Joan eduki nagusira

Ariadna García Prado Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia Saileko irakasle eta INARBE ikerketa-institutuko kideak artikulu bat idatzi du, Sevillako Pablo Olavide Unibertsitateko Paula González Rodríguez eta Yolanda Rebollo Sanz irakasleekin batera, pandemiako mugikortasun murrizketek 50 urtetik gorako europarren osasun mentalean izandako ondorioei buruz. Artikulua “Economics and Human Biology” nazioarteko aldizkarian argitaratu da berriki.

zoom Ariadna García Pardo, NUPen.

Ariadna García Pardo, NUPen.

Osasunaren Ekonomiaren arloan adituak diren hiru irakasleek, beren ikerketan, Europako 17 herrialdek pandemiaren lehenbiziko olatuan izandako datuak aztertu zituzten, pandemian ezarritako mugikortasun murrizketen gogortasunak osasun mentalak okerrera egitearen zer alderdi eragin zuen ulertzeko. Ondorioztatu zutenez, mugikortasun murrizketa zorrotzek % 74,6, % 39,5 eta % 36,4 larriagotu zituzten 50 urtetik gorakoen insomnio, antsietate eta depresio arazoak, hurrenez hurren, hain zorrotza izan ez zen konfinamendu garaian erregistratutako datuekin alderatuta. Gainera, populazio taldeen araberako azterketak erakutsi zuen mugaketek eragin handiagoa izan zutela bai emakumeengan, bai 50 eta 65 urte bitarteko pertsonengan eta bai pandemiaren aurretik osasun ona zuten biztanleengan.

zoom Paula González Rodríguez, lagatako argazki batean.

Paula González Rodríguez, lagatako argazki batean.

Ikertzaileek adierazi duten bezala, “emaitza horiek interesgarriak dira, agerian uzten baitute ezen itxialdi selektiboak eginez gero, hau da, adinekoak edo talde ahulenetakoak soilik konfinatuz gero (Turkian eta Filipinetan gertatu den bezala), biztanleria osoa konfinatzearen ondorio kaltegarriak konpentsatzen ahal direla, nola ekonomiari dagokionez, hala osasun mentalari dagokionez”. Gainera, “egiaztatu da premiazkoa dela gobernuek behar diren inbertsioak eginez herritarren osasun mentala kontuan hartzea. Zalantzarik gabe, itxialdi selektibo zein oso batean, konfinatutako biztanleen osasun mentala zaintzeko behar den laguntza bermatu beharko litzateke”, ondorioztatu dute.

Konfinamenduetako bizi baldintzak eta haien gogortasuna herrialdeka

Egileek azaldu dutenez, konfinamenduen neurrien eragin negatiboaren arrazoiak ulertu beharrari erantzuten dio egindako ikerketak: “Bazen lanik pandemia biztanleriaren osasun mentalak okerrera egitearekin lotzen zuenik, baina ia inork ez zuen ikertzen zergatik gertatzen zen hori. Kutsatzeko beldurra al zen? Lan arloko ezegonkortasuna? Urruntze soziala? Gainera, ez zegoen heldu zaharragoengan oinarritutako ikerketarik, eta OMEk agerian utzi zuen hori dela kolektiborik ahulena bakartze sozialaren aurrean”, zehaztu du Ariadna García Pradok.

zoom Yolanda Rebollo Sanz, lagatako argazki batean.

Yolanda Rebollo Sanz, lagatako argazki batean.

Artikuluak hiru iturritako datuak erabiltzen ditu. Alde batetik, osasunari, zahartzeari eta erretiroari buruzko Europako azken inkestan (SHARE 8) 40.000 pertsona elkarrizketatu ziren 2020ko ekaina eta abuztua bitartean, pandemiaren garaian zituzten bizi baldintzei buruz galdetzeko eta, zehazki, aldi horretan antsietate, depresio eta insomnio arazoak larriagotu ote zitzaizkien jakiteko. Bestalde, Oxford COVID-19 Government Response Tracker (OxCGRT) delakoak pandemiari erantzuteko emandako gobernu-adierazleak erabili zituzten ikertzaileek, eta, adierazle horietatik abiatuta, 2020ko apirileko eta maiatzeko mugikortasun murrizketen gogortasun indize bat eraiki zuten laginaren xede diren 17 herrialdeetako bakoitzean.

Indize hori eraikitzeko, mugikortasuna eta kontaktu soziala murrizteari buruz OxCGRTk eskaintzen dituen adierazle guztiak erabili zituzten ikertzaileek, hala nola ekitaldi publikoak bertan behera uztea, ikastetxeak ixtea, etxean gelditzeko politikak ezartzea, bileren tamaina mugatzea edo garraio publikoa ixtea. “Horiek guztiak adierazle ordinalak dira, 0 eta 4 puntu bitarteko neurketa-eskala dutenak herrialde bakoitzeko politikaren gogortasunaren arabera. Horrela, kalkulatutako indizeak aukera ematen digu aztergai ditugun herrialdeak konfinamendu zorrotzeko eta konfinamendu leuneko herrialdeen multzoan sailkatzeko”, adierazi dute egileek.

Gainera, osasunari, zahartzeari eta erretiroari buruzko Europako SHARE 6 inkestan 6. olatuari buruz jasotako datuak erabiliz, pandemiaren aurretik aurrez aurreko harreman sozialak maiz zituzten pertsonak eta pandemiaren aurretik harreman sozial urriak zituztenak identifikatu zituzten egileek.

Artikuluan, diferentzia bikoitzeko ikuspegi bat erabilita, “politika zorrotzeko herrialdeetan bizi diren eta pandemiaren aurretik harreman sozial sarriak zituzten gizabanakoengan eta murrizketa bigunagoak izan zituzten herrialdeetako pertsonengan osasun mentala nola okerragotu den” alderatu zuten.