Joan eduki nagusira

Ion Martínez Lorea eta Andoni Iso Tinoco Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta I-COMMUNITAS ikerketa-institutuko ikertzaileek honako artikulu hau idatzi dute: “Sare komunitarioen larrialdiak, latentziak eta aktibazioak Covid-19aren pandemiaren esparruan. Iruñeko hiru auzoren kasua”. Obra kolektibo batean argitaratu dute artikulua, “Krisi garaian elkarri laguntzea. Herritarren solidaritatea COVID-19aren pandemian” izeneko lanean hain zuzen.

Artikuluan, pandemiaren unerik zailenetan sortu ziren laguntza-sareen ezaugarriak ikertzen dituzte artikulugileek, zehazki, Alde Zaharreko, Arrotxapeko eta Ermitagaña-Mendebaldeko auzoetan eratu zirenenak; izan ere, “auzo horien atzealdeko errealitate sozialean, gabezia demokratiko handiak sumatzen dira, besteak beste desparekotasunak laguntza soziala eta sanitarioa lortzeari dagokionez eta kondizio desberdinak etxebizitzen, lanaren eta familien egoerei dagokienez”, esan dute. Horretaz gainera, auzoetako jendeak beste eragile sozial eta instituzional batzuekin nolako harremanak egin zituzten azaltzen dute artikuluan, eta pandemia garaian eta berrikiago nola sortu diren elkarri laguntzeko beste ekimen solidario batzuk.

Liburu kolektiboan, 40 artikulugilek baino gehiagok hartu dute parte. Universitat Autònoma de Barcelonako honako irakasle hauek argitaratu dute liburua: Oriol Nel·lo (GURB Grup de Recerca sobre Energia, Territori i Societat taldekoa), Ismael Blanco (Institut de Govern i Polítiques Públiques institutukoa), eta Ricard Gomà (Institut d’Estudis Regionals i Metropolitans de Barcelona institutukoa). 

zoom Andoni Iso eta Ion Martínez

Artikulua idatzi duten irakasleak, NUPen. Ezkerretik eskuinera, Andoni Iso eta Ion Martínez.

Artikuluaren egitura, lan-esparrua eta SOLIVID sarea

NUPeko ikertzaileek idatzitako artikuluak lau atal ditu. Lehenengoan, auzo bakoitzean ikertutako hiru kasuak zergatik aukeratu zituzten azaltzen dute, eta hiriaren testuinguruan kokatzen dute aukeraketa. Bigarrenean, larrialdi sozialeko eta sanitarioko egoerari erantzutearren laguntza-sare komunitarioak nola sortu ziren deskribatzen dute, bai eta zer aurrekari izan zituzten eta pandemian zehar nolako jarduerak egin zituzten eta nolako zirkunstantziak izan zituzten ere. Hirugarrenean, azaltzen dute nola sartu ziren sare horiek latentzia-ziklo batean mugikortasunaren arloko murrizketak kendu ahala. Azkenik, larrialdiaren ondotik aktibatu ziren sareei erreparatzen diete; egoera pandemikoaz aparteko egiturazko arazoei aurre egiteko sortu ziren, sareko kideek uste baitute krisiak bata bestearen atzetik gertatzen diren oraingo egoera honetako beste bat baizik ez zela izan pandemiaren krisia.

Ikerketaren oinarri den landa-lana proiektu baten barrenean egin zen, ikertzaile gazteentzako NUPen deialdiko laguntzarekin finantzatutako proiektu honen barrenean hain zuzen: “Berrikuntza sozialeko ekimenak hiri-gobernantzako jardunbideetan. Iruñeko hiri-politiketan parte hartzeko prozesuen eta guneen analisi bat”.

Bestalde, “Krisi garaian elkarri laguntzea. Herritarren solidaritatea COVID-19aren pandemian” izeneko liburu kolektiboko lan guztiak SOLIVIDekin daude lotuak. Ikerketa-taldez osatutako sare bat da hori, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko martxan jarritako ekimen solidarioak ezagutarazten eta aztertzen dituena. 2020ko apirilean sortu zen, eta zenbait herrialdetako 34 ikerketa-taldek osatzen dute (Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Ekuador, Espainia, Frantzia, Italia, Mexiko eta Portugal).