Paula Escalada Hernández Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasleak koordinatutako eta Erizaintzako Praktika Berriei buruzko Ikerketa Taldeak (Inno-CARE) —Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutukoa (IdiSNA)— eta NUPek berak garatutako proiektu batek aztertuko du pandemiak zer eragin izan duen zentro soziosanitarioetan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonen egoera funtzionalean eta egoera kognitiboan.
Proiektuak ICAR-Navarra du izena, eta Mutua Madrileña Fundazioak finantzatuko du bere Osasunaren arloko Ikerketarako Laguntzen XIX. deialdiaren esparruan. Atzo, ekainak 29 (asteazkena), Madrilen egin zen ekitaldi batean eman ziren laguntza horiek (bi milioi euro guztira), eta 21 azterketa kliniko finantzatzera bideratuko dira, Espainia osoko zenbait ospitaletan eginen direnak.
NUPen eta IdiSNAren ICAR-Navarra proiektuak alderatu eginen ditu Foru Komunitateko zenbait zentro soziosanitariotan bizi diren 65 urtetik gorako pertsonek pandemiaren aurretik zuten egoera eta lehen olatuen ondoren zutena (2021), eta aztertuko dute alderik ote dagoen COVID-19a pasatu zutenen eta pasatu ez zutenen artean. Eragin emozionalean ere sakonduko dute, eta, horretarako, haien esperientziak aztertuko dituzte. “Egoera funtzional eta kognitiboari buruzko datuak jasotzeko, atzera begiratuko dugu adineko pertsonen historia klinikoan, eta beren esperientziak zein izan diren jakiteko, elkarrizketa erdiegituratuak eginen dizkiegu, ikuspegi kualitatibo batekin”, azaldu du Paula Escaladak.
COVID-19arekin loturiko narriadurarik egon ote den ebaluatzeko emaitzak
Proiektu honen emaitzei esker, aukera egonen da jakiteko alderdi kognitiboen edo funtzionalen narriadura handiagoa izan ote den koronabirusa izan duten zentro soziosanitarioetako pertsonen artean. “Emaitza horiei esker, narriadura-maila gutxitzeko eta tratatzeko esku-hartzeak diseinatzen ahalko dira. Bestalde, alde kualitatiboko aurkikuntzek informazioa emanen dute pandemiak eta konfinamenduak adinekoengan eragin duten inpaktu emozionalari buruz”, adierazi du Paula Escaladak.
Horrekin guztiarekin, ikerketaren koordinatzaileak espero du informazio hori kontuan hartzea zentro soziosanitarioetan bizi diren adineko pertsonei eskainitako zaintza emozionala eta arreta psikologikoa planifikatzeko orduan. “Zentroek datuak erabiltzen ahalko dituzte bertan bizi direnen zaintza-beharrak aurreikusteko eta haiei erantzuteko behar diren giza baliabideak planifikatzeko", ondorioztatu du.
Mutua Madrileña Fundazioak ikerketari emandako laguntza
Osasunaren arloko Ikerketarako Laguntzen XIX. deialdiko laguntzak ekitaldi batean eman ziren Enrique Ruiz Escudero Madrilgo Erkidegoko Osasuneko kontseilaria, Ignacio Garralda Mutua Taldeko eta bertako fundazioko presidentea eta Rafael Matesanz Mutua Madrileña Fundazioko Komite Zientifikoko presidentea buru zirela.
Paula Escalada sarien banaketan. Ezkerretik eskuinera: Rafael Matesanz doktorea, Mutua Madrileña Fundazioaren Komite Zientifikoko presidentea; Paula Escalada, sariduna; Enrique Ruiz Escudero, Madrilgo Erkidegoko Osasuneko kontseilaria; eta Ignacio Garralda, Mutua Madrileña Fundazioko presidentea.
Laguntza horien bidez, Mutua Fundazioak diruz laguntzen dio Espainian egiten den kalitatezko ikerketa medikoari. Guztira, lankidetza-proiektuetan parte hartuko duten ospitale guztiak kontuan hartuta, Mutua Fundazioak bederatzi autonomia-erkidegotako 19 ospitaletako ikerketa-taldeen lanari lagunduko dio.
Urtero egiten duen laguntza-programa honen bidez, tratamendu medikoak hobetzeaz gain, Espainian ikerketa zientifikoa mantentzen eta garatzen lagundu nahi du Mutua Madrileña Fundazioak. Orain arte, 65 milioi euro baino gehiago eman ditu Espainiako ikerketari laguntzeko, eta bidea eman du 1.400 ikerlan baino gehiago abian jartzeko.