Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hiru master eta bi master bikoitz berri eskainiko ditu 2024-2025 ikasturtean. Hauek dira hiru master berriak: Zibersegurtasuneko Unibertsitate Masterra, Bioteknologiako Ikerketako eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterra eta Energia Berriztagarrietako Unibertsitate Masterra: Energia Elektrikoa sortu eta Sarean integratzea; master bikoitz berriak, aldiz, Ingeniaritza Informatikoa eta Zibersegurtasuna eta Telekomunikazio Ingeniaritza eta Zibersegurtasuna. Eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. Aurreinskripzioa ere hor egin behar da, eta apirilaren 18a baino lehen. 

Master berriez gainera, aurreko urteko titulu guztiak eskainiko dira. Jarraian adierazten dizuegu eskaintza osoa –graduondoko berriak eta lehendik zeudenak–, arloaren arabera banatua. Elikagaien Nekazaritzaren arloak eta Zientziarenak hiru master dituzte komunean. Elikagaien Nekazaritzaren arloan, beste lau eskainiko dira –hala nola Ingurumen Agrobiologiako eta Natura Zientzietako Master Bikoitza, Rosarioko Unibertsitatearekin batera emanen dena (Kolonbia)–, eta Zientziaren arloan, beste hiru. 

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Ekonomia eta Enpesa Zientzien arloan sei master ditugu; Hezkuntzan master bat eta master bikoitz bat, eta Giza eta Gizarte Zientzietan hiru master arrunt eta bikoitz bat. Beste alde batetik, Industria Zientzien arloan bost master eta master bikoitz bat ditugu, eta Informatikaren eta Telekomunikazioaren arloan zazpi master eta hiru master bikoitz. Zientzia Juridikoen arloan, lau master eta master bikoitz bat eskaintzen ditugu. Azkenik, hiru master daude Osasunaren arloan. 

Master berriei buruzko xehetasunak 


Zibersegurtasuneko Masterrean, zibersegurtasuna kudeatzen eta administratzen ikasiko dute ikasleek, baita zibersegurtasuneko planak eta langileen prestakuntzako eta kontzientziazioko planak diseinatzen eta haien jarraipena egiten ere. Produktu eta sistemak normalizatzeko eta ziurtatzeko prozesuak ezartzeko oinarriak landuko dituzte, eta zibersegurtasunaren eta datu pertsonalen babesaren arloko azpiegiturak kudeatzen eta informazio-aktiboak babesten ikasiko dute. Bestalde, aplikazio informatiko sendoak, seguruak eta efizienteak aztertzen, diseinatzen, eraikitzen eta mantentzen irakatsiko zaie ikasleei, baita segurtasunaren eta ziberdefentsaren auditoretzak egiten ere.

Bioteknologiako Ikerketako eta Berrikuntzako Masterrak sektore farmazeutikoko, bioteknologikoko edo nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresetako I+G+Bko departamentuetan lan egiteko gaituko ditu ikasleak, bai eta ikerketa-zentroetako edo zentro teknologikoetako ikerketako, berrikuntzako eta garapeneko jardueretan aritzeko, eta doktoretzaren bidez ikerketa-karreran sartzeko ere.

Bestalde, energia berriztagarrien arloan NUPek zuen graduondoa aldatu eta eguneratu egin da lan-ingurunearen eskaeretara egokitzeko, eta horren emaitza da Energia Berriztagarrietako Unibertsitate Masterra.