José Luis Azcona Hermoso monsinoreak, Nafarroako agustindar errekoleto eta Marajóko (Brasil) apezpiku emerituak, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Giza Eskubideak Sustatzeko 2021eko Jaime Brunet Nazioarteko Saria jaso du, Brasilen sexu-esplotazioaren eta emakumeen eta adingabeen salerosketaren aurka egindako borrokagatik. Ekitaldian Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko lehendakaria izan da buru, fundazio horretako ohorezko lehendakari gisa, eta baita Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorea ere.
Jaime Brunet Fundazioak giza eskubideak defendatzeko eta sustatzeko lanean diharduten pertsona, entitate edo erakundeak saritzen ditu. Fernando Remacha ikasgelan egin da ekitaldi instituzionala eta, bertan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleei emandako Giza Eskubideen Babeserako eta Garapenerako Lankidetzarako Jaime Brunet Unibertsitateko Sariak ere banatu dira. Mayra Ayesa Larumbe, Ainara Sánchez Liceaga eta Maite Espinal Caminos ikasleek jaso dituzte kategoria horretako sariak. Halaber, Doktoretza Tesien 2021eko Brunet Saria Isabel Bravo Barahonari eman zaio, errefuxiatuei buruz egindako lanagatik.
José Luis Azcona monsinoreak Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko lehendakariaren eskutik jaso du Jaime Brunet Nazioarteko Saria.
Ekitaldira 150 gonbidatu inguru joan dira, eta 13:00etan hasi da, agintariak, María Chivite Nafarroako lehendakaria barne, eta saridunak aretora sartu direnean. Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko lehendakariarekin eta Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektorearekin batera, Unai Hualde Iglesias Nafarroako Parlamentuko lehendakaria eta Joaquín Mencos Doussinague Brunet Fundazioko lehendakariordea izan dira mahaiburu. Ekitaldiaren alderdi musikala ZuraQuartet kuartetoak eta Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatzak interpretatu dute.
Sariduna, mahaiko kideekin. Ezkerretik eskuinera: Unai Hualde, Meritxell Batet, José Luis Azcona, Ramón Gonzalo y Joaquín Mencos.
Diplomen banaketa
Lehenik eta behin, diplomak eman zaizkie unibertsitateko sarien irabazleei eta, ondoren, doktoretza-tesien sariaren irabazleari. Azken sari hori Isabel Bravo Barahonari eman diote, zeinak hitz batzuk esan dituen saridun guztien izenean.
Gero, José Luis Azcona monsinoreari Jaime Brunet Nazioarteko Saria emateko erabakia irakurri du Javier Blázquez Ruiz Jaime Brunet Fundazioko idazkariak. Saria 36.000 eurokoa da, eta sarituak zenbait ekimen humanitarioetara bideratuko du zenbateko hori. Horrez gain, diploma bat eta Carlos Cirizaren oroimenezko eskultura bat eman dizkiote.
Ekitaldiaren amaieran, honako hauek hartu dute hitza: Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eta Jaime Brunet Fundazioko ohorezko lehendakariordeak; Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektoreak eta Jaime Brunet Fundazioko lehendakariak; eta Meritxell Batet Diputatuen Kongresuko lehendakariak eta Jaime Brunet Fundazioko ohorezko lehendakariak.
Haurren salerosketaren eta prostituzioaren aurka
José Luis Azconak (Iruñea, 1940) Brasilen egin du bere ibilbidea, Alemanian egindako egonaldi labur bat alde batera utzita (1966-1970), non espainiar migratzaileen kapilau gisa lan egin baitzuen. 1985etik gaur egun arte, José Luis Azcona monsinorea Brasilen aritu da lanean, eta bertan giza eskubideen aldeko borrokaren erreferente bihurtu da; horren ondorioz, tokiko mafiek heriotza-mehatxuak ere egin dizkiote. Saridunaren hitzetan, zeinaren hautagaitza ARCORES Agustindar Errekoletoen Nazioarteko Sare Solidarioak aurkeztu baitzuen, “pertsonen salerosketak lotura estua du legez kanpoko beste hiru jarduerarekin: armen trafikoa, drogen trafikoa eta adingabeen sexu-esplotazioa”.
Aipatutako hautagaitzan nabarmendu zen bezala, botere politikoak eta enpresarialak giza eskubideen urraketa horien jakitun zirela behin eta berriz salatu ondoren, 2009an Ikerketa Batzorde bat bultzatu zuen Paráko Estatuko Parlamentuan, hain zuzen Paráko eta, bereziki, Marajóko haur eta nerabeen aurkako indarkeriari eta sexu-abusuari buruzkoa. Bertan, politikariak eta enpresariak adingabeen erakarpenean inplikatuta zeudela jakinarazi zuen, eta salatu zuen batzuetan eskoletan eta kaleetan harrapatzen zituztela, egun argiz.