3.708 ikaslek eginen dute gaurtik aurrera (ekainak 7) eta ostegunera arte (ekainak 9) Batxilergotik Unibertsitatean Sartzeko Ebaluazioa (USEa) Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Arrosadiko campusean (Sario eraikinean eta Ikasgelategian) eta Tuterakoan eginen dira probak, iazko azterketa-eredu berarekin. Matrikulatutako ikasleetatik, 2.139 emakumeak dira, eta 1.569 gizonak. Bestalde, hizkuntza-ereduari dagokionez, guztira 2.756 ikaslek eginen dute gaztelaniaz, eta 952k euskaraz.
Unibertsitateak eguneratu egin ditu COVID-19aren aurkako higienearen eta osasunaren arloko jarraibideak, egungo egoerarekin bat egiteko. Unibertsitatearen webgunean kontsultatzen ahal dira, eta, haien arabera, ez da derrigorrezkoa izanen eraikinen barrenean maskara erabiltzea, baina bai gomendagarria, eta komeni da jende askoko multzoak saihestea eta eskuak maiz garbitzea. Gainera, 2019-2020 ikasturtean egin zen bezala, ikasleek aukera izan dute aldez aurretik jakiteko zein ikasgelatan egin behar duten proba bakoitza.
Ikasleek ekainaren 15ean jakiten ahalko dituzte deialdi arruntaren emaitzak, eta hilaren 22tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen dira, eta emaitzak uztailaren 5ean egonen dira eskuragarri. Txartela, berriz, uztailaren 19tik aurrera deskargatzen ahalko da. Probei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Azterketaren egitura, iazkoaren berdin-berdina
Esan bezala, azterketak 2019-2020 ikasturtekoaren egitura bera izanen du; izan ere, ikasturte berezia izan zenez, nobedade gisara, aurreko deialdietan baino aukera gehiago eman zitzaizkien ikasleei erantzuteko.
Probak egiterakoan (proba bakoitzak 90 minutuko iraupena du), ikasleei gomendatzen zaie ariketen oharrak arretaz irakurtzeko, adierazitako galdera kopuruari bakarrik erantzuteko, erantzundako galdera edo galderak behar bezala etiketatzeko eta azterketaren egiturari ongi erreparatzeko. Behin ariketak amaituta, Unibertsitatearen webgunean egonen dira kontsultatzeko.
Bestalde, ikasleek gogoan izan behar dute ezin dutela ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte.
Probak nola eginen diren.
Proba egiteko matrikulatu diren ikasleak 7 epaimahaitan daude banatuta; horietatik 6 Iruñean daude, eta zazpigarrena Tuteran. Iruñean, gaztelaniazko epaimahaiek Ikasgelategia dute egoitza; euskarazko azterketetan, berriz, epaimahai bat Ikasgelategian egonen da, eta bestea Sario eraikinean.
USE probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenbiziko fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako azterketak eginen dituzte (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina Ingelesa, Frantsesa edo Alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza izan ikaslearentzat). Nafarroan, A eta D hizkuntza-ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literatura. Horrez gainera, beste proba bat eginen dute: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa Matematika II izanen da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Hastapenak II.
Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da. Ikasleak USE proba gaindituko du baldin eta batez besteko nota horren % 40 eta Batxilergoko espedienteko batez besteko notaren % 60 ponderatuta 5 puntuko nota edo handiagoa lortzen badu (10etik). Ponderazioa egiteko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntukoa edo handiagoa izan behar du (10etik). Ikasleak proba gainditzen badu, betiko izanen du nota hori.
Azterketa-egutegia hiru egunetarako
Probak gaur hasi dira, ekainak 7, asteartea: 09:30ean Gaztelania eta Literatura II azterketa eginen dute, eta 12:00etan Espainiaren Historia. Arratsaldean, 16:00etan hasiko da Ingeleseko proba, eta 18:30ean, berriz, Frantsesekoa eta Alemanekoa.
Bihar, ekainak 8, asteazkena, azterketa hauek eginen dituzte ikasleek: 08:30ean, Euskara eta Literatura II (A eta D eredukoek); eta, 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Hastapenak II. Arratsaldean, 15:00etan, Gizarte Zientziei aplikaturiko Matematika II eta Marrazketa Teknikoa II; 17:30ean, berriz, Biologia, Enpresaren Ekonomia eta Arte Eszenikoak.
Ekainaren 9an eginen dira azkeneko azterketak, ostegunean: 08:30ean, Filosofiaren Historia; eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezkoen Kultura II. Azkenik, 15:00etan Kimikako eta Artearen Historiako azterketa eginen da, eta 17:30ean, Geologiakoa, Geografiakoa eta Diseinukoa.