Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Osasun Zientzien Fakultateko Simulazio Zentroa Simulazio Klinikoko eta Pazientearen Segurtasuneko Espainiako Elkartearen zentroen zerrendan sartu dute. Azpiegitura horretaz arduratzen diren irakasle eta teknikariek azaldu dutenez, hori beste urrats bat da simulazioan oinarritutako ikaskuntza-jarduerak garatzeko eta trebetasun klinikoak entrenatzeko bereziki diseinatutako irakaskuntza-espazioa ikusarazteko eta finkatzeko.


Osasuneko campuseko Simulazio Zentroko taldea, instalazioetan. Ezkerretik eskuinera, María Cristina Rodríguez eta Paula Escalada irakasleak eta Leire Urtasun eta María Mercedes Murillo teknikariak, David Valencia teknikaria ondoan dutela.
Gaur egun, Simulazio Zentroak instalazioak ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi campusetan. Osasuneko Campusean (Iruñea) erabilera anitzeko hamaika irakaskuntza-gune daude, eta horietako batzuek ikus-entzunezko sistema dute. Bestalde, Tuterako campusean, trebetasun klinikoak entrenatzeko zazpi irakaskuntza-gune daude. Horiek handitzea aurreikusten da; horretarako, instalazio berriak jarriko dira Iruñeko Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berrian eta Tuterako campusean, bai eta Ospitalez Kanpoko Arretako Simulazio Eremu bat ere.
Instalazio horiei esker, graduko eta graduondoko ikasleek aurre eginen diete benetako baldintzak betetzen dituzten egoerei, eta, horrela, ingurune seguru eta kontrolatu batean gaitasunak eskuratzen lagunduko dute. Gainera, lanbide arteko hezkuntza ahalbidetzen dute, eta hainbat osasun diziplinaren arteko talde lana erraztu.
Simulazio Zentroaren instalazioak eta teknologia
NUPeko Simulazio Zentroak pazienteen fideltasun handiko eta ertaineko simulagailuak, eredu anatomikoak, “task trainers”, simulazio-softwarea eta osasun-materiala eta -tresnak ditu Osasun Zientzietako irakaskuntza praktikorako. Baliabide horiei esker, aukera dago agertoki klinikoak birsortzeko hainbat testuingurutan, hala nola ospitaleko logelak, larrialdietako eta zainketa kritikoetako boxak, kontsultak edo etxeko inguruneak; eta hainbat espezialitate klinikotara eta osasun-diziplinatara bideratuta daude, besteak beste, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietara, Erizaintzara, Fisioterapiara, Medikuntzara eta Psikologiara. Horiek guztiak NUPen ematen dira.
Simulazio Zentroak badu orobat Paziente Simulatuen Programa bat. Programak 150 bat parte-hartzaile ditu, eta funtsezko irakaskuntza-baliabidea da irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko eta ikasleek eskuratutako gaitasunak ebaluatzeko. “Gainera, teknika berriak txertatu ditugu, hala nola adimen artifiziala, “moulagea” (zauriak eta lesioak birsortzea), 3D inprimaketa eta proiektu bakoitzean gure prozesuak optimizatzeko material berritzaileak, eraginkortasuna eta sormena, gure irakaskuntza indartzeko eta gure ikasleen prestakuntza aberasteko”, azaldu dute azpiegituraren arduradunek.
Simulazio Zentroa Osasun Zientzietako Hezkuntza Unitateak (UECS) kudeatzen du, haren jarduera-ardatzetako bat simulazio klinikoaren ezarpena sustatzea eta laguntzea baita. Hala, Paula Escalada Hernández irakaslea, UECSko laguntzailea, zentroa eta Osasun Zientzien Fakultateko Plana kudeatzeaz arduratzen da Cristina Rodríguez Díez UECSko laguntzailearekin batera. Horiei gehitzen zaie simulazioan espezialistak den langile-talde bat.