Joan eduki nagusira

José Luis Azcona monsinoreari, Nafarroako agustindar errekoletoa eta Marajóko (Brasil) apezpiku emeritua denari, eman diote Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet 2021eko Nazioarteko Saria. Epaian jasotzen denez, “Brasilen giza eskubideak sustatzeko eta defendatzeko borroka nekaezina” saritu du epaimahaiak eta, bereziki “sexu esplotazioaren eta adingabe eta emakumeen salerosketaren aurka izan duen jarrera irmoa 1985az geroztik herrialde horretan, Marajóko elizbarrutian. Hango apezpikua izan da hiru hamarkadan, 1987tik 2016ra”. Epaiak azpimarratzen duenez, giza eskubideak defendatzeagatik heriotza mehatxuak egin zizkioten mafia lokalek. 

Sarituaren izena ostegun honetan (abenduak 9) eman dute jakitera, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan, eta ekitaldian izan dira Joaquin Mencos Doussinague epaimahaiko buru eta Brunet Fundazioko lehendakariordea, eta Alejandro Torres Gutiérrez epaimahaiko idazkari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Konstituzio Zuzenbideko katedraduna. Saria 36.000 eurokoa da, eta sarituak Ágape da Cruz Fundazioak, Justizia eta Bakea Batzordeak eta Dom José Luís Azcona Giza Eskubideen Institutuak abian jarritako salerosketaren biktimentzako laguntza eta babes programetara bideratuko du.

Sariko epaimahaiak epaian nabarmendu du saritua “bai komunitate lokalek bai Estatuko agintari judizialek aitortua eta miretsia dela ekialdeko Amazonian (Parako estatua)”. Eta eransten du: “Apezpikuaren borroka ingurumenaren suntsiduraren aurkakoa eta eskualdeko baliabide naturalen eta arrantzaren gehiegizko ustiapenaren aurkakoa ere izan da”. 

zoom Joaquín Mencos y Alejandro Torres

Ezkerretik eskuinera, Joaquín Mencos eta Alejandro Torres, NUPen.

José Luis Azcona monsinorea 

José Luis Azconak (Iruñea, 1940) Brasilen garatu du giza eskubideen aldeko bere karrera, Alemanian egindako egonaldi labur batean izan ezik (1966-1970), non espainiar migratzaileen kapilau gisa lan egin baitzuen. Bere hautagaitzaren testuan aipatzen denez, zeina ARCORESek aurkeztu baitzuen (Nazioarteko Sare Solidario Agustindar Errekoletoa), prentsa lokalean langile horiek defendatzeko idatzi zituen artikuluek polemika piztu zuten eta, horien ondorioz, enpresaburu batzuek bere nagusiei eskatu zieten ez uzteko Azconari gai horiei buruzko iritzirik ematen.

1985etik gaurdaino, José Luis Azcona monsinoreak Brasilen egin du lan, non “giza eskubideen aldeko borrokaren erreferente bihurtu baita batez ere herrialde osoko giza garapeneko indize txikienak dituen eskualde batean”, esaten da testuan. Aipatu hautagaitzan jasotako sarituaren hitzen arabera, “pertsonen salerosketa zuzenean lotuta dago legez kanpoko beste hiru jarduerarekin: armen trafikoa, drogen trafikoa eta adingabeen sexu esplotazioa”. Eta hori guztia, hainbat aldiz salatu dutenez, botere politikoak eta enpresa botereakez jakinarena egiten duten bitartean. 2009an, gisa honetako salaketen ondoren, Parako Estatuko eta bereziki Marajóko haurren eta nerabeen aurkako indarkeriari eta abusuari buruzko Ikerketa Batzordea bultzatu zuen Parako Estatuko Parlamentuan. Batzorde horretan jakinarazi zuen hainbat politikari eta enpresari tartean zebiltzala batzuetan ikastetxe eta kaleetan egun argitan adingabeak atzematen zituztenean.

zoom Monseñor José Luis Azcona

Monseñor José Luis Azcona

Jaime Brunet Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura-fundazio pribatu bat da, eta bere helburua giza duintasunarekiko, oinarrizko askatasunekiko eta giza eskubideekiko errespetua sustatzea da, bai eta egoera eta tratu anker edo iraingarriak desagerraraztea ere. Besteak beste, Jaime Brunet Romero sariaren deialdia egiten du, giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona edo erakunde baten ibilbidea edo zientziako, literaturako edo ikus-entzunezko lan bat aitortzeko. Osotara, 1998az geroztik Nazioarteko hogei Jaime Brunet Sari eman ditu Fundazioak; azkena, 2017an, Vicente Ferrer Fundazioari.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926 - Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoan bizitzen jarritako ekintzaile katalanen familia batean jaio zen (industria-jarduera garrantzitsua gauzatu zuten han). Jarrera liberalean hezia, kritikoa izan zen bizitzea egokitu zitzaion garaiarekin. Aitak, Jaime Brunet Goitiak, Alderdi Errepublikanoko bertako buruak, Zuzenbide karrerara bideratu zuen, eta Donostiako Udaleko alkateorde izatera iritsi zen, non aitona eta birraitona alkate izan baitziren. Valladolideko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta etxe horretan bertan irakasle laguntzaile aritu zen gero.

Irakurtzeko zaletasunak hizkuntzak ikasteko interesa piztu zion, eta, haiei esker, bere bidaia ugarietan erraz moldatzeko aukera izan zuen. Hala, bere garaiko zailtasunak gorabehera, hogeita hamar herrialdetan baino gehiagotan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan jakin eta ulertu zuen zenbateko diskriminazioa eta bortizkeria dagoen oraindik gure mendean, nola baliatzen diren boteretsuak ahulez, eta zeinen erraz urratzen diren egunero gizakiaren eskubide oinarrizkoenak.

Bere bizitzako azken urteetan, etengabeko kezka piztu zioten giza eskubideen egoerarekiko sentiberatasunak eta herritarraren askatasunaren defentsak. Seme-alabarik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurkako sentimenduek bultzatuta, bere ondarea oinordetzan uztea erabaki zuen, bi helbururekin: batetik, hiltzean bere izena izanen zuen fundazio bat sortzeko, eta, bestetik, giza eskubideen alde egindako lanagatik aintzatespena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Horrela, Jaime Brunet Romero fundazioa sortu zen, egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoan duela, hark testamentuan adierazitako nahiari jarraikiz.