Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea
Edozein pertsona fisiko edo juridikok du informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, muga bakarrak Legean jasotakoak izanik eta eskaera arrazoitu beharrik gabe.
Hau da informazio publikoa: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 2018ko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren administrazio publikoek sortutako edo administrazio publiko horien jabetzako informazioa, edozein euskarri eta adierazpidetakoa.
Mugak
Informazioa eskuratzeko eskubideak muga batzuk ditu, legeen artikulu hauetan jasoak: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 14. artikulua eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 2018ko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 31. artikulua. Artikulu horiek diotenez, informazioa eskuratzeko eskubidea mugatua dago hauei kalte egiten badie:
- Segurtasun nazionalari.
- Defentsari.
- Kanpo-harremanei.
- Segurtasun publikoari.
- Arlo penalaren, administratiboaren edo diziplinarioaren arloko arau-hausteen prebentzioari, ikerketari eta zigorrari.
- Prozesu judizialetako aldeen berdintasunari eta benetako babes judizialari.
- Zaintzako, ikuskaritzako eta kontroleko funtzio administratiboei.
- Interes ekonomiko eta komertzialei.
- Politika ekonomiko eta monetarioari.
- Sekretu profesionalari eta jabetza intelektual eta industrialari.
- Erabakiak hartzeko prozesuetan eskatzen den konfidentzialtasuna edo sekretua ziurtatzeari.
- Ingurumena babesteari.
- Datu pertsonalak babesteari.
Ez onartzeko arrazoiak
Artikulu hauek ezartzen dituzte eskaerak ez onartzeko arrazoiak: Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 2013ko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 18.1. artikuluak eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 2018ko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 37. artikuluak. Eskaerak ez dira onartuko kasu hauetan:
- Eskatzen duten informazioa informazioa eskuratzeko eskubidetik kanpo uzten badu legeak.
- Eskatzen duten informazioa ez bada entitate hartzailearen boterekoa eta ez badugu garbi noren eskumena den.
- Kontsulta juridikoen erantzunei buruzko informazioa edo txostenak edo irizpenak egitea eskatzen badute.
- Eskaerak gehiegizkotzat jotzen badira nabarmen arrazoigabeak edo errepikakorrak direlako edo eskubidearen abusua egiten dutelako.
- Eskatzen duten informazioa prestaketa-dokumentazioari, erabat prestatu gabe dagoen materialari edo amaitu gabeko dokumentu edo datuei buruzkoa bada eta ez badaude administrazio-espedientean sartuak.
- Eskatzen duten informazioa osagarria bada, hala nola garrantzi publikorik edo interes publikorik ez duten oharrak, zirriborroak, iritziak, barne-erabilerarako laburpenak edo barne-komunikazioak. Ez dira halakotzat hartzen hauek: txosten juridikoak, teknikoak, ekonomikoak eta bestelakoak, espedientearen parte direnak edo ebazpenekin eta beste administrazio-egintza batzuekin lotura dutenak.
- Eskatzen den informazioa dibulgatzeko beharrezkoa baldin bada informazioa aurretik lantzea.
Informazio publikoaren eskaerak honela egin daitezke:
- Mezu elektroniko bat bidaliz helbide honetara: transparencia@unavarra.es
- Aurrez aurre, Nafarroako Unibertsitate Publikoko erregistro gaietan laguntza emateko bulegoan.
- Administrazio Publikoen Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro bulegotan.
Eskabideak honako hauek jaso beharko ditu:
- Eskatzailearen identitatea.
- Zein den eskatzen den informazioa, zehatz adierazia.
- Eskatzen den informazioa zer modu eta formatutan eskuratu nahi den.
- Harremanetarako helbide baliodun bat, eskabideari buruzko jakinarazpenak helbide horretara bidaltzeko.
- Nahi izanez gero, eskaeraren arrazoiak azaltzen ahalko ditu eskatzaileak.
Informazio publikoa eskuratzeari buruzko berariazko edo ustezko ebazpenen aurka, zilegi izanen da, aukeran, aurretiazko erreklamazioa jartzea Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluan.
2024
Eskaeren zenbakia: 43