Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) zeharkako hiru prestakuntza-ibilbide diseinatu ditu ikasleek ikasketak osa ditzaten eta beren prestakuntzari balioa erants diezaioten lan-merkatuan sartzen direnerako. Garapen pertsonaleko, digitaleko eta jasangarriko gaitasunak lortzeko programak dira, hau da, garapen pertsonalarekin eta profesionalarekin lotutako gai eta alderdi batzuetan trebetasunak eskuratzera bideratuak daude.

Garapen pertsonalerako gaitasunei buruzko prestakuntza 3. eta 4. ikasmailetako ikasleentzat da batik bat, eta presentzialki eginen da irailean edo urtarril-otsailetan. Gaitasun digitalena eta garapen jasangarriko gaitasunena, berriz, prestakuntza erdipresentziala da, graduko eta masterreko 3. eta 4. ikasmailako ikasleei zuzendua dago, eta 2022ko otsailean emanen da. Bi programak lehenbizikoz eskainiko dira ikasturte honetan.

Hiru prestakuntza-ibilbideak "La Caixa" Gizarte Obrak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak finantzatzen dituzte, eta Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako Errektoreordetzak bideratu ditu "Innovasocial" baterako programaren bitartez. Egutegiari eta izen-emateari buruzko informazio guztia Unibertsitatea-Gizartea Fundazioaren webgunean dago.

zoom Alumnado en clase

Ikasle batzuk NUPeko eskola batean.

Garapen pertsonaleko gaitasunen programaren helburua ikasleen enplegagarritasuna hobetzea da, eta lan-merkatuan gero eta gehiago eskatzen diren gaitasun eta trebetasunetan prestatzea. Eskaintzen diren sei ikastaroetatik hiru aukeratzen ahalko dituzte ikasleek: “Konfiantza, enpatia eta asertibitatea”, “Autokontrola, estresaren kudeaketa eta ikuspegi positiboa”, “Ahozko komunikazioa: nola egin azalpen eta aurkezpen eraginkorrak”, “Lankidetza eta kooperazioa: talde lana eta malgutasuna”, “Lidergoa eta arazo eta gatazken konponbidea” eta “Berrikuntza eta sormena”.

Programak 3 ECTS ditu ikasturte bakoitzeko, eta unibertsitate zabalpeneko kreditu gisa aitortzen ahalko dira. Ikastaro bakoitza 10 ordukoa da, 3 egunetan banatuko da, eta ordutegia aukerakoa: goizekoa (10:00 - 13:20) edo arratsaldekoa (15:00 - 18:20). Programan izena emateko, 59,70 € ordaindu behar da (3 ETCS).

Gaitasun digitalak

Gaitasun digitalen programa Gaitasun Digitalaren Europako Esparruan sartzen da, DigComp izenez ezagutzen den Europako Batzordearen ekimenean. Esparru horretan, 21 gaitasun digital identifikatu ziren funtsezko bost arlotan, Europako herritarren gaitasun digitala garatzeko balio dutenak; izan ere, EBren ustez, funtsezkoa da egungo eta etorkizuneko lanetarako behar diren trebetasunak ematea herritarrei.

Kasu honetan, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak modu seguruan, kritikoan eta sortzailean erabiltzeko prestakuntza eskaintzen die NUPek ikasleei. Honako bost ikastaro hauetan daude bilduak edukiak: “Informazioaren bilaketa, ebaluazioa eta kudeaketa”, “Komunikazioa eta kolaborazioa”, “Eduki digitala sortzea”, “Segurtasuna” eta “Arazoen konponbidea”. Ikasturte honetan, 3 ECTS kreditu egiten ahalko dituzte ikasleek; gainerakoak, aldiz, 2022-2023 ikasturtean. Programan izena emateko, 59,70 € ordaindu behar da (3 ETCS).

Garapen jasangarria

Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) dokumentu bat argitaratu zuen 2017an, non Garapen Jasangarriaren Helburuetarako funtsezkoak diren zortzi gaitasun deskribatzen baitziren, hots, garapen jasangarria sustatzeko beharrezkoak diren ezagupen teorikoak eta praktikoak ematen dituztenak.

Garapen jasangarriko gaitasunen programari dagokionez, etorkizuneko belaunaldienak arriskuan jarri gabe eta ingurumenarekiko eta pertsonen ongizatearekiko errespetua bermatuz oraingo gizartearen beharrak nola ase ulertzeko prestakuntza eskaintzen die NUPek ikasleei. Egungo erronkak dira, besteak beste klima-aldaketaren ondorioak, pobreziaren areagotzea, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza, migrazio prozesuak eta gaixotasun berriak.

Zehazki, bederatzi ikastaro hauek daude aukeran: “Desparekotasuna, pobrezia eta inklusio soziala”, “Klima-aldaketa”, “Nafarroatik Garapen Jasangarrirako Helburuei Ekarpena egiten”, “Osasunaren sustapena”, “Genero ikuspegia eta berdintasuna”, “Desgaitasuna eta denontzako balio duen diseinua”, “Migrazioak, kultura-aniztasuna eta bizikidetza”, “Gorputza, plazera eta sexualitatea”, “Harremanak, autoestimua eta autonomia”. Ikasturte honetan, 3 ECTS kreditu egiten ahalko dituzte ikasleek, eta hurrengo ikasturteetan bukatuko dute programa. Programan izena emateko, 59,70 € ordaindu behar da (3 ETCS).