Joan eduki nagusira

Fermín Mallor Giménez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedradunak eta Daniel García de Vicuña Bilbao doktoratu aurreko ikertzaileak osatutako talde bat Nafarroako Ospitaleguneko (CHN) zuzendaritzarekin lankidetzan ari da, COVID-19a duten gaixoei laguntzeko behar diren baliabideak aurreikusteko. Bereziki, martxoaren erdialdetik, Unibertsitateko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko ikertzaileek (eta Smart Cities Institutu (ISC) Unibertsitateko ikerketa institutuko kideek) hurrengo egunetarako oheen aurreikuspenari buruzko txosten bat egin diote egunero ospitaleko zuzendaritzari. Ospitaleko zuzendaritzak aurreikuspen horiek erabili ditu behar diren ospitalizazioko eta ZIUko oheak planifikatzeko.

zoom NUPeko ikertzaileak

Ezkerretik eskuinera, Daniel García de Vicuña eta Fermín Mallor

Aurreikuspenak ospitale-sistemaren bilakaera denboran erreproduzitzeko gai diren simulazio-eredu matematikoetatik abiatuta egin dira. Simulazio eredua egunero eguneratzen da, Ospitaletegunearen Zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak kutsatuei eta ospitaleko egonaldiei buruz emandako datuetatik abiatuta. Fermín Mallor katedradunak azaldu duenez, “Eredu estatistikoek aukera ematen dute datozen egunetako ospitaleratze-kopurua eta horien larritasuna aurreikusteko, bai eta gaixoen ospitaleko egonaldia eta ZIUn sartzeko premia simulatzeko ere”.  “Eredu horiek aldatu egiten dira denboran zehar, eta egunero jasotzen den informazio berriarekin eguneratzen dira”, zehaztu du.

Andaluziako eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaile taldeek ere eskatu dute ikertzaileek garatutako simulazio-eredua. Talde horiek egokitu eta antzaldatu dute beren autonomia-erkidegoetan erabiltzeko.  Ikertzaile nafarrek Galiziarako iragarpenak ere egin dituzte.

Europar sarean integratutako ikerketa taldea

NUPeko ikertzaileak q-UPHS taldeko kideak dira (ingelesez “Quantitative Methods for Uplifting the Performance of Health Services”). Taldeak osasun zerbitzuak aztertzen eta hobetzen ditu metodo kuantitatiboen bidez, zeinen barnean baitaude estatistikaren, probabilitatearen, simulazio konputazionalaren, optimizazioaren eta adimen artifizialaren aplikazio konbinatua.

q-UPHS ikertzaile taldea diziplina anitzekoa da, eta Osasunbideko profesionalak biltzen ditu. Duela zenbait urtetik ari da elkarlanean Nafarroako Ospitalegunearekin, besteak beste, gaixoen fluxua hobetzeko, txandak programatzeko eta behar diren baliabideak neurtzeko proiektuetan.  Europako ORAHS lantaldean integratutako Espainiako ikerketa talde bakarra da (“Operational Research Applied to Health Services” lantaldearen siglak ingelesez, “Osasun zerbitzuetan aplikatutako ikerketa operazionala“).