Joan eduki nagusira

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko 2+3 Talentu Plana da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) eskaintza akademikoak 2024-2025 ikasturterako duen berritasuna. Gainerako eskaintza akademikoa 27 graduk eta 8 gradu bikoitzek osatzen dute; beraz, aurreko ikasturtekoaren berdina izanen da. Orduan berritasun gisa sartu ziren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Fisioterapiako Gradu Bikoitza, eta Ingeniaritza Termikoko Gradu Duala, formatu horrekin Nafarroan eskaintzen den lehenengoa. NUPeko eskaintza akademiko osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. Gainera aipatzekoa da NUPek 2.252 ikaspostu eskainiko dituela 2024-25 ikasturtean, emanen dituen 27 graduetan eta 8 gradu bikoitzetan, duela 5 urte baino % 12 gehiago. 

2+3 Talentu Planak unibertsitateko prestakuntza eta lanbide-heziketa konbinatzen ditu. NUP eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua buru dituen ekimen bat da Foru Komunitateko ikasleek goi mailako heziketa ziklo batez eta bost ikasturteko unibertsitateko gradu batez (2+3) osatutako prestakuntza-ibilbidea egin ahal izan dezaten. Horrela Lanbide Heziketako goi mailako irakaskuntzen eta Unibertsitatearen arteko loturak estutu nahi dira. 

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduaren kasuan, Gizarte eta Kirol Animazio eta Irakaskuntzako Goi Mailako Heziketa Zikloa edo Egokitzapen Fisikoko Goi Mailako Heziketa Zikloa gainditurik gradu hori NUPen egin nahi duten ikasleei 60 eta 51 ECTS kreditu aitortzen ahalko zaizkie, hurrenez hurren. 2+3 Talentu Plana Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduan eta Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduan ere eskaintzen da. Administrazioko eta Finantzetako Goi Mailako Heziketa Gradutik ere sartzen ahal da gradu horietara.

2024-25 ikasturterako ikaspostuen eskaintza handitzea 

Aipatu denez, NUPek 2.252 ikaspostu eskainiko ditu 2024-25 ikasturtean, emanen dituen 27 graduetan eta 8 gradu bikoitzetan, duela 5 urte baino % 12 gehiago. 2023-24 ikasturteari dagokionez, arinki handitu da ikaspostu kopurua gradu hauetan: Erizaintza, Zientziak, EAZ, Zuzenbidea, Haur Hezkuntzako Irakasletza, Lehen Hezkuntzako Irakasletza eta Gizarte Lana. “Azken urteotan gradu eta gradu bikoitzen eskaintzan titulu berriak sartzearen aldeko apustua egin dugu, eta eskaintza Nafarroako ingurune sozial eta ekonomikoaren eskarira egokitu dugu. Hori dela eta, izugarri handitu da gure tituluen eskaria, eta joan den urteko 10.000 aurreinskripzioak gainditu eta duela 5 urtekoak bikoiztu egin dira. Arrazoi hori dela eta, lanean dihardugu sarbide berriko ikaspostuen eskaintza areagotzeko NUPeko graduetan, bereziki gehien eskatzen diren tituluetan”, esan du Inmaculada Farran Blanch NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak.

NUPeko graduko ikasketetan aurreinskripzioa egiteko epea

NUPeko gradu-ikasketak egiteko ohiko aurreinskripziorako epea ekainaren 21ean irekiko da eta ekainaren 28an amaituko da, zeinahi sarbide erabilita ere. Ikasle onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 16an argitaratuko da, eta matrikula egiteko epea aldatu egiten da egin nahi den titulazioaren arabera. Prozesu honi buruzko jarraibideak Unibertsitatearen webgunean daude azalduta.