 30en artean dago
- D: kalifikazioa hurrengo % 25en artean dago.
- E: kalifikazioa hurrengo % 10en artean dago.
- F: irakasgaia gainditu ez bada, F izendapena aplikatuko da. FX kalifikazioa erabiltzen ahal da irakasgaia gainditzetik hurbil dagoela adierazteko. F, aldiz, oraindik hori lortzetik urrun dagoela adierazteko.
Ohorezko matrikula
- Ohorezko Matrikula aipamena 9,0 kalifikazioa edo hortik gorakoa atera duten ikasleei ematen ahalko zaie.
- Ohorezko matrikulen kopurua ikasturte bateko irakasgai baten irakaskuntza-talde berean matrikulatutako ikasleen % 5 izanen da gehienez. Matrikulatutako ikasle kopurua 20tik beherakoa bada, ohorezko matrikula bakarra ematen ahalko da.
- NUPeko ikasketetan ohorezko matrikula bat edo gehiago lortzeak eskubidea ematen du hobari bat lortzeko matrikularen prezioan. Hobari horren zenbatekoa ohorezko matrikula lortu den irakasgaiaren kreditu kopuruak lehenbiziko matrikulan duen prezioaren baliokidea izanen da.
Emaitzen jakinarazpena
- Ebaluazio jardueren kalifikazioak
- Ikasleak eskubidea du irakasgaiaren irakaskuntza-gidan jasotako ebaluazio jarduera bakoitzeko kalifikazioak jakiteko. Kalifikazio horiek, hasieran, behin-behinekoak izanen dira.
- Ebaluazio jardueren eta proben emaitzak jendaurrera zabalduko dira gehienez ere 30 eguneko epean, eta seihilekoko azken ebaluazio probaren eguna baino 3 egun lehenago beranduenez. Epe horiek berak izanen dira errekuperatzeko ebaluazioko probarako ere.
- Behin-behineko kalifikazioa
- Ikasleak eskubidea du behin-behineko kalifikazioa jakiteko errekuperatzeko ebaluazio proba egin baino 3 egun baliodun lehenago beranduenez.
- Azken kalifikazioa
- Seihilekoaren errekuperatzeko ebaluazio aldia amaitzean jakinaraziko zaio azken kalifikazioa ikasleari, aktara pasatu.
Berrikuspena
- Ikasleek eskubidea dute ebaluazio proba eta lan guztien behin-behineko kalifikazioak pertsonalki berrikusteko, baita kalifikazioa jarri zuen irakaslearen ahozko azalpenak jasotzeko ere.
- Proba baten kalifikazioak beste batean parte hartzea baldintzatzen badu, lehenbiziko kalifikazioaren irakasle arduradunek kalifikazio hori jendaurrean jarri eta berrikusteko aukera eman beharko dute 3 egun baliodun lehenago beranduenez. Kalifikazioekin batera, berrikuspena non, zer egunetan eta zer ordutan eginen den adieraziko da.
- Behin-behineko azken kalifikazioak argitaratzearekin batera, jakinaraziko da berrikuspena non, zer egunetan eta zer ordutan eginen den, beranduenez bi egun baliodun lehenago. Berrikuspena egiteko epea egun batekoa izanen da gutxienez, goizez eta arratsaldez.
- Behin-behineko azken kalifikazioak argitaratzearekin batera, jakinaraziko da berrikuspena non, zer egunetan eta zer ordutan eginen den, beranduenez bi egun baliodun lehenago. Berrikuspena egiteko epea egun batekoa izanen da gutxienez, goizez eta arratsaldez.
- Azken kalifikazioaren aurkako errekurtsoa:
- Azken kalifikazioa berrikusi ondoren ikaslea ados ez badago, errekurtsoa jartzen ahal du; horretarako, idazki arrazoitu bat egin behar du, dagokion saileko zuzendariari zuzendua, berrikuspena egin eta bi egun balioduneko epean.
- Saileko hiru kidek osatutako epaimahai batek ebatziko du errekurtsoa, gehienez 10 eguneko epean. Epaimahaian ezin izanen da egon irakasgaia ematen duen irakaskuntza-taldeko irakaslerik.
- Ebazpen horren aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, errektoreari zuzendua, baina errekurtsoak ez du aktak betetzeko eta entregatzeko prozedura geldiaraziko.
- Ikasturteko seihileko bakoitzerako, egutegi administratiboak gehieneko epe bat azartzen du aktak bete, itxi eta zerbitzu administratiboetan entregatzeko.
- Akta itxi ondoren, kalifikazioa ikaslearen espedientean sartzen da, eta, orduan, badago aukera hori egiaztatzeko.
- Ikasle batek iruzurra egiten badu ebaluazio proba bat egiten duenean, irakasleek berariaz baimendu ez duten materiala erabiltzea, esaterako, edo beste pertsona batzuekin informazioa trukatzea edo beste pertsonengandik informazioa lortzea, ez gainditua kalifikazioa jaso dezake, baita zehapena ere, aurretik diziplina espedientea irekita.
- Aurreko puntuan esandakoa aplikatzen ahalko zaie kopiatu dutenei, baita kopiatuei ere, betiere azken horien inplikazioa frogatzen bada. Beren materiala zaintzean zabarkeria erakusten dutenek ere zehapena jaso dezakete, baina erantzukizun maila txikiagoarekin.
- Ebaluatzeko eskatzen den lan akademiko bat egiteko iruzurra egiten duen ikasleak, hots, plagioa eta jatorriz berea ez den materiala erabiltzea (ez bada irakasleak berariaz horretarako baimendutakoa), nondik lortu duen aitortu gabe, eta, beharrezkoa denean, egilearen baimenik gabe, arriskua du aipatutako lanaren kalifikazioa “ez gainditua” izateko, eta zehapena ere bai, aurretik diziplina espedientea irekita.
- Iruzurra egin dela atzematen edo susmatzen denean, irakasleak seihileko horretan aldez aurretik egindako ebaluazio probak eta lanak berrikusten ahalko ditu, eta proba berezi bat ere egiten ahalko dio ikasle susmagarriari. Kasu horretan, iruzurren zantzurik baldin badago, aldatu egin litezke behin-behineko kalifikazioak, eta audientzia emanen zaio ikasleari behin betiko kalifikazioak jarri baino lehen.
Liburutegiko webgunean liburutegi eta ikasketa-gelen ordutegia kontsultatzen ahal duzu.