Joan eduki nagusira

Unibertsitateen G-9 Taldeak, zeinak Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide baitu, 6.000 izen-emate baino gehiago jaso ditu aurten Administrazioko eta Zerbitzuetako langileei (AZL) eskainitako 60 “online” ikastaroetarako. Datu hori kudeatzailetzen arloko batzordean ezagutarazi da. Batzordearen arabera, “Taldeko unibertsitate publikoetako langileak gaitzeko hartutako konpromiso jarraituaren” erakusgarri da datua. Batzordea Kantabriako Unibertsitatean bildu da Ignacio Villaverde Oviedoko Unibertsitateko errektorea buru zela.  Eskainitako ikastaroen kopurua handiagotu egin da, aurreko edizioko 47 ikastaroetatik egungo 60 ikastaroetara igaro baita, eta horrek erakusten du “azaleratzen ari diren beharretara egokitu dela, bereziki bereziki arlo digital eta administratiboetan, Taldea osatzen duten erakundeen lehiakortasunari eta garrantziari eusteko funtsezkoa".

Lan jardunaldietan aztergai izan dute, halaber, unibertsitateak nola egokitzen ahal diren hobe legegintzako erronka berrietara eta nola hobetzen ahal duten beren efizientzia operatiboa puntu kritikoak jorratuz, hala nola lan-erreforma, unibertsitate-campusetan kontratatutako zerbitzuen kudeaketa eta digitalizazioa. 

zoom G-9 Taldeko kudeatzailetzen arloko batzordearen familia-argazkia Kantabrian.

G-9 Taldeko kudeatzailetzen arloko batzordearen familia-argazkia Kantabrian.

Javier García Sahagún Kantabriako Unibertsitateko Antolakuntzako kudeatzaileordeak hasiera eman zion topaketari berriki egindako lan-erreformek ezarritako erronkei buruzko txosten zehatz batekin. Azaldu zuen nola ari diren erreforma horiek ikerketa-kontratuak birkonfiguratzen eta langileen egonkortasunari eragiten. Ikerketa-langileentzako batzorde berezi bat sortzea puntu nabarmena izan zen, eta agerian utzi zuen zer-nolako ahalegina egiten ari den unibertsitate-egiturak lan-ingurune aldakor baten eskaeretara egokitzeko.

Gai eztabaidatuenetako bat izan da efizientzia oinarrizko zerbitzuen kudeaketan, hala nola garbitasuna, segurtasuna eta kafetegiak.  Nabarmendu da gero eta zailtasun handiagoak daudela unibertsitateko zerbitzu garrantzitsu horiek betetzeko. Orain arte zerbitzu horiek kanpora atera izan dira, eta hainbat sektoretako enpresek bete dituzte. Orobat gogoeta egin da ea nola izan proaktiboagoak kudeaketan jasangarritasun-irizpideak ere betez.

Aurrerapenak administrazio elektroniko ireki baterantz

Bestalde, Francisco Javier Muñoz de la Iglesia Kantabriako Unibertsitateko Web Arloko buruak administrazio elektronikoaren ezarpenean izandako lorpenen berri eman du. Ekimenak “unibertsitateko komunitatearekiko eta jende guztiarekiko harremana aldatu du”. Zerbitzu digitalen hedapenak izapideak erraztu eta gardentasuna hobetzen du, eta beste urrats bat da kudeaketa irekiago eta eskuragarriago baterantz.

Unibertsitateen G-9 Taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea 1997an sortutako elkarte bat da,  eta beren autonomia-erkidegoetan unibertsitate publiko bakarra diren unibertsitateek osatzen dute, zehazki hauek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea eta Murtziako Unibertsitatea, zeina entitate laguntzailea baita.