• ES
  • EU
  • EN


[Erakundeak]

Guatemalako fiskal nagusiak hartu du NUPen Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria

Thelma Aldanak saria jaso du ekitaldi batean, zeinean Nafarroako eta unibertsitate komunitateko agintari gorenak baitzeuden

Dokumentazio gehigarria:

 
zoomThelma Aldana fiskalak eskerrak ematen ditu sariarengatik.

Thelma Aldana fiskalak eskerrak ematen ditu sariarengatik.

Thelma Esperanza Aldana Hernández Guatemalako fiskal nagusiak eta bere herrialdeko Justizia Auzitegi Gorenaren lehendakari ohiak jaso du gaur, martxoaren 22an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Ekitaldia Iruñeko Arrosadiko campuseko Errektoretzako eraikinean izan da. Alfonso Carlosena errektorea izan da ekitaldiko burua, eta bertan egon dira Foru Komunitateko agintari gorenak. Saria emateko ekitaldia hasi denean, han zeudenek minutu bateko isilunea egin dute Bruselako atentatuengatik.

Saria emateaz arduratzen den Jaime Brunet Fundazioko burua ere baden Alfonso Carlosenaz gain, saria emateko ekitaldian toki nabarmena eduki dute, baita ere, Ainhoa Aznárez Igarza Nafarroako Parlamentuko buruak, eta Joaquín Mencos Doussinague Jaime Brunet Fundazioko buruordeak.

zoomDe izq. a dcha.: Aznárez, Aldana, Carlosena y Mencos, en la UPNA.

De izq. a dcha.: Aznárez, Aldana, Carlosena y Mencos, en la UPNA.

Bertan egon dira, halaber, beste batzuen artean, Maya Camey Peláez, Espainiako Guatemalaren Enbaxadako negozio-arduraduna; Carmen Alba Orduna, Gobernuaren ordezkaria Nafarroan; Ana Ollo Hualde, Nafarroako Gobernuko Erakundeekiko eta Hiritarrekiko Harremanetarako kontseilaria; Francisco Javier Enériz Olaechea, Nafarroako artekaria; Joaquín Galve Sauras, Nafarroako Auzitegi Nagusiko burua, eta  José Antonio Sánchez Sánchez-Villares, Nafarroako Goi Fiskaltzako fiskala. Gainera, bertan zeuden Nafarroako zenbait diputatu eta parlamentari, Foru Gobernuko zuzendari nagusi batzuk, Hezkuntzaren Goi Ikuskaritzako, Iruñeko Abokatuen Elkargoko, Eskola Kontseiluko eta Nafarroako Kutxaren Fundazioko ordezkariak, baita beste erakunde batzuetakoak ere.

Ekitaldira hurreratu dira, halaber, Jaime Brunet Fundazioko eta NUPeko ordezkariak, esaterako Julio Lafuente López errektore ohia, zuzendaritza taldeko ordezkariak, Gizarte Kontseilukoak, Ikasleen Kontseilukoak, eta ikastegietako arduradunen eta sailetako zuzendarien zenbait ordezkari.

Thelma Aldana saria irabazteko hautagai proposatu zuten pertsonetako bi ez dira falta izan, ezta ere: Andrés Carbonero Martínez, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Dirusarreren Bermearen eta Lankidetzaren zuzendaria, eta  Esther Erice Martínez, Nafarroako Probintzia-auzitegiko burua.

Saria emateak bukaera jarriko die Thelma Aldanak Iruñean bizi dituen bi egun gogoangarriei; izan ere, atzo, astelehenean, topaketa bat eduki zuen NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko ikasleekin eta hitzaldi bat eman zuen Planetarioan, Guatemalan emakumeen eta herri indigenen aurka dagoen indarkeriari buruz, eta gaur asteartean, prentsaurreko bat eman, Carlosena errektorearekin bildu eta Arrosadiko campusa bisitatu du.

Epaimahaiaren erabakia

Jaime Brunet sariaren epaimahaiak joan den abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen zela baliatuz, ezagutzera eman zuen bere erabakia, eta jakinarazi zuen Thelma Aldana "emakumeen eskubideen alde eta genero indarkeriaren aurka, eta populazio indigenaren eskubideen alde” nabarmendu dela, baita "ustelkeria politiko eta ekonomikoaren aurkako borrokan" ere.

Saria 36.000 eurokoa da, eta epaimahaiak bere erabakian nabarmendu du "haren lan nekaezina, Justizia Gorte Goreneko Presidentziatik eta Errepublikaren Fiskaltza Nagusitik, Giza Eskubideen alde Guatemalan" eta azpimarratu du Thelma Aldana "bereziki nabarmendu dela Guatemalako gizartea hainbeste ahuldu duen ustelkeria politikoaren eta ekonomikoaren aurka egindako borrokagatik, une oro ausardia eta erabakimen handiz jardun baitu alor horretan".

Fundazioa eta Jaime Brunet Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, saritzeko zientzia-lan bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat, edo giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Fundazioak, 1998tik, hamazazpi Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu, eta Jürgen Habermas filosofoa, Dalai Lama, Gervasio Sánchez argazkilari eta kazetaria, Nazioarteko Amnistia, Manos Unidas eta Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordea saritu ditu, besteak beste.

Sariak Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992) filantropoari zor dio bere izena, zeinak bere ondarea oinordetzan utzi baitzuen, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.

Galeria de fotos


Jaime Brunet saria emateko ekitaldia: Thelma Aldana

  • Guatemalako fiskal nagusia, Thelma Aldana, NUPeko Brunet sariduna.
  • Alfonso Carlosena errektorearen hitzaldiaren une bat.
  • Thelma Aldana fiskalak eskerrak ematen ditu sariarengatik.
  • Nafarroako agintari gorenak Errektoretzan egin den ekitaldira joan dira.

Ikusi argazkiak