Zer dira mikrokredentzial unibertsitarioak?
- Europar Batasunak sustatutako prestakuntza-eredu berritzailea dira, eta inklusioa eta aukera-berdintasuna hobetzera daude bideratuak.
- Aitorpen akademikoa dute, hau da, formatu digitalean jasotzen dira ikastaro antolatu eta laburren bidez lortutako konpetentzia espezifikoak.
- Modularrak eta metatzeko modukoak izateko diseinatuak daude, eta, horrela, ikasle helduen ikasketa-beharretara egokitzen dira.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Europako Batzordearen webgunea kontsultatzen ahal duzu.
- Ikaskuntza-esperientzia laburrak dira, 15 ECTS baino gutxiagokoak (150 ordu), ziurtagiri digital batean jasotzen dira, eta aitortuak daude Europar Batasunean.
- Funtsezko konpetentzietan oinarritutako ikuspegia dute: enpresen, erakundeen eta administrazioen behar sozial eta laboralei erantzuteko behar diren jakintzak (edukiak), gaitasunak (trebeziak) eta ahalmenak (konpetentziak) emateko diseinatuak daude.
- Formatu malgua dute: ikasle helduen beharretara egokitzen dira, eta modalitate presentziala, birtuala edo hibridoa (erdia presentziala eta erdia birtuala) izaten ahal dute.
- Izaera modularra eta metatzeko modukoa dute: era independentean egiten ahal dira edo prestakuntza-ibilbide zabalagoetan eta pertsonalizatuetan konbinatu. NUPeko zenbait mikrokredentzial unibertsitario batzen badira, prestakuntza jarraituko titulu zabalago bat lortzen ahalko da, iraupen handiagokoa.
- Proposamen praktikoak dira: profesionalen gaitasunak hobetzeko (upskilling) eta ezagutzak eguneratzeko (reskilling) metodo aktiboak dira.
- CKalitatea bermatzea: NUPeko ikasketa berekien Kalitatea Bermatzeko Barneko Sistemaren esparruan garatu dira.
Mikrokredentzial unibertsitarioek zenbait erronka garrantzitsuri egiten diete aurre:
- Biztanleriaren gaitasunak eta enplegurako aukerak uztartzea: trantsizio teknologikoaren eta ekologikoaren ondorioz, sektore ekonomikoak eraldatzen ari dira, eta mikrokredentzialak lagungarriak dira herritarren trebetasunak eguneratzeko eta errealitate berri horietara egokitzeko.
- Ezagutzan oinarrituriko gizartea sustatzea: aldaketa teknologikora, ekonomikora eta sozialera egokitzea errazten dute, bazterketa saihesten baitute eta herritarren erabateko parte-hartzea ahalbidetzen baitute.
- Goi mailako hezkuntzarako sarbidea zabaltzea eta demokratizatzea: bide alternatibo eta malguak eskaintzen dituzte, helduek goi mailako ikasketak hasi ahal izateko edo gradu eta masterretarako bidean aurrera egiteko.
- Gizarte inklusioa sustatzea: zaurgarritasun egoeran dauden taldeei laguntzeko diseina daitezke, eta ekitatea eta integrazioa bultzatuko da horrela.
Microcreds Plana Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioak sustatu du, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatu da. Planari esker, honako hauek eskaintzen dira:
- Matrikula ordaintzeko % 70eko dirulaguntza mikrokredentzial bat egiten hasten direnean 25 eta 64 urte bitarte dituztenentzat, baldin eta ikastaro bakoitzerako ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
- % 100ean diruz lagundutako tarifa goiko baldintza betetzeaz gainera NUPen matrikularako dirulaguntzak emateko prozeduran jasoak dauden kolektiboetako kideentzat.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Europako Batzordearen webgunea eta Planari buruzko informazioa Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren webgunean.
