Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) esperientzia pilotu bat jarri du abian, Berrikuntzaren eragilea. Esperientzia horri esker, zenbait jakintza-arlotakoak diren graduko eta doktoretzako hamar ikaslek prestakuntza praktikoa jasoko dute seihileko batez berrikuntza-prozesuak garatzeko metodologia batean. Metodologia hori MITek (Massachusetts Institute of Technology) erabiltzen duen metodologian oinarritzen da. Metodologia horren arabera, ikasleak lau taldetan multzokatzen dira, eta benetako arazo bat darabilte konponbide berritzaileak bilatzeko prozesu baten abiapuntu gisa, zeinak zenbait garapen-fase baititu: arazoaren azterketa, proposamenen balizko agertokien zirriborroa, antolakuntza arloko alderdien planteamendua proposamenak gauzatzeko eta inpaktuko konponbidearen aurkezpena. Mugarri horietan, taldeei dei egiten zaie arazoari eta konponbideari buruzko hipotesiak aztertu eta berrikusteko, huts egindako egoerak birplanteatzeko, arriskuak ebaluatzeko eta dauden ezagutza eta teknologia berrerabiltzeko. Eragileak Nafarroako Rural Kutxaren laguntza du, ekintzaileentzako Inicia linearen bidez, eta atal metodologikoa Hadrone enpresa nafarrak egin du.
Ekimena lau prestakuntza-saiotan eta proiektuak ebaluatzeko beste lau saiotan egituratzen da, eta NUPeko enpresa berritzaileen eta ikertzaile seniorren ordezkariek osatutako espezialisten batzorde baten aurrean aurkezten dira aurrerapenak. Horrez gain, taldeek mentoreen laguntza dute (NUPeko ikertzaileak eta irakasleak) proiektua garatzeko. Programa arrakastaz amaitzeak eskubidea ematen du 4 ECTSren baliokidea den NUPeko ziurtagiria lortzeko.
Ikasleak, mentoreak, espezialisten batzordea, zuzendaritza akademikoa, babesleak eta NUPeko zuzendaritza-taldea, saioetako batean.
Berrikuntzaren eragilearen edizio pilotuko parte-hartzaileak
Programaren alderdi garrantzitsuenetako bat berrikuntzaren inguruan pertsonen eta eragileen sare bat sortzea da. Alde horretatik, ikasleek ekosistemako figura nabarmenekin harremanetan jartzeko aukera dute, unibertsitatekoak zein enpresetako profesionalenak izan.
Berrikuntzaren eragilearen edizio honetako ikasleak graduko ikasketak egiten ari dira NUPen (Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Zuzenbidea, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Telekomunikazioaren Teknologietako Ingeniaritza, Industria Teknologien Ingeniaritza eta Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza), bai eta doktoretzako ikasketak ere (Ingeniaritza Mekanikoa eta Ikerketa Soziosanitarioa).
“Board of Killers” edo espezialisten batzordea. Ezkerretik eskuinera: goiko lerroan, Gabriela Orille, Marisol Gómez eta Alfonso Carlosena. Beheko lerroan, Ana Goyén, Pablo Arocena, Íñigo Ayerra eta Daniel Antoñanzas.
Mentoreak eta espezialistak
Programak irauten duen sei hilabeteetan, NUPeko ikertzaile seniorrek mentoretza teknikoko zerbitzua ematen diete ikasleei. Bi emakumezko katedradun dira (María Teresa García Marco eta Esther González García), bi gizonezko katedradun (Eduardo Magaña Lizarrondo eta Ignacio Matías Maestro), bi emakumezko irakasle titular (Lucía Garcés Galdeano eta Idoia Labayen Goñi) eta bi gizonezko irakasle elkartu (Javier Anoz Chávarri eta Alfredo Chourraut Aguirre).
Bestalde, espezialisten batzordeak "Board of Killers" izena jaso du Eragilearen metodologiaren ideia nagusietako bat islatzeko; hau da, arriskuak eta porrot-egoerak ebaluatzeko premia, gauzagarriak ez diren ideiak ezabatu eta, horrenbestez, lortutako ezagutza beste planteamendu batzuetara bideratzeko. Batzorde hori osatzen dute bai berrikuntzan erreferentzia diren enpresetako ordezkariek eta bai transferentziara bideratutako bokazio argia duten NUPeko ikertzaile seniorrek. Lehenengo taldekoak dira Daniel Antoñanzas Exkaleko zuzendari-gerentea; Iñigo Ayerra, IEDeko lehen exekutiboa; Ana Goyén Wind Energy Ingeteameko CEO eta Enerclusterreko presidentea; Gabriela Orille, CliDriveren sortzaileetako bat, “business angel” eta banku-berrikuntzako espezialista; eta Jon Yerro ekintzailea eta Veridaseko aholkularia. Bigarren blokean daude, berriz, Pablo Arocena Garro eta Alfonso katedradunak eta Marisol Gómez Fernández irakaslea.
Paula Anzola Román NUPeko Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea eta Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzaren Ekintzailetzako Arloko zuzendaria da Berrikuntzaren eragilearen zuzendari akademikoa. Carlos J. Martínez NUPeko ingeniari egresatua, berrikuntzan eta eraldaketan aditua, eta Hadrone enpresakoa eta Jon Yerro dira atal metodologikoaren arduradunak.