Isabel Bravo Barahona arkitekto eta ikertzaile independenteak NUPeko Doktoretza Tesiei buruzko 2021eko Jaime Brunet saria lortu du lan honi esker:“Políticas de ACNUR en materia de habitabilidad: del refugiado en campamento a la integración urbana (1950-2019)”. Jaime Brunet Fundazioak ematen duen sari horrek (Nafarroako Unibertsitate Publikoan, NUPen, du egoitza) 2.000 euro ematen ditu, eta lana argitaratzeko aukera. Bere helburua da doktoretza-tesiak aintzatestea, baldin eta haien oinarrizko ikerketa-edukiak harreman zuzena badu giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin.
Roberto Goycoolea Pradok zuzendu zuen tesia eta 2021ean defendatu zen Alcalako Unibertsitatean. Tesiak lekualdatze behartuaren fenomenoa aztertzen du arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegitik, eta errefuxiatuen bizi-baldintzak analizatzen ditu, ACNURek (Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Goi Komisarioaren Bulegoa) 1950. urtean sortu zenetik aurrera eramandako politiken berri emanez. Zehazki, ikerketak aztergai du ACNURen estrategien berrorientazioa, kanpamenduetako laguntzan eta babesean oinarritutako politika batetik abiatuta integrazio lokaleko konponbide alternatiboetarantz. “Tesiaren helburua izan da ACNURen orientazio aldaketaren arrazoiak aztertzea eta estrategia horren ondorioak ikertzea bi alderditan: lekualdatuen bizilekua eta bizibideak, alde batetik (dimentsio soziala), eta hartzen dituzten lekuen forma eta antolaketa -gehienetan hiria-, beste aldetik (alderdi espaziala)”, azaldu du saridunak.
Hirietako integrazioaren argi-itzalak
Tesiaren egileak azaldu duenez, ikerketan aztergai izan dira, ahal zirenen artean, zein den etxe eta gizarte mundua berreraikitzeko modurik hoberena etxea utzi eta ihes egin behar izan dutenentzat. “Modu oso eskematikoan esanda, bizigarritasun eredu horiek honela laburbiltzen dira: kanpamenduek ekartzen duten kontrola, babesa eta mendekotasuna, hiri integrazioaren ezaugarri diren anonimatuaren, ziurgabetasunaren eta askatasunaren aldean.
Ikerketaren emaitzen artean, batetik, egiaztapen bat dago. Horren arabera, integrazio lokalak eskaintzen dituen lekualdatutako pertsonen autosufizientzia produktiboa eta beren bizitzei buruzko erabakiak hartzeko autonomia -eta nolabaiteko jarduera ekonomikoa ahalbidetzen duten kanpamenduak- erabakigarriak dira beren baldintzak hobetzeko. Bestalde, Isabel Bravok esan duenez, “integrazio lokalak baditu itzalak: orokorrean mugimendu askatasuna ematen badu ere, ez ditu ezabatzen etxebizitzaren eta oinarrizko zerbitzuen baldintza ziurtasunik gabeak eta prekarioak, ez eta lan esplotaziokoak eta langabeziakoak ere, horrek berarekin dakarren bazterketa sozialarekin. Halaber, egiaztatu da instituzioek emandako baliabideak bultzada bat direla, errefuxiatuen integrazio lokala ahalbidetzen duena, baina denboran mugatuta egon behar dute lekualdatutako pertsonen gaitasun pertsonalak ez gutxitzeko”, azaldu du tesiaren egileak.
Ikerketaren emaitza zehatzetatik harago, harrera-gizarteetan errefuxiatuen presentzia eta integrazioa garapenerako eragile dinamiko gisa onartu beharra aipatu du egileak. “Uste dut, mehatxu sentipena gainditzeko, erabakigarria dela ezagutza sustatzea, datu objektiboen bidez eta ez oinarri ideologikoen bidez, bai eta nahitaezko lekualdatzean eta migrazioan espezializatuta dauden instituzioen txostenen edukia iritzi publikoari ezagutaraztea ere. Ongi kudeatutako migrazioaren onurak ezagutarazten dituzte txosten horiek”, esan du amaitzeko.
Isabel Bravo Barahonaren CV laburra
Isabel Bravo Barahona arkitekto hirigilea da Madrilgo Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoan (UPM). Diplomaduna da Edizioko Ikasketa Aurreratuetan (DASP) Oxford Brookes University-n, ICHaB-ETSAMeko kidea (Oinarrizko Bizigarritasunerako Lankidetza Institutua), eta Alcalako Unibertsitateko COOPUAHko lankidea izan zen (GGI txikia duten herrialdeetako giza garapenerako diziplina-anitzeko ikerketa taldea).
Egun, nahitaezko lekualdatzeari eta migrazioei buruzko ikertzaile independentea da arkitekturaren eta hirigintzaren ikuspegitik, eta bere artikulu berrienen artean daude “Patrones de habitabilidad en el desplazamiento forzado”, Claves de Razón Práctica aldizkarian (272 zk.), 56-67, eta “Sufrimiento y habitabilidad”, Felipe Colavidasekin batera, Habitat International Coalition aldizkarian. Lantegi, jardunaldi eta mintegietan hartzen du parte larrialdietako arkitektura eta nahitaezko lekualdatzeari buruzko hizlari gisa. Arkitekto gisa lan egin du, baina bere jarduera nagusia argitaratze lanarekin egon da lotuta, diseinu eta arkitektura aldizkarietako idazkuntza eta koordinazio taldeko kide gisa eta arkitekturari, oinarrizko bizigarritasunari eta nahitaezko migrazioei buruzko kritika artikuluen idazle gisa nazio mailako eta nazioarteko argitalpenetan. Piano al Sol musikako eta sorkuntzako irakaskuntza-proiektuarekin batera egiten du jarduera hori.