Joan eduki nagusira

Adriana Armendárizek (Bigarren Hezkuntzako Irakasletzako Unibertsitate Masterra), Francisco Javier López Calvelhek (Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza) eta Nahia Munárriz Razquinek (Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako Sarbideko Unibertsitate Masterra) “ex aequo” irabazi dute Jaime Brunet Unibertsitateko Saria 2025. Zehazki, 2.000 euro eman dizkiete (kasu honetan, irabazleen artean banatzeko), eta egiaztagiri bat. Batetik, gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta, bestetik, garapenerako lankidetzari buruzko hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten NUPeko gradu eta master amaierako lan hoberenak aintzatetsi dituzte sariek.

zoom premio brunet

Adriana Armendáriz, NUPeko errektoretzan.

Zehazki, Adriana Armendárizen lanak aztergai du nerabeen suizidioa eta nola aurre egin hari. Lana euskaraz egin du Ander Domblás García irakaslearen zuzendaritzapean. Saridunak azaldu duenez, gai deserosoa da baina horri buruz hitz egin behar da. Irabazlea Hezkuntzako Orientazioan dago espezializatuta. Ikasle batekin izan duen esperientzia pertsonala izan da lanaren sorburua: “Zeure buruari galdetzen diozu nolatan ez zinen ohartu gertatzekotan zela, errudun sentitzen zara, indarrik gabe, eta batez ere bakarrik”, azaldu du. 

zoom premio brunet

Francisco Javier López, NUPeko errektoretzan.

“Ikastetxeetan alarma-seinaleak uste baino arruntagoak dira, baina prestakuntzarik eta tresnarik ez dagoenez, askotan irakasleak eta langileak galduta sentitzen dira. Orain, Nafarroan, prebentzio-protokoloa berrikusten ari dira, eta mugimendu hori baliatu nahi izan dut bestelako begirada bat eskaintzeko: askoz lehenago hasten den prebentzioa, hezkuntza emozionaletik, entzuteko, laguntzeko eta zaintzeko espazio seguruak eraikitzetik. Izan ere, emozioak kudeatzen, kaosaren erdian arnasa hartzen, beldurrik gabe laguntza eskatzen irakasten dugunean, bizitzak salbatzen ari gara orobat. Beranduegi denean jardun ordez, ongizate emozionala matematika edo hizkuntza bezain garrantzitsutzat hartzen duten eskolak eraiki behar dira.  Hori da, agian, benetako aldaketa”, esan du. Bidean, profesionalen eta Besarkada taldearen laguntza izan du, gainbehera ez joaten lagundu zion erakundea, azaldu duenez.

zoom premio brunet

Nahia Munárrriz, NUPeko errektoretzan.

Bestalde, Alejandro Torres Gutiérrez NUPeko katedradunak zuzendu duen Francisco Javier Lópezen lanak aztergai du ijito-komunitateak Espainian pairatzen duen egiturazko diskriminazio iraunkorra, eta arreta berezia jartzen du hezkuntza, enplegua, etxebizitza edo bere kulturaren aitorpen instituzionala bezalako funtsezko esparruetan, hori guztia ikuspegi juridiko eta sozial batetik. “Ikerketak antigitanismoan sakontzen du oraindik banalizatuta dagoen bereizketa espezifiko gisa, baita emakume ijitoaren zaurgarritasun bereziko egoera ere, diskriminazio hirukoitza jasaten baitu, Secretariado Gitano Fundazioak berak adierazten duen bezala”, azaldu du sarituak.

“Hain zuzen ere, emakume ijitoaren egoera eta urteek aurrera egin ahala egin dituen urratsak azaltzen dituen atala izan zen gehien hunkitu ninduena. Berrikuspen historiko, juridiko eta sozial baten bidez, benetako integrazio baten beharra aldarrikatzen saiatzen naiz, elkarrekiko konfiantzan, kultura-aniztasunarekiko errespetuan eta gizarte osoak aurreiritzien aurkako borrokan duen konpromisoan oinarrituta”, azaldu du Francisco Javier Lópezek.

Ruandako tutsien genozidioa aztergai

Nahia Munárriz saria jaso duen hirugarren pertsonaren lana, orobat Alejandro Torresek zuzendua, 1994an Ruandan gertatutako genozidioan zentratzen da, “joan den mendeko nazioarteko zuzenbide penaleko gertaera suntsitzaileenetako bat izan baitzen, non ia milioi bat ruandar, gehienak tutsiak, hil baitzituzten hiru hilabete eskasean”, dio egileak.

Lana bi multzotan banatzen da: lehenak izaera historikoa du, eta gatazkaren sustraiak ditu aztergai: hutu eta tutsi identitateen eraikuntza sozialetik hasi eta gorrotoa elikatu eta sarraskia eragin zuten faktore politiko, sozial eta ekonomikoetara. Bigarrenak egindako krimenen eta auziperatuen tratamendu juridikoa du aztergai. 

Lehenik eta behin, egileak genozidio-delituaren izaera jorratzen du, Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko 1948ko Konbentzioaren definiziotik hasi eta Nazioarteko Zigor Gortearen eta Ruandarako eta Jugoslavia Ohirako “ad hoc” sortutako auzitegien jurisprudentziaren arabera delitu hori osatzen duten elementuetara. Bigarrenik, aztergai ditu gerra-krimenekin eta gizateriaren aurkako krimenekin duen lotura, eta delitu-hierarkizazioko arazoak eta horiek prozesu penalean duten eragina, eta Ruandarako Nazioarteko Zigor Auzitegiaren funtzionamendua ere aztertzen du. Azkenik, giza eskubideen, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta nazioarteko krimenen arteko harremana ebaluatzen du lanak.

Nahia Munárriz jaunak azaldu duenez, “epaiketan “talde etnikoa” kontzeptua nola erabiltzen den kritikatzen du lanak, eta nazioarteko delituen arteko hierarkizazioaren arazoa aztertzen da eta gogoeta egiten da orobat nazioarteko zuzenbidearen prebentzio-mekanismoen eraginkortasunik ezari buruz. Lege-esparru zabala badago ere, oraindik ere arrakala handia dago nazioarteko arauen eta horien aplikazio eraginkorraren artean”.