Bihar, osteguna, maiatzak 9, 19:00etatik aurrera, bi kultur ekitaldi eginen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Arrosadiko campusean. Interesa dutenek sarbide librea izanen dute Ikasgelategiko 221. Ikasgelara (2. solairua), Brenda Navarro idazle mexikarrarekin eginen den solasaldian parte hartzeko, edo, bestela, Sario eraikinean eginen den “¡Oh, Ford!” izeneko erakusketaren aurkezpenera joaten ahal dira. María Azkarate euskal argazkilari eta arkitektoa da erakusketaren egilea eta berak aurkeztuko du.
Brenda Navarrok (Mexiko Hiria, 1982) Soziologia eta Ekonomia Feminista ikasi zuen Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan, eta Genero, Emakume eta Herritartasun gaietako Ikasketetako master bat Bartzelonako Unibertsitatean. Madrilen bizi da, eta erredaktorea, gidoilaria, erreportaria eta editorea izan da, eta giza eskubideekin lotutako zenbait GKEtan lan egin du. #EnjambreLiterario-ren sortzailea izan zen, emakumeek idatzitako lanak argitaratzen dituen proiektu bat. “Casas vacías” bere lehen nobelari Tigre Juan saria eman zioten 2020an, eta zazpi hizkuntzatara itzuli zen. Bigarren nobelarekin, “Ceniza en la boca”, Madrilgo liburu-dendek ematen duten Libro del Año saria lortu zuen 2022an.
Arkitekturako argazkilaria
Bestalde, María Azkarate (Gasteiz, 1977) Iruñean bizi da, non Arkitektura ikasi baitzuen Nafarroako Unibertsitatean. Zenbait urtez lanean aritu ondoren, argazkigintza deskubritu zuen adierazteko modu gisa, eta, harrezkero, bere ibilbidea aldatu zuen, arkitekturako argazkigintza eta hiriari eta espazio arkitektonikoari buruzko proiektu pertsonalen garapena uztartuz. Bere lana Nafarroako Museoaren eta Bilboko Arte Ederren Museoaren funtsen parte da.
Artista horren “¡Oh, Ford!” izeneko erakusketa ikusgai izanen da ekainaren 21era arte NUPeko Sario eraikinean. Ikusizko kontakizun bat da, zeinean “kritikoki begiratzen baitzaio sistema ekonomikoaren arauei jarraitzen dien zibilizazioari, hots, sistema ekologikoen funtzionamendu osasuntsua mantentzen duten funtsezko prozesuak bazter uzten dituen zibilizazioari”. Haren izenburuak keinu egiten dio XX. mendeko kontakizun handienetako bat den Aldous Huxleyren Bai mundu berria eleberriari, nahiz eta sailean aurkezten den etorkizuna eleberri hartan aurkeztutakoaren oso bestelakoa izan. Saila, jatorriz, Punto de Catástrofe argazki-taldearen Intersecciones izeneko fanzine-bildumaren barrenean argitaratu zen. Bilduma horrek errepidea zuen ardatz, modernitatearen sinbolo handienetako bat, erabat aldatu baititu lurraldea eta hartan bizitzeko moduak. Erakusketa astelehenetik ostiralera bisitatzen ahalko da, 8:00etatik 21:00etara, eta sarbidea librea izanen da.