Gaur, ostirala, uztailak 18, Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria eman dio World Central Kitchen GKEari NUPek Bisitazioko Amen eraikinean duen egoitzan egin den ekitaldi instituzional batean. Ramón Gonzalo NUPeko errektore eta Jaime Brunet Fundazioko lehendakaria izan da ekitaldiaren buru, eta unibertsitatearen ordezkari gorenarekin batera mahaiburu izan dira Francina Armengol Diputatuen Kongresuko lehendakaria eta Joaquín Mencos Doussinage aipatu fundazioaren lehendakariordea.


Sarituak eta agintariak. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo errektorea; Nahia Munárriz eta Francisco Javier López (Brunet Unibertsitate Saria jaso dutenak); Francina Armengol Diputatuen Kongresuko lehendakaria; Mark Frantz WCK erakundeko ordezkaria; María Lasanta Brunet Unibertsitate Sariaren irabazlea; Adriana Armendáriz (Brunet Unibertsitate Saria) eta Joaquín Mencos Jaime Brunet Fundazioko lehendakariordea.
Ekitaldi instituzional berean, Doktoretza Tesien Jaime Brunet Saria eman diote María Lasanta Palaciosi “Europako eskuin erradikaleko alderdien diskurtso oldarkorra eta gorroto-diskurtsoa” ikerketagatik eta Jaime Brunet Unibertsitate Saria “ex aequo” eman diete Adriana Armendárizi (Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra), Francisco Javier López Calvelheri (Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza) eta Nahia Munárriz Razquini (Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako Sarbideko Unibertsitate Masterra).


Pinaquy aretoa, sari-banaketan. Atrilean, María Lasanta esker oneko hitzaldia irakurtzen Tesien Saria eta Unibertsitate Saria kategorietan sarituak izan direnen izenean.
Ekitaldi instituzionala 12:00etan hasi da, eta Foru Komunitateko politika eta gizarte arloko pertsona ospetsuak joan dira. Horien artean zeuden Maite Esporrín Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea, Alicia Echeverría Espainiako Gobernuaren ordezkaria Nafarroan eta María Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuko kontseilaria, bai eta unibertsitateko komunitateko eta Jaime Brunet Fundazioko kideak ere. Zura Quartet laukoteak jarri dio musika ekitaldi instituzionalari (Leire Fernández Sainz de Murietak, Amaia Razkin Aguirrek, Daniel Sádaba Bermejok eta Igor Saenz Abarzuzak osatua).
Sariak banatzeko ekitaldiaren garapena
Lehenik eta behin, unibertsitateko sarien irabazleei eman zaizkie diplomak eta, ondoren, doktoretza-tesien sariaren irabazleari. Azken sariaren irabazleak, María Lasanta Palaciosek, eman du esker oneko hitzaldia bi kategoria horietan saritu dituztenen izenean.
Gero, Javier Blázquez Jaime Brunet Fundazioaren sarietako epaimahaiko idazkariak World Central Kitchen GKEari Jaime Brunet saria emateko erabakia irakurri du. Saria 36.000 eurokoa da. Horrez gain, diploma bat eta Carlos Cirizaren oroimenezko eskultura bat ditu. Erabakia 2024ko abenduan eman zen jakitera.
Saria jaso ondoren, Mark Frantz World Central Kitchen GKEko Espainiarako eta Europarako Garapeneko arduradunak esker oneko hitzaldia egin du, eta bere erakundearen lanaren berri eman du: “giza duintasunaren defentsa elikagaiak emanez gehien behar denean”. Orobat nabarmendu ditu GKEak Ukrainako gerran izandako esku-hartzeak, non 300 milioi inguru otordu banatu baititu hiru urtean; eta orobat Gazan, non bere sukalde handietako bat, 5,5 milioi otordu banatzeko ardura zuena, suntsitu berri baitute. Saritutako GKEaren hitzaldiaren ondoren, Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak esku hartu du.
Saritutako GKEaren hitzaldiaren ondoren, Ramón Gonzalo NUPeko errektoreak esku hartu du, eta nabarmendu du saridun guztien lana. WCKri dagokionez, azpimarratu du “ez diela laguntzen dien pertsonen ideologiari, erlijioari eta ezaugarri politikoari erreparatzen, eta berehalako premia bati bakarrik erreparatzen diola: elikatzeko oinarrizko eskubidea, kontsolamendua eta itxaropena eskainiz”.
Janaria eskaintzea eta sare lokalak bultzatzea
José Andrés sukaldaria World Central Kitcheneko lanarekin hasi zen, berak azaltzen duenez, ideia sinple batekin: “jendea gose denean, sukaldariak bidali behar dira. Ez bihar, gaur baizik”. GKEak 2010ean du sorburua, Haitira joan baitzen laguntzera herrialdeak jasandako lurrikararen ondoren.
World Central Kitchenen (WCK) jardueren barruan sartzen da era guztietako krisiek (hondamendi naturalak, gerrak, etab.) kaltetutako komunitateetan janari fresko eta elikagarriak ematea, bai eta komunitate horiei baliabideak itzultzea ere, jatetxeekin, janari kamioiekin, catering enpresekin, saltzaileekin edo erakunde komunitarioekin egindako elkarteen bidez, eta kaltetutako pertsonei eta komunitateei kontsolamendua eta itxaropena ematea. GKEak komunitateen buruekin lan egiten du aurre egin beharreko dinamika hobeto ulertzeko, baita kaltetutako eremuetan inbertitzeko ere, hurbileko hornitzaileei elikagaiak erosiz eta bertako langileak erabiliz. Erakundearen arabera, sariaren dirua ildo beretik jarraitzeko erabiliko da.
Jaime Brunet Nazioarteko Sariko epaimahaiak, bere erabakian, kontuan hartu zuen erakundeak “gure garaiko krisi humanitarioetan izan duen ekinbide irmoa, ekintza azkarreko eredu bat aplikatuz eta egoera horietan mundu osoan elikadura baliabideak eta janaria emanez”, eta gaineratu du “World Central Kitchen beste batzuek ezin dutenean edo nahi ez dutenean agertzen dela, gosete handien hutsuneak betez, eta krisi garaian behar duen edonori zerbitzatzeko prest”.
Jaime Brunet Fundazioa
Jaime Brunet Fundazioa kultur fundazio pribatu bat da, eta hauek ditu helburuak: gizakiaren duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea.
Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko lekuko buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.
Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.
Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duena, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.