Joan eduki nagusira

José Antonio Mendizabal Aizpuru Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Animalia Ekoizpeneko katedradunak eta ISFOOD ikerketa-institutuari atxikitako ikertzaileak Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiako akademiko-postuaren jabetza hartu du berriki. Akademiaren osoko bilkurak Mendizabal akademiko bihurtzearen aldeko erabakia hartu zuen joan den urtean. Sarrera-hitzaldia erakunde horrek Madrilen duen egoitzan eman zuen, eta Espainiako hegaztizaintzaren historiari buruz hitz egin zuen.

Zehazki, Mendizabalek diziplina horren errepaso historikoa egin zuen: antzinaroan oiloak etxekotu eta haztea, hegaztizaintza produktiboaren hastapenak (XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen lehen herena) eta 60ko hamarkadatik aurrera hegaztizaintzaren garapenaren hasiera. Laburpen gisa, egungo hegaztizaintza jorratu zuen zenbait alderdi aipatuz, hala nola hegaztien ongizatea, biodibertsitatea, jasangarritasuna eta “one health” kontzeptua (osasun ezin hobea pertsonentzat, animalientzat eta ingurumenarentzat).

zoom José Antonio Mendizabal, Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademian sartzeko hitzaldia irakurtzen.

José Antonio Mendizabal, Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademian sartzeko hitzaldia irakurtzen.

Haren hitzaldiak "Hegaztizaintza eta Albaitaritzako Zientziak Espainian. Topaketen eta aurrerapenen historia bat” zuen izenburua, eta "Espainiako albaitariek egunez egun, isilik eta atsedenik gabe egiten duten lanari justizia egiten eta ikusarazten” lagundu nahi izan zuen. “Hegaztizaintza da elikagaien munduko hornitzaile nagusia", eta Espainia Europako potentzia bat da: bigarren haragi-ekoizlea, Poloniaren atzetik; eta hirugarren, errunaldian, Alemaniak eta Frantziak bakarrik gainditzen dute, adierazi zuenez. 

Ekitaldiaren protokoloa

Arturo Anadón Navarro Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiako presidentea izan zen sarrera-ekitaldiaren burua, eta lagun izan zituen Isabel Casasús Pueyo Animalia Zientziaren Europako Federazioko presidentea, María Cinta Mañé Seró Akademiako kide osoa eta bosgarren sekzioko presidentea, Salvio Jiménez Pérez presidenteordea eta Miguel Ángel Aparicio Tovar idazkari nagusia. 

Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiako protokoloaren  arabera, José Manuel Etxaniz Makazaga akademiako kide osoak erakundeko kide berria aurkeztu zuen. Jarraian, idazkari nagusiak zina hartu zion José Antonio Mendizabali, eta Mendizabalek egiaztagiria sinatu zuen. Azkenik, presidenteak, errearen izenean, dagokion domina eman zion eta akademikoa dela egiaztatzen duen dokumentua eman eta bosgarren sekzioa esleitu zion (Historia, Deontologia, Bioetika eta Legeak, eta Humanitateak), eta han eginen du lan.

José Antonio Mendizabal Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiako kide izateko aukeratu zuten albaitaritzaren historiarekiko interesagatik eta bere jardueragatik, ikasle garaian hasi baitzen. Bere ikerketen artikuluak argitaratu ditu "Anales de la Real Academia de Ciencias Veterinarias de España" argitalpenean eta "Información Veterinaria", "Archivos de Zootecnia" eta "Arte Avícola" aldizkarietan, eta albaitari ospetsuei buruzko hiru erreseina ditu eginak "Diccionario Biográfico Español" libururako (Historiaren Errege Akademiak argitaratua). Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiak Andrés Pintaluba V. Saria, Carlos Luis Cuenca Saria (2017) eta Albaitaritzaren Historiaren Adiskideen I. Saria (2020) eman zizkion.

Irakaskuntzako eta kudeaketako jarduera

José Antonio Mendizabal, Albaitzaritzan lizentziaduna eta doktorea Zaragozako Unibertsitatean, NUPeko Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoan (NIBGMET) sartu zen 1990ean, Animalia Ekoizpeneko irakasle moduan, eta 2019tik arlo horretako katedraduna da. Irakasle gisa, animalia ekoizpenaren arloko zenbait irakasgai eman ditu, hala nola: Animalien Biosegurtasuna eta Ongizatea, Elikadura eta Errazionamendua, Animalien Ugalketa eta Animalia Ekoizpena. Ikertzaile gisa, hauek izan ditu aztergai: animaliak hil eta tripak eta erraiak kendu ondoren gelditzen den karkasaren (kanalaren) eta haragiaren kalitatea eta ehun koipetsuaren garapena eta metabolismoa.

Bere ikerketa-lanaren zati bat Clermont Ferrandeko (Frantzia) INRAE zentroan egin zuen, bertan doktoratu ondoko egonaldi bat egin baitzuen 1996-1997 urteetan. Azkenik, unibertsitateko kudeaketan honako hauetan aritu izan da: Nekazaritza Ekoizpeneko Saileko idazkari akademiko, zuzendariorde eta zuzendari moduan, doktoretzako zenbait programatako koordinazioan eta “Haragi ekoizpena: biodibertsitatea eta jasangarritasuna” ekintza-taldearen koordinazioan. Talde hori Lleidako Unibertsitateko, Zaragozako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuek osatzen dute.

Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiaren lana

Albaitaritzako Zientzien Espainiako Errege Akademiaren estatutuek adierazten dutenez, albaitariaren eskumenak gauzatzen diren jarduera historiko, zientifiko eta teknikoak, juridikoak eta etikoak dira haren lanaren xedea, bereziki abere-ekoizpenei, animalien osasunari eta horrek gizakien osasunarekin eta ingurumenarekin duen harremanari dagozkienak. Testuinguru horretan, Errege Akademiak “zientzien aurrerapena zabaltzen eta albaitaritza-jardueretan eragina duten teknikak fintzen laguntzen du, bai eta albaitaritza-zientzien eta osasun-zientzien, zientzia esperimentalen eta gizarte zientzien gainerako arloen arteko harreman zientifikoak eta teknikoak garatzen ere, Espainiakoak zein nazioartekoak”.