Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Zibersegurtasuneko Unibertsitate Masterra emanen du datorren ikasturtean. Master horrek softwarearen garapenari, azpiegiturei, segurtasunaren eta gobernantzaren auditoretzari eta araudia betetzeari buruzko gaitasunak eskuratzeko aukera emanen du. Profil teknikoa du, eta aukera dago master hori bakarrik egiteko edo master bikoitz hauetako batean integratuta: Unibertsitate Master Bikoitza Ingeniaritza Informatikoan eta Zibersegurtasunean eta Unibertsitate Master Bikoitza Telekomunikazio Ingeniaritzan eta Zibersegurtasunean.

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Javier Goicoechea NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko (IITIGMET) zuzendariak adierazi duenez, “helburua da enpresek eta erakundeek asko eskatzen dituzten gaitasunetan trebatutako profesionalak izatea; izan ere, Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak (INCIBE) aurreikusten du lanbide-profil horien merkatuko eskaria bikoiztu eginen dela 2024an”.

Master eta master bikoitz berri horiek bat egiten dute Nafarroako Jasangarritasunerako Espezializazio Adimendunaren Estrategiarekin (S4) eta berriki sortutako Navarra Cybersecurity Center-en jarduerarekin; Navarra Cybersecurity Center Nafarroako Zibersegurtasun Zerbitzuetarako leihatila bakarra da, eta IRIS Poloan integratuta dago. Eduardo Magaña NUPeko Ingeniaritza Telematikoaren arloko katedradunaren ustez oso garrantzitsua da hori, “Navarra Cybersecurity Centerrekiko eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuarekiko koordinazioa arina eta oso emankorra izaten ari baita, bai irakaskuntzari dagokionez, bai masterraren inguruan zibersegurtasuna sustatzeko planteatzen ari diren jarduerei dagokienez”. Ildo beretik mintzatu da Juan Ramón Aramendia, Navarra Cybersecurity Centerreko koordinatzailea: “kualifikazio handiko talentu profesionala sortzea da zibersegurtasunaren sektoreko erronka nagusietako bat; master honek eskaintzaren eta eskariaren arteko aldea arinduko du. Albiste bikaina da sektorearentzat, eta aukera paregabea gure gazteek prestakuntza sakona eta kalitatezkoa jaso dezaten, gai izan daitezen bizitza profesionalaren erronkei jakintza-oinarri sendo batekin aurre egiteko”.

Masterrean zer ikasiko duten

Masterrak 60 ECTS kreditu ditu, eta hartan ikasleek zibersegurtasuna kudeatzen eta administratzen ikasiko dute, baita zibersegurtasun planak eta langileen prestakuntza eta kontzientziazio planak diseinatzen eta haien jarraipena egiten ere. Era berean, produktu eta sistemak normalizatzeko eta ziurtatzeko prozesuak ezartzeko oinarriak landuko dituzte, eta zibersegurtasunaren eta datu pertsonalen babesaren arloko azpiegiturak kudeatzen eta informazio-aktiboak babesten ikasiko dute. Bestalde, aplikazio informatiko sendoak, seguruak eta efizienteak aztertzen, diseinatzen, eraikitzen eta mantentzen irakatsiko zaie ikasleei, baita segurtasunaren eta ziberdefentsaren auditoretzak egiten ere.

Masterrak eskaintzen dituen irteera profesionaletako bat da hainbat sektoretan informazioaren segurtasunaren arduradun izatea, hala nola industrian, turismoan, merkataritza elektronikoan edo osasunean. Ikasleak gai izanen dira, halaber, zibersegurtasunarekin lotutako lanpostuetan lan egiteko edozein erakundetan (gobernantza, arriskuaren kudeaketa, ikuskaritza teknologikoa eta aplikazioen garapena) eta Segurtasun Operazioen Zentroetan (SOC), baita zibersegurtasunaren eta ziberdefentsaren auditoretzan lan egiteko ere. Azkenik, masterrak ikerketa-karrerarako sarbidea ere ematen du.

Navarra Cybersecurity Center

Navarra Cybersecurity Center CIBERREG lankidetza-proiektuaren barreneko ekimen bat da, Nafarroako Gobernuaren Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak gidatua eta NASERTICek kudeatua. Espainiako beste zazpi eskualderen partaidetza du eta RETECH programaren parte da (Espezializazio Teknologikoko Lurralde Sareak). Programa hori Espainiako Zibersegurtasuneko Institutu Nazionalak (INCIBE) koordinatzen du, Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzaren bidez, eta Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planeko (Next Generation) funtsekin finantzatzen da.