Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), I-COMMUNITAS ikerketa-institutuaren bitartez, COVID-19aren esperientzia eta hark gizartean izandako eragina aztertuko ditu diziplina anitzeko jardunaldi batean. Saioak 09:00etatik 14:00ak arte eta 16:00etatik 19:30 arte izanen dira, Jerónimo de Ayanz zentroko hitzaldi aretoan, hura baita NUPeko ikerketa-institutuen egoitza. Bestalde, saio horiek doakoak izanen dira, eta ezinbestekoa izanen da aldez aurretik izena ematea

COVID-19aren esperientzia eta hark gizartean izandako eragina: ikasitakoak eta etorkizuna” izena du jardunaldiak, eta, bertan, NUPeko institutuetan pandemiari buruz egin diren zenbait ikerketa plazaratuko dira, gaika antolatutako lau bloketan: “Zientzia, politika eta COVIDaren kudeaketa”, “Dinamika sozialak pandemiaren aurrean”, “Belaunaldien arteko distantziak: gazteak eta helduak” eta, azkenik, “Talde kaltetuak”. Blokeen moderatzaileak honako hauek izanen dira, hurrenez hurren: Sergio García Magariño, Andoni Iso Tinoco, Ariadna García Prado eta Rubén Lasheras Ruiz.

zoom covid19

Ikasle batzuk NUPen.

Jardunaldia 20 hitzaldik osatuko dute, eta NUPeko INARBE, ISC, IS-FOOD, INAMAT2, IdisNA eta I-COMMUNITAS institutuei atxikitako 30 ikertzaile arduratuko dira horiek emateaz. “Ekarpen zientifiko horietako batzuk eremu desberdinetako ikerketa-proiektu edo -kontratuen fruitu dira, baita pandemia kudeatzearren administrazioekin eginiko garrantzizko lankidetza-proiekturenak ere”, azaldu du Juan María Sánchez Prieto I-COMMUNITAS institutuaren zuzendariak. “COVID-19ak sortutako egoerak ondorio handiak izan ditu, eta hori behar bezala aztertu behar da. Errealitate horrek zientzia, osasuna, ongizatea, gizarte inklusioa, erresilientziarako gaitasuna eta gizarte osoaren eta sistemaren beraren errekuperazioa desafiatu ditu, eta horiek guztiak eraldatzera bultzatu ditu; horregatik, sakon aztertu beharrekoa da. Bizitako esperientziatik abiatuta, pandemiarekiko borrokan eta bizikidetzan ikasitakoa objektibatzeko gai izan behar dugu, baita etorkizunerako erantzunak emateko ere”, erantsi du.

Zientzia eta kudeaketa eta pandemiak gizartean izandako eragina

Jardunaldien lehenbiziko blokean, “Zientzia, politika eta COVIDaren kudeaketa” izenekoan, Sergio García Magariñok (I-COMMUNITAS) hitzaldi hau emanen du: “Pandemia baten kronologia: politika eta iritzi publikoa denbora errealean. Atzera begirako kritika”. Halaber, Aritz Adin Urtasunek, Tomás Goicoa Mangadok, Cristina Gómez-Polok eta Lola Ugarte Martínezek azalduko dute nola lortu duten Nafarroako hondakin-urak monitorizatzea birusaren presentzia detektatzeko. Bestalde, Fermín Mallor Giménezek eta Daniel García de Vicuñak (ISCkoak biak) COVID-19a duten pazienteentzako ospitale-baliabideen kudeaketari buruzko erabakiak hartzen laguntzeko lan bat aurkeztuko dute. Gainera, Almudena Morenok (I-COMMUNITAS) koronabirusak eragindako heriotza-tasari buruzko ikerketa bat azalduko du, eta Pablo Echeverríak, institutu berekoak, “Pandemiaren ondorioz osasuna eta heriotza birpentsatzen” hitzaldia emanen du. Azkenik, Marco Antonio Barrenechea Méndezek, Paula M. Infantesek eta Mircea Epurek INARBEren ikerketa hau aurkeztuko dute: “Immunitatea COVID-19aren aurrean: kudeaketako zein jardunbidek jasan dituzte hobekien pandemiaren erasoak?”.

Bigarren blokea 12:00etan hasiko da, “Dinamika sozialak pandemiaren aurrean” izenburupean, eta, bertan, Isabel Abínzano Guillének, Pilar Corredor Casadok eta Salomé Goñi Legazek (INARBE) beren lana azalduko dute: “Errendimenduaz haratago: dibertsitatea eta inklusioa erresilientzia sortzeko”. Bestalde, Ion Martínez Loreak eta Andoni Iso Tinocok pandemian herritarren artean sortutako elkartasun sareei buruz egin duten ikerketaren berri emanen dute. Ondoren, Belkis Rojasek pandemiak familia-dinamiketan izan dituen aldaketak azalduko ditu, eta, jarraian, Idoya Labayen Goñik eta María Medrano Echeverriak (IS-FOOD eta IdisNA) haurrek pandemian izan dituzten bizimodu aldaketak azalduko dituzte. Maite Posada Arechabalaren eta Lucía Rodríguezen hitzaldiek (I-COMMUNITASekoak biak) emanen diote amaiera blokeari, pandemiak hezkuntzako profesionalengan izan duen eraginari eta Nafarroako polizien eta suhiltzaileen bizipenei buruzkoek, hurrenez hurren.

Belaunaldi desberdinen eta talde kaltetuen bizipenak

Hirugarren blokea 16:00etan hasiko da, eta pandemiak belaunaldi bakoitzari nola eragin dion aztertuko du. Alde batetik, Xabier Tirapu Inchaurrondok (I-COMMUNITAS) gazteen bizipenak jorratuko ditu, eta María Napal Frailek (institutu berekoa), berriz, haien komunikazio ohituretan sakonduko du. Bestalde, Ariadna García Pradok (INARBE) pandemiak 50 urtetik gorako europarrengan izandako eragina aztertuko du, eta Paula Escalada Hernándezek (ISC eta IdisNA), aldiz, zentro soziosanitarioetan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen kasua. Ikerketa horrek Mutua Madrileña Fundazioaren saria jaso du, baita finantzaketa ere.

Azkenik, arratsaldeko 18:00etan, laugarren blokea hasiko da, “Talde kaltetuak” izenekoa. Bertan, I-COMMUNITASeko lau ikertzailek hartuko dute parte: Rubén Lasheras Ruizek, “Konfinamenduaren esperientzian kaltetutako pertsonen ahotsa” izanen du aztergai; Nerea Zugasti Mutilvak pandemiak atzerritarrengan izan duen eragina aztertuko du; Javier Arza Porras ijitoek testuinguru horretan bizitakoaz mintzatuko da, eta, azkenik, Mikel Lizarraga Radak COVID-19aren, desgaitasunaren eta giza eskubideen arteko erlazioa azalduko du.

I-COMMUNITAS institutuko ikertzaileek lau blokeetan aurkeztuko dituzten hitzaldietako asko Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuko Artxibo Zerbitzuarekin elkarlanean garatutako Konfinamenduaren Artxiboa proiektuarekin daude lotuak.