Ikerketa
Ekipamenduak:
LaboInarren, konpromisoa hartua dugu testuinguru ekonomiko, enpresarial eta sozialetan gizakiok ditugun portaeraren konplexutasunak aztertzeko. Ekonomia esperimentalean eta portaeraren araberakoan espezializatutako laborategia garenez, askotariko alderdiak ikertzen ditugu, hala nola jokoen teoria, baliabide naturalen kudeaketa eta ingurumenaren arloko ekonomia.
Ikerketa arloak
1. Marketina: kontsumitzaileak fidelizatzeko estrategia batzuen aurrean haiek nolako portaera eta erantzunak izaten dituzten ulertzen, iragartzen eta kuantifikatzen dugu. Gure ikerlanak lagungarriak dira enpresentzat marketineko estrategiak optimizatzeko eta bezeroen gogobetetasun maila hobetzeko.
2. Mikroekonomia eta jokoen teoría: eragile ekonomiko indibidualen arteko interakzio dinamikak aztertzen ditugu, bai eta interakzio horiek emaitza globalei nola eragiten dieten ere. Mikroekonomian eta jokoen teorian egindako ikerketak ikusmolde baliotsuak eskaintzen dizkie enpresa eta erakundeei erabaki estrategikoak hartzeko.
3. Giza baliabideen kudeaketa: ekonomia esperimentala aplikatzen dugu norbanakoek eta lantaldeek egoera espezifiko batzuetan nolako portaera duten aztertzeko eta iragartzeko. Hala, enpresek hobeki ulertzen dute nola motibatu eta kudeatu behar dituzten langileak lehia-egoeretan.
4. Antolamendu industriala: empresen ingurune dinamiko eta lehiakor honetan erabaki onak hartzen laguntzen diegu enpresei. Metodo esperimentalak erabiltzen ditugu antolamendu-estrategiak ebaluatzeko eraginkortasun operatiboa optimizatzeko.
5. Ingurumen-ekonomia eta baliabide naturalen kudeaketa: erabaki ekonomikoek ingurumenean eta baliabide naturalen kudeaketa jasangarrian nola eragiten duten ikertzen dugu. Gure helburua ingurumen-erronkei aurre egiteko eta garapen ekonomiko jasangarria sustatzeko irtenbide berritzaileak proposatzea da.
Diziplinarteko lankidetza
LaboInarreko kideok garrantzi handia ematen diogu diziplinarteko lankidetzari. Elkarlan estuan aritzen gara zenbait arlotako ikertzaileekin, besteak beste zientzia juridiko eta politikoetakoekin, arazo konplexuak ikuspegi askotatik lantzeko. Horri esker, ezagupen berritzaileak sortzen ditugu, arlo askotan aplikatzeko modukoak.
Eragina izatea enpresetan eta gizartean
Azken buruan, inpaktua sortu nahi dugu enpresa munduan eta gizartean. Enpresei informazio baliotsua ematen diegu gizakion portaerari eta merkatuaren dinamikei buruz, eta, hala, lagundu egiten diegu erabaki hobeak hartzen eta hazkunde ekonomikoa bultzatzen. Gure ikerketak baliagarriak dira, baita ere, politika publikoen arduradunak informatzeko eta garapen bidezkoagoa eta jasangarriagoa sustatzeko.
LaboInarrek konpromisoa hartua du bikaintasun akademikoarekin, berrikuntzarekin eta gure ezagupenen aplikazio praktikoarekin. Zatoz guregana, eta elkarrekin eginen dugu ekonomiaren eta enpresen mundua ekonomia esperimentalaren bidez ulertu eta eraldatzeko bidaia!