Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 25 kultura-ikastaro (talde egonkorrak barne) eskainiko ditu 2017-2018 ikasturtean. Horietatik 17 Iruñeko campusean egingo dira, eta 8, Tuterako campusean. Matrikula egiteko epea irailaren 1ean, ostirala, zabaldu zen unibertsitateko komunitateko kideentzat. Ikasle ohi eta adiskideek, A3U programan izena emanda daudenek, eta unibertsitatekoak ez direnek hilaren 15etik aurrera emango dute izena.
Eskaintzaren barruan, zenbait gai lantzen duten monografikoak daude, hala nola musika, dantza, arte eszenikoak, artea, komunikazioa, irudia, zientzia, nazioarteko politika eta gastronomia. Ikastaroei, egutegiei eta prezioei buruzko informazioa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Aurten, berritasun gisa, lehenengo aldiz antolatu dira Iruñeko campusean ikastaro hauek: “Kamishibai” (ipuinak kontatzeko Japoniako modu bat, paperezko antzerkian oinarritua); “Object Hacking: arte- eta teknologia-lantegia”; “Sormenezko sukaldaritza” (hirurak, bigarren seihilekoan) eta “Ikus-entzunezko sorkuntza telefono mugikorrarekin” (lehen seihilekoan). Horiez gainera, iaz martxan jarritako zenbait ikastaro ere egingo dira aurten: “Garagardo lantegia”, garagardoa nola egiten den eta dastaketen bidez edari horren kalitatearen ezaugarri nagusiak zein diren jakiteko; “Ibilbideak Nafarroako ondare geologikotik barna” (I eta II), zeinean ibilaldiak egingo baitira Iruñerrian, ekialdeko Aralar mendiko karstean, Jaitzeko diapiroan eta mendebaldeko Erriberan barna; “Argazkiei ukituak egitea Photoshopen bidez” eta “Argazki-kamera digitalak erabiltzea”. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi “Bertsolaritza lantegia: bertsoak sortzeko artearen hastapenak”; “Geomorfologia Iruñerrian” eta “Nazioarteko sukaldaritza”, zeina beste ikasturte batzuetan ere egin baita.
Talde egonkorrak eta Tuterako ikastaroak
Aurten ere jardunean segituko dute talde egonkor hauek: Antzerki Taldea, Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatza, Ganbera Taldea, eta Eztabaida Kluba, iaz sortu zena. Aurreko urteetan bezala, aurten ere eskainiko dira “Irakurketa Kluba” (udazkeneko seihilekoan eta udaberriko seihilekoan) eta “Jendaurrean hitz egitea (oinarrizkoa)” (udazkeneko seihilekoan eta udaberriko seihilekoan) ikastaroak.
Tuterako campusari dagokionez, ikastaro hauek daude programatuta: “Ekonomia globala: oinarrizko ideiak”; “Erlijio monoteistak: kristautasuna, judaismoa eta islama”; “Hizkuntza tonalaren historia eta bilakaera”; “Nafarroako landare-paisaia”; “Adimen emozionalaren oinarri praktikoak”; “Antropologia denentzat” (Tuterako Esperientziaren Gelako ikasleentzako zabalpen-ikastaroa); “Psikologia, osasuna eta ongizatea”; eta “Europar Batasuneko gaurkotasun-gaiak”.
Doako ikastaroak
Izen-ematea doakoa da "Irakurketa Kluba", "Argazkiei ukituak egitea Photoshopen bidez" eta "Argazki-kamera digitalak erabiltzea" ikastaroetarako, bai eta Antzerki Taldean, Iruñeko Orfeoiaren Gazte Abesbatzan eta Ganbera Taldean parte hartzeko ere. Gainerako ikastaroen prezioak 61 eurotik 137 eurora bitartekoak dira, eta ordainduko den prezioa zehazteko kontuan hartuko da ikaslea unibertsitateko komunitateko kidea den eta prestakuntza jardueraren iraupena zein den.
Matrikula bi eratara egiteko aukera dago: Interneten bidez edo, bestela, Iruñeko campusera (Kultura eta Kirol Atalean, Arrosadiko campuseko Sekuoia eraikinean) edo Tuterako campusera (Informazio Bulegoan) joanda.
Ikastaroak eta kultura-jarduerak egiteagatik kredituak emango zaizkie ikasleei, eta beren espedientean jasoko dira. Gehienez ere, sei kreditu eskuratuko dituzte jarduera horiengatik graduko ikasketa-plan osoan.