Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) datorren asteko astearte eta asteazkenerako, martxoaren 10 eta 11rako, Artearen eta Zientziaren Jaialdia antolatu du. Iruñeko Planetarioan egingo da, 18:00etatik 21:00etara, eta sarrera doan izango da. Programatutako ikuskizun eta hitzaldiei buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko. 

Artearen eta Zientziaren Jaialdia, lehen “Artea, Zientzia eta Teknologia: errealitate berbera, begirada ezberdinak” zikloa zena, NUPeko Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak eta Kultura Zientifikoaren Unitateak (KZU) antolatzen du Iruñeko Planetarioarekin, Making Art Happen elkartearekin eta InnovaCultural-ekin (Nafarroako Kutxa Fundazioa eta “laCaixa” Gizarte Ekintza) lankidetzan. Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Zientziako eta Berrikuntzako Ministerioak finantzatzen du. Jaialdiak sorkuntza artistikoaren eta ikerketa zientifikoaren ikuspegi integratua eskaini nahi du, itzal handiko ikertzaile eta artistek emango dituzten eta publiko guztiarentzako irisgarriak izango diren hitzaldi eta jarduera dibulgatzaileen bidez. Parte-hartzaileen ibilbide artistiko osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko

Zikloa asteartean hasiko da, martxoak 10, Raquel Andueza soprano nafarrak “Buenas vibraciones” hitzaldia emango du. Bertan azalduko du ahots-kordek nola funtzionatzen duten, soinua sortzeko zein den bibrazio zuzena edo nola hitz egin eta kanta daitekeen modu osasungarrian. Gero, entzuleak soinu paisaia batean murgiltzen ahalko dira “Wetland (Live AV)” ikuskizunarekin, Clara Brea (musika elektronikoaren ekoizlea eta “Making Art Happen” elkarte kulturaleko kidea) eta Elena Brea (artista bisuala) ahizpen eskutik. Ikuskizunak Planetarioko kupula osoa hartuko du. Soinu-artearen eta giro-musikaren nahasketa moduko bat da, non Ebroren Deltako naturaren hotsak batu egiten baitira soinu-paisaia sintetikoekin eta mugitzen ari diren elementuen argazkiekin.

zoom “En-Kantu” taldeko kideak

“En-Kantu” taldeko kideak

Gero, “How musical is Man?” hitzaldi-kontzertua eskainiko du “En-Kantu” musika taldeak (Marcos Andrés eta Igor Sáenz NUPeko irakasleek eta Pello Ruizek, Nerea Erbitik, Isaac Irimíak eta Eduardo Zudairek osatua). Azkenik, mahai-ingurua egingo da Raquel Andueza, Marcos Andrés eta Clara Brearekin, eta Joaquín Sevilla Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloko zuzendaria izango da moderatzailea.

Musika, dantza, artea eta fisika

Hitzaldi honek emango dio hasiera hilaren 11ko saioari: “Electrical Body (Work in Progress)”, Carmen Larrazen eskutik (Dinamo Danza konpainiