Aurkezpena
INARBEk zorroztasun akademiko handiko ikerlanak egiten ditu (argitalpen zientifikoak prestatu, mintegi eta hitzaldi espezializatuak antolatu...), batetik, eta, bestetik, prestakuntza aurreratuko programak eskaintzen dizkie doktoretzako ikasleei eta profesionalei, eta aholkularitza-zerbitzuak eragile ekonomiko publiko eta pribatuei.
Ehundik gora ikertzailek osatzen dute INARBE, eta hiru arlo hauetako proiektuak egiten dituzte:
- Erakundeen eta enpresa-estrategien analisi ekonomikoa.
- Merkatuen analisi ekonomikoa.
- Politika publikoen analisia.
Enpresen, ekonomiaren eta zuzenbidearen eremuetan egiten ditu ikerketak INARBEk, eta ikerlan horietatik sortzen diren interakzio eta sinergiak gaur egungo erronka zein desafioei batera erantzuteko moduak dira ; izan ere, trantsizio ekologikoaren eta digitalaren testuinguruan gauden honetan, INARBEk proposatutako diziplina anitzeko analisia eskatzen dute halako erronkek.
INARBEk zenbait argitalpen, proiektu eta ikerketa-sare eratu ditu Europako, Ipar Amerikako, Latinoamerikako, Asiako eta Ozeaniako entitate batzuekin elkarlanean, eta loturak ere baditu erakunde multilateral eta enpresa multinazional batzuekin.
2015ean sortu zenetik, INARBE erreferente bihurtu da jakintzaren transferentzian. Ildo horretatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-institutu gisa, kolaboratzaile aritu da hainbat entitaterekin, besteak beste Europar Batzordearekin, nazioarteko zenbait erakunderekin, zenbait ministerio eta administrazio publikorekin, Nafarroako Gobernuarekin, autonomia-erkidego batzuetako gobernuetako departamentuekin eta tokiko erakundeekin, zenbait institutu, aholkularitza-enpresa eta arlo juridikoko enpresarekin, enpresa-korporazio publiko eta enpresa publikoekin, eta zenbait unibertsitate, fundazio, elkarte, enpresa (ETEak eta multinazionalak) eta gobernuz kanpoko erakunderekin.
Bestalde, prestakuntzari dagokionez, doktoratu ondoko ikertzaileak hartzen ditu INARBEk beren karrera akademikoa sustatzen laguntzeko, eta masterreko zein doktoretzako programa ofizialetan hartzen du parte Nafarroako Doktoretza Eskolarekin lankidetzan (NADOE).