Joan eduki nagusira

Gaur eta bihar, maiatzak 9 eta 10, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Europako, Amerikako eta Asiako 132 espezialista bilduko ditu Ekonomia Publikoari buruzko XXXI. Topaketan, agintari publikoek batez ere diru-sarreren eta gastu publikoen bidez merkatu-ekonomian egiten duten esku-hartzearen alderdi batzuk aztertzeko. Hala, ohiko eztabaidagaiei, hala nola osasunaren eta hezkuntzaren ekonomia, zergak, politika publikoen eragina lan-merkatuan edo sektore publikoaren tamaina, agenda publikoaren parte diren beste batzuk gehitu zaizkie bilera honetan, hala nola genero-politikak edo klima-aldaketa. Erakunde akademikoko Ekonomia Sailak eta Enpresen Kudeaketa Sailak antolatu dituzte jardunaldiak honako erakunde hauen babesarekin: Azterketa Fiskalen Institutua, Nafarroako Ekonomialarien Elkargoa, Nafarroako Kontuen Ganbera, Iruñeko Udala, Nafarroako Foru Ogasuna eta NUP (INARBE Institutuaren  eta Ekonomia Sailaren bidez).

Parte-hartzaileak zenbait unibertsitatetako irakasleak dira, ikasketa-zentroetako ikertzaileak, hala nola Azterketa Fiskalen Institutua, eta erakunde publikoetako langileak (Espainiako Bankua, Deutsche Bundesbank edo Alemaniako Banku Federala, Kolonbiako Errepublikako Bankua, udalak...). 

zoom NUPen egiten ari den Ekonomia Publikoari buruzko XXXI. Topaketako parte-hartzaileen familia-argazkia.

NUPen egiten ari den Ekonomia Publikoari buruzko XXXI. Topaketako parte-hartzaileen familia-argazkia.

Ehun ikerketa-lan

Topaketaren programa sei saio paralelotan banatzen da, eta saio horiek hainbat azpigai aztertzen dituzte. Eztabaidak gaztelaniaz eta ingelesez eginen dira Arrosadiko campuseko Olibondoen eraikinean. Osotara, 29 saio eginen dira, eta ekonomia publikoaren arloko zenbait gairi buruzko 98 ikerketa-lan aurkeztuko dira. Aurkeztutako artikuluetako batzuk Azterketa Fiskalen Institutuaren Hacienda Pública Española/Review of Public Economics aldizkariaren zenbaki berezi batean argitaratuko dira. Zenbaki berezia 2025ean argitaratuko da. 

Programaren barruan, Herrialdearen Adiskideen Bartzelonako Elkarte Ekonomikoaren (SEBAP) Alexandre Pedrós saria ere emanen da. Saria zuzenduta dago topaketan honako arlo hauetan aurkeztutako lanei: federalismo fiskala, ogasun autonomikoa eta lokala eta ezarpena eta aukeraketa publikoa. 

Azkenik, Olga Alonso Villar (Vigoko Unibertsitateko katedraduna) eta Clemens Fuest (IFO Institutuaren burua, Alemaniako "think-tank" ekonomiko handienetakoa) hizlariak gonbidatu dituzte topaketara. Programa NUPen webgunean  dago ikusgai.