Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) otsailaren 8tik 10era irekiko du epea udaberriko seihilekorako graduko bederatzi titulaziotan matrikula egiteko. Matrikula Interneten bidez egingo da, Unibertsitatearen webgunean, eta ukitutako ikasleek jada jaso dute mezu bat, matrikula zein egun eta ordutan egin behar duten jakinarazten diena.

Zehazki, seihileko matrikula daukaten graduak Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) bost ingeniaritza eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko lau titulazio dira. Titulazio hauek dira: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa, Informatika Ingeniaritza, Mekanika Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza, Industria Teknologien Ingeniaritza, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza, Ekonomia, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduko Nazioarteko Programa eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako Gradu Bikoitzeko Nazioarteko Programa. Gainerako hamabi titulazioetan matrikula urtekoa da, eta ikasleek egin zuten joan den irailean.

Ikasle bakoitzak matrikula Interneten bidez egingo du, ezarri zaion ordutik hasi, eta otsailaren 10eko 14:00ak arte Unibertsitateak ikasleek erabiltzeko ordenagailuak jarriko ditu Ikasgelategiko 017. gelan, Arrosadiko campusean, Iruñean, 09:00etatik 14:00etara. Matrikula prozesuari buruzko informazio guztia NUPen webgunean dago. Halaber, kontsultak egiteko aukera dago grado@unavarra.es helbidearen eta 948 16 90 96 telefono zenbakiaren bidez.

Sei hileko egitura

Unibertsitatearen ikasketa planen seihilekoko egitura 2008an ezarri zen gradu titulazio guztietan. Sistema hori osatzeko onartu ziren seihileko osagarriak izenaz ezagutzen direnak. Hala, aldi berean eskaintzen dira gradu bakoitzeko lehen lau seihilekoetako irakasgaiak, bai udazkeneko seihilekoan, bai udaberriko seihilekoan. Lehen lau seihilekoen bikoizketa honek bidea eman du irakasgai bat gainditzen ez duten ikasleek hurrengo seihilekoan egin dezaten, berriz hasten diren irakaskuntzarekin bateragarria den ordutegi batean.

Seihilekoko matrikularen sistemak eta seihileko osagarrien sistemaren bidez lortu nahi dena da ikasleen denbora-aurrerapena erraztea ikasketa planeko lehen aldian, titulazioaren iraupenaren batez besteko denbora Unibertsitateak aurreikusten dituen adierazleekin bat etorrarazteko helburuarekin.

Errendimendu akademikoaren eta ikasleen aurrerapenaren analisi baten ondoren, 2014-2015 ikasturtea hasi aurretik atera zen ondorioa izan zen hamabi gradutan, lehen lau seihilekoko eskaintzaren aldiberekotasun hori ez dela hain beharrezkoa, eta erabaki zen berriz ez eskaintzea, Unibertsitatearen baliabideak arrazoiz erabiltze aldera.