Katalogoa prestatzean zer irizpideren arabera emanen zaien lehentasuna eskaerei
Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako sare ekonomiko eta sozialeko entitate eta erakunde nagusiekin lankidetzan, Nafarroako prestakuntza-beharrak identifikatzen aritu zen 2024an lan mahai espezializatu batzuen bidez. Prozesu horren ondorioz, 120 eskaera jaso zituen. Denak aztertu zituen NUPek, eragileen artean lankidetzan aritzeko aukerak eta sinergiak identifikatzeko, batetik, eta, bestetik, Nafarroako gizartearen birkualifikazio-beharrei erantzuteko; horretarako, alderdi erabakigarri batzuei erreparatu zien, besteak beste enpleguari, espezializazio handiari eta kolektibo kalteberentzako prestakuntzari. Datu horietan oinarrituta, txosten bat egin du, eta NUPen mikrokredentzial unibertsitarioen katalogoa diseinatzeko erabili da Microcreds Planaren barrenean. Katalogoa prestatzeko, honako irizpide hauek aplikatu dira:
- Kolektiboetako kide izatea: NUPek eta Nafarroako Gobernuak antolatutako lan mahaietan ordezkatuak zeuden kolektiboetakoak izan behar dute erakunde eskatzaileek.
- Kolektiboa: proposamenek justifikatu egin behar dute prestakuntzaren publiko hartzailea, haren norainokoa eta tamaina, eta edizio bat edo gehiago egitea bideragarria dela ziurtatu.
- Profesionalen partaidetza: ikastaroak NUPeko irakasleek Unibertsitatekoak ez diren profesionalekin elkarlanean ematea balioetsiko da.
- Finantzaketa: kontuan hartuko da matrikularen % 30 osorik edo partez finantzatzen ote den ikasleek ikastaroetara sartzeko bide erraza dutela eta parte hartuko dutela bermatzeko.
- Sinergiak: entitate baten baino gehiagoren artean bultzatutako proposamenei eta/edo Nafarroako gizartearen prestakuntza-beharren azterketarekin (NUP Fundazioak egindakoa) bat datozen proposamenei emanen zaie lehentasuna.
Mikrokredentzialak Microcreds Planaren barnean
Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren Microcreds Planari esker, bai eta eta Europako Batasunak finantzatutako Errekuperazioko, Eraldaketako eta Erresilientziako Planari esker ere –NextGenerationEU–, NUPek mikrokredentzial unibertsitarioak eskaintzen ditu matrikularen prezioan dirulaguntza jasotzeko aukerarekin. Matrikulen tarifak eta horiei lotutako baldintzak nolakoak diren jakiteko, kontsultatu ezazu ikastaro bakoitzaren webgunea.
Microcreds Planean sartzen ez diren mikrokredentzialak
NUPek, bestalde, zenbait mikrokredentzial eskaintzen ditu Microcreds Planetik kanpo, eta horiek egiteko badira zenbait erraztasun ekonomiko. Matrikulen tarifak eta horiei lotutako baldintzak nolakoak diren jakiteko, kontsultatu ezazu ikastaro bakoitzaren webgunea.
Europass Europako curriculum komuna da, eta herritarrei aukera ematen die eskuratzen dituzten jakintzak, konpetentziak eta trebetasunak modu errazean biltzeko. Horri esker, gardentasun eta mugikortasun akademiko eta laborala bultzatzen dira Europar Batasunaren barrenean. Horretarako, Europassek doako kontu bat sortzeko aukera ematen dizu, zeinak tresna multzo bat ematen baitu online; horri esker, honako hauek egiten ahalko dituzu:
- Lanean eta hezkuntzan izan dituzun esperientziak erregistratu.
- Ziurtagiri akademikoak wallet deritzon zorro digital, pertsonal eta seguru batean gorde.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak zure mikrokredentzialaren ziurtagiri digitala Europassek onartutako formatu estandarrean emanen du, eta posta elektronikoz bidaliko dizugu; ondoren, Europassen zorro digitalera (wallet) igotzen ahalko duzu, Europa osoan izan dezan aitorpen akademikoa..
Mikrokredentzialen ziurtapenerako, Nafarroako Unibertsitate Publikoa lankidetzan aritu da Espainiako 20 unibertsitate publikorekin baino gehiagorekin, CERTIDIGITAL proiektuaren esparruan. Bideo henetan, mikrokredentzialen ziurtapena nola egiten den ikusten ahalko duzu, bai eta proiektuaren helburuak zein diren ere.
CERTIDIGITAL proiektua UNIDIGITAL deialdiari dagokio, eta Europar Batasuneko Next Generation funtsek eta Espainiako Gobernuaren Errekuperazio, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak finantzatu dute. Gure gardentasun atarian, NUPek UNIDIGITAL deialdiaren barnean egindako proiektuei buruzko informazio gehiago dago..
NUP Fundazioak prestakuntza-programa espezializatuak garatzen ditu, zure erakundearen beharretara egokituak, mikrokreditu formatuan eta NUPen zuzendaritza akademikoarekin. Prestakuntza eguneratua eta kalitatezkoa da, eta Europar Batasunean aitortua.
Informazio gehiago edo zure enpresari egokitutako mikrokredentzial bat eskatzeko, bi bide hauek dituzu:
- Helbide elektronikoa: : fundacion.formacion@unavarra.es
- Telefonoa: 948169813
Mikrokredentzial unibertsitarioak garatu nahi dituzten irakasleek ziurtatu behar dute garrantzitsuak eta kalitate onekoak direla eta bat datozela kualifikazio esparruekin. NUP Fundazioak laguntza ematen du programa eraginkorrak diseinatzeko, hau da, ingurune profesionalaren beharrei erantzuten dietela eta ezarritako estandarrak betetzen dituztela ziurtatzeko.
Bi bide hauek dituzue gurekin harremanetan jartzeko:
- Helbide elektronikoa: fundacion.formacion@unavarra.es
- Telefonoa: 948169813
Kalitatea
Mikrokredentzialek barneko eta kanpoko kalitate-bermea izan behar dute. Kalitatea bermatzeko prozesuek argi eta garbi dokumentatuta egon behar dute, irisgarriak izan behar dute eta ikasleen eta alde interesdunen beharrei eta espektatibei erantzun behar diete.
Gardentasuna
Mikrokredentzialek neurgarriak, konparagarriak eta ulergarriak izan behar dute, eta honako hauei buruzko informazioa jaso behar dute: ikaskuntzaren emaitzak, lan karga, edukia, maila eta ikaskuntza-eskaintza.
Egokitasuna
Ikaskuntza-lorpen bereizi eta espezifiko gisa ulertu eta eman behar dira, eta lorpen horiek eskuratzea posible egiten duten ikaskuntza-aukerak eguneratu egin behar dira ingurune sozialean hautemandako premiak asetzeko.
Ebaluazioaren balioa
Ikaskuntzaren emaitzak irizpide gardenen arabera ebaluatzen dira.
Irakaskuntza-ibilbideak
Ibilbide malguei laguntzeko sortu eta ematen dira, eta modua ematen dute hezkuntza-sistema baten baino gehiagoren mikrokredentzialak baliozkotzeko, aitortzeko eta metatzeko.
Aitorpena
EB osoan aldera daitezkeen ikaskuntza-emaitzen adierazle gisa balio dute, eta agintari eskudunek aitortu beharrekoak dira ondorio akademikoetarako, prestakuntzarako edo enplegurako.
Eramangarritasuna
Kredentzialaren titularra da kredentzialen jabea, eta hark erraz gorde eta komunika ditzake zorro digital seguruen bidez.
Pertsona dute ardatz
Ikasle talde hartzailearen beharrak asetzeko sortzen dira. Ikasle horiek kalitatea bermatzeko prozesuetan parte hartu behar dute, eta egiten dituzten oharrak kontuan hartzekoak dira mikrokredentzialaren etengabeko hobekuntzan.
Egiazkotasuna
Informazio nahikoa izan behar dute honako hauek adierazteko: titularraren nortasuna (ikaslea), mikrokredentzialaren igortzailearen nortasun juridikoa eta igortze data eta lekua.
Informazioa eta orientazioa
Ikaskuntza jarraituari buruzko orientazioa emateko zerbitzuetan integratu behar da mikrokredentzialei buruzko aholkularitza, eta ahalik eta ikasle talde gehienetara iritsi behar da, betiere modu inklusiboan eta hezkuntzari, prestakuntzari eta aukera profesionalei laguntzeko.
Honako hauek proposatzen ahal dituzte prestakuntza jarraituko ikastaroak:
- Arduraldi osoko irakasle doktoreek (lotura iraunkorra izan edo ez), beren sailak nahitaezko txostena egin eta gero
- Sailek
- Ikastegiek
- Errektoreordetzek
- Ikerketa-institutuek
Ikasketa berekien arloan eskumena duen errektoreordetzak prestakuntza jarraituko ikastaroak ezartzeko eta berritzeko memoriak aztertu eta onetsiko ditu, eta aldian-aldian Ikasketa Batzordeari jakinaraziko dizkio jaso dituen eskaera guztiak.
.