Joan eduki nagusira

Heldu den ostegunean, maiatzak 9, amaituko da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) “Tour Universitario Cajal. Begirada bat funtsezkoari” erakusketa ibiltaria. Erakusketa Espainiako unibertsitate nagusietan egiten ari dira, eta Santiago Ramón y Cajal Petilla de Aragón Nafarroako herrian jaiotako mediku eta ikertzaileari buruzkoa da. Ekimenak nobel saridunak medikuntzan egindako aurkikuntzak ezagutarazten ditu, eta Cajal urtea dela-eta zientziak duen garrantzia azpimarratzen du. Ekimenari amaiera emateko, heldu den ostiralean, maiatzak 10, Eva Soriano artistak emanaldia eskainiko du Arrosadiko campuseko Ikasgelategian.  Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) antolatu du erakusketa 3,2,1 Imagine eta Dacia enpresen laguntzarekin.

zoom Ramón y Cajalen XX. mendearen hasierako laborategia birsortzea Arrosadiko campusean ezarritako erakusketan.

Ramón y Cajalen XX. mendearen hasierako laborategia birsortzea Arrosadiko campusean ezarritako erakusketan.

Erakusketa Arrosadiko campuseko Liburutegiaren plazan dago, eta "motorhome" delakoaren barrualdera egindako bisitarekin hasten da. “Motorhomea” erakustoki handi bat da, eta bertan XX. mendearen hasierako laborategi bat birsortu da. Erakustokian ikus-entzunezko bat ematen da, eta Eva Soriano umorista Ramón y Cajalekin hizketan agertzen da. Umore ukituekin, elkarrizketak zientzialariari buruzko xehetasunak ezagutzeko aukera ematen du, bai eta haren aurkikuntzak ezagutzeko ere, bereziki neuronei buruzkoak.

Erakusketaren kanpoaldean, autozinea simulatuz, zenbait ibilgailu batzuk pantaila handi batera begira daude, non sakelako telefonoarekin joko batean parte hartzeko aukera baitago Kahoot plataformaren bidez bideoari buruzko galderei erantzuteko. Parte hartzen dutenek doako sarrerak eskuratzen ahalko dituzte Eva Soriano zuzenean ikusteko. Sorianoren emanaldia ostiral honetan 12:00etan izanen da Arrosadiko campuseko ikasgelategiko 09 gelan. Artistak DJ Carpantis izanen du lagun umorea, musika eta zientzia nahasten dituen ikuskizun batean.

Azkenik, Eko-Funtsezkoa deritzan gunean, jendeak aukera izanen du erlaxatzeko eta sare sozialetan aritzeko.

Erakusketarako sarrera librea da, eta irekita dago 10:00etatik 19:00etara, asteartetik ostegunera.

Cajal urtea 2025era arte

Espainiako Gobernuak 2022. urtea "Santiago Ramón y Cajal ikerketa-urtea” izendatu zuen, zientzialariaren jaiotzaren 170. urteurrena ospatzeko. Ekimenak 2025eko maiatzaren 31 arte iraunen du.

Tour Universitario Cajal erakusketa bi etapatan dago banatuta. Lehenengoan, 2023an, unibertsitate hauetan egin da erakusketa: Salamanca, Valentziako Politeknikoa, Madrilgo Autonomoa eta Santiago de Compostela. Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) bisitatu eta NUPeko geldialdia amaitu ondoren, tourra beste bost unibertsitatetatik igaroko da 2024an.