Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zenbait irakasle eta ikaslek bost ekarpen aurkeztu berri dituzte (bi irakaskuntzakoak eta hiru zientifikoak) Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkarteak urtero egiten duen kongresuaren XLII. edizioan, Sevillako Unibertsitatean. Kongresua unibertsitate horrek antolatu du Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkartearekin koordinatuta. Irakasleak NUPeko Smart Cities Institutukoak eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Sailekoak dira.


Sevillako kongresuan parte hartu zuten NUPeko irakasle eta ikasleetako batzuk. Ezkerretik eskuinera: José Ángel Lizarraga, Silvia Recalde, César Valle, Santiago Tainta, Abián Bentor Socorro, Pablo Zubiate eta Aitor Urrutia.
Kongresuan parte hartu duten irakasleen esanean, gai hauei buruzko ondorioak azaldu dituzte bi ponentziatan: Ingeniaritza Biomedikoko Graduko irakasgaiak irakaskuntza-berrikuntzako teknika berrietara egokitzeak eta enpresetara hurbiltzeak zer ekarri duen, batetik; eta, bestetik, ikasgeletan elektronika demokratizatzeak zer aukera eman dien ikasleei gailu biomediko txikiak modu profesionalizatuagoan diseinatzeko. Zehazki, hona irakaskuntzako ponentzien izenburuak: “Irakatsiz ikastea izeneko hezkuntza-berrikuntzako proiektuan ikasitakoa: Ingeniaritza Biomedikoko Graduko irakasgaien arteko hezkuntza-interakzioak” eta “Elektrookulograma modularraren diseinua ingeniaritza biomedikoko hezkuntza-tresna gisa”.
Ponentzia zientifikoetan, sistema muskulu-eskeletikorako seinale biomedikoen prozesamenduan egindako azken garapenak eta diagnostiko medikoan eta/edo terapia medikoan aplikatutako erradiazio ionizatzaileko sentsoreen arlokoak eman dituzte ezagutzera. Ponentzia zientifikoek honela dute izena: “Aurreko tibialean sEMG seinalea betetzeko prozesua”, “Muskulu txiki eta handien potentzial-unitate motorreko trenetan jitterra neurtzeko eskuzko metodoen konparazioa” eta “Zilarrezko nanopartikuleran oinarritutako materialak garatzea erradiaziorako dosimetro kolorimetriko gisa erabiltzeko”.
Kongresuan parte hartu duten NUPeko irakasle eta ikertzaileak
NUPeko irakasle eta ikertzaile hauek hartu dute parte kongresuan: Silvia Recalde Villamayor, Javier Rodríguez Falces, Javier Navallas Irujo, Jesús Trigo Vilaseca, César Valle Morgado eta Armando Malanda Trigueros –azken hori Ingeniaritza Biomedikoko Unibertsitate Masterraren zuzendaria da–. Smart Cities Institutuko kideak dira denak, eta Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko Ingeniaritza Biomedikoko Taldekoak. Kongresuan izan dira, baita ere, Urko Arriazu Ojer, Santiago Tainta Ausejo eta María José Erro Betrán, Komunikazio Optikoak eta Aplikazio Elektronikoak izeneko taldekoak. Sensors taldeko José Ángel Lizarraga Arteta, Leire Pérez Martínez de Icaya, Aitor Urrutia Azcona, Pablo Zubiate Orzanco eta Abián Bentor Socorro Leránoz ere han izan ziren.
Azkenik, osasunaren arloko Nafarroako beste profesional batzuk ere joan dira, ingeniaritza biomedikoaren arloan NUPekin lankidetzan aritzen direnak: Cristina Mariscal Aguilar (Nafarroako Ospitale Unibertsitariokoa) eta Teresa Cuenca Bandín, Elena Prieto Azcárate eta Benigno Barbés Hernández (Nafarroako Klinika Unibertsitariokoak).
2024-2025 ikasturtean, Ingeniaritza Biomedikoaren arloko NUPeko 250 ikaslek bukatuko dituzte ikasketak:
Ingeniaritza Biomedikoko Graduko 4. promozioko ikasleek, Telekomunikazioaren Teknologien Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitzeko 3. promoziokoek eta Ingeniaritza Biomedikoko Unibertsitate Masterreko 15. promoziokoek.
Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkartea
Ingeniaritza Biomedikoko Espainiako Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta eremu biomedikoari aplikatutako teknologiak garatzen ditu pertsonen osasuna eta bizi kalitatea hobetzen laguntzeko. Hala, agenda politikoan kokatu nahi du ingeniaritza biomedikoa, baita enpresen eta ikerketen arloan ere, arlo horietako profesionalak ospitaleetako diziplina anitzeko taldeetako eta osasun-sistemari zerbitzuak ematen dizkieten enpresetako kide izan daitezen. Elkartea da kongresuaren sustatzaile nagusia, eta urtean behin kongresu horretan elkartzen ditu osasunari aplikatutako ingeniaritzaren arloan ikertzen ari diren Espainiako ikertzaileak.