World Central Kitchen José Andrés sukaldari espainiarrak sortutako GKEak irabazi du aurten Giza Eskubideak sustatzeko 2024ko Jaime Brunet Nazioarteko Saria. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ematen du saria, eta gaur, asteartea, abenduak 10, eman du jakitera erabakia epaimahaiak Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta.
Epaimahaiak, bere erabakian, kontuan hartu du erakundeak “gure garaiko krisi humanitarioetan izan duen ekinbide irmoa, ekintza azkarreko eredu bat aplikatuz eta egoera horietan mundu osoan elikadura baliabideak eta janaria emanez”, eta gaineratu du “World Central Kitchen beste batzuek ezin dutenean edo nahi ez dutenean agertzen dela, gosete handien hutsuneak betez, eta krisi garaian behar duen edonori zerbitzatzeko prest”. “Elikagai freskoek, sostengua ez ezik, kontsolamendua, itxaropena eta duintasuna ere ematen dute, batez ere zorigaitzen garaian, erantzun koordinatua eta berehalakoa behar denean, orainaren premiarekin, munduko edozein lekutan”, esan du epaimahaiak. Erabakian orobat nabarmendu dituzte José Andrés sukaldariaren hitzak GKEaren lanari buruz. Sukaldariaren hitzetan elikagaiak jasotzeko “ez da eskatzen ona edo gaiztoa izatea, aberatsa edo pobrea, ezkerrekoa edo eskuinekoa. Ez dugu galdetzen zein erlijiotakoa zaren. Bakarrik galdetzen dugu zenbat otordu egin behar dituzun”.
Joaquín Mencosek (esk.) eta Alejandro Torresek (ezk.) NUPen sariaren erabakia eman dute jakitera gaur.
Sarituen izenak jakitera emateko ekitaldian izan dira Joaquín Mencos Doussinague sariketaren epaimahaiburu eta Brunet Fundazioko lehendakariordea eta Alejandro Torres Gutiérrez Fundazioaren idazkari eta NUPeko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna. Saria 36.000 eurokoa da.
Janaria eskaintzea eta sare lokalak bultzatzea
José Andrés sukaldaria World Central Kitcheneko lanarekin hasi zen, berak azaltzen duenez, ideia sinple batekin: “jendea gose denean, sukaldariak bidali behar dira. Ez bihar, gaur baizik”. GKEak 2010ean du sorburua, Haitira joan baitzen laguntzera herrialdeak jasandako lurrikararen ondoren.
World Central Kitchenen (WCK) jardueren barruan sartzen da era guztietako krisiek (hondamendi naturalak, gerrak, etab.) kaltetutako komunitateetan janari fresko eta elikagarriak ematea, bai eta komunitate horiei baliabideak itzultzea ere, jatetxeekin, janari kamioiekin, catering enpresekin, saltzaileekin edo erakunde komunitarioekin egindako elkarteen bidez, eta kaltetutako pertsonei eta komunitateei kontsolamendua eta itxaropena ematea. GKEak komunitateen buruekin lan egiten du aurre egin beharreko dinamika hobeto ulertzeko, baita kaltetutako eremuetan inbertitzeko ere, hurbileko hornitzaileei elikagaiak erosiz eta bertako langileak erabiliz. Erakundearen arabera, sariaren dirua ildo beretik jarraitzeko erabiliko da.
GKEko boluntarioak, DANAk aurten Valentzian eragindako uholdeen ondoren. Argazkiaren kreditua: World Central Kitchen/WCK.org.
Besteak beste, Karibeko Beryl urakanak, Brasilgo Rio Grande do Suleko uholdeek, Txileko baso-suteek, Estatu Batuetako tornadoek eta Errusiak Ukraina inbaditu izanak edo Gazan izandako erasoek eragindako krisi humanitarioen ondorioz sortu diren elikagai-beharrei erantzun die WCK erakundeak. Berriki, DANAk Espainian eragindako uholdeetan aritu dira. Aurten bakarrik, 80 milioi otordu baino gehiago zerbitzatu dituzte 17 krisik kaltetutako komunitateak elikatzeko. Osotara, WCK erakundeak 400 milioi otordu baino gehiago zerbitzatu ditu mundu osoan.
Jaime Brunet Fundazioa eta Saria
Jaime Brunet Fundazioa kultur fundazio pribatu bat da, eta hauek ditu helburuak: gizakiaren duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik desagerraraztea. Besteak beste, Jaime Brunet Romero sariaren deialdia egiten du, giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakunde baten ibilbidea edo zientziako, literaturako edo ikus-entzunezko lan bat aitortzeko. Osotara, 1998. urteaz geroztik, fundazioak hemezortzi Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu; azkena, 2023an, Fontilles Fundazioari.
Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko lekuko buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.
Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.
Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.