Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) unibertsitateko 26 master titulu ofizial eskainiko ditu 2019-2020 ikasturtean, eta master horietako bostek lanbide arautuetan aritzeko gaitzen dute, erakundeko Gobernu Kontseiluak onetsi duenez. Aurreinskripzioa online eginen da Unibertsitatearen webgunean, eta horretarako lehen epea gaur hasi (apirilak 8, astelehena) eta maiatzaren 18an bukatuko da; matrikula, berriz, ekainaren 12tik 14ra eginen da. Eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean kontsulta daiteke.
Datorren ikasturtean emanen diren 26 master ofizialetako bi berriak izanen dira: Master Bikoitza Industria Ingeniaritzan eta Enpresen Zuzendaritzan eta Unibertsitate Masterra Elikagaien Industriako Teknologian eta Jasangarritasunean; azken hori Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologiako eta Kalitateko Unibertsitate Masterraren ordez ezarri da. Gainera, beste berritasun bat ere badugu: bai Telekomunikazio Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra bai Ingeniaritza Informatikoko Unibertsitate Masterra Zibersegurtasuneko eta Hacking Etikoko Espezializazio Diploma titulu berekiarekin batera egin daitezke.
Eskolek eskainitako masterrak
Hau da Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (TIIGMET) datorren ikasturterako egiten duen master-eskaintza: Proiektuen Zuzendaritza, Energia Berriztagarriak:Sorkuntza Elektrikoa; Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritza; Ingeniaritza Mekaniko Aplikatua eta Konputazionala; Modelizazio eta Ikerketa Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa; Ingeniaritza Biomedikoa; Ingeniaritza Informatikoa; eta lanbide batean aritzeko gaitzen dutenak: Telekomunikazio Ingeniaritza eta Industria Ingeniaritza. Gainera, arestian aipatutako Industria Ingeniaritzako eta Enpresen Zuzendaritzako Master Bikoitza eskaintzen da.
Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren (NIGMET) kasuan, titulu hauek eskaintzen dira: Ingurumen Agrobiologia; Nekazaritzako Ingeniaritza, zeinak lanbide batean aritzeko gaitzen baitu; Kimika Sintetikoa eta Industriala; Informazio Geografikoko Sistemak eta Teledetekzioa; eta arestian aipatutako Elikagaien Industriako Teknologiako eta Jasangarritasuneko Unibertsitate Masterra.
Fakultateek eskaintzen dituzten masterrak
Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak master hauek eskaintzen ditu: Enpresen Zuzendaritza; Enpresen Kudeaketa, Antolaketa eta Ekonomia; eta Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketa (ERP).
Osasun Zientzien Fakultatean hauek emanen dira: Osasun Zientzietako Ikerketa; Osasunaren Sustapena eta Gizarte Garapena; eta, azkenik, Osasun Publikoa.
Zientzia Juridikoen Fakultateak hiru master eskainiko ditu: Abokatutzarako Sarbidea, lanbidean aritzeko gaitzen duena; Ondare Zuzenbide Pribatua, eta Lan Arriskuen Prebentzioa.
Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak bi titulu eskainiko ditu: Bigarren Hezkuntzako Irakasletza eta Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Soziala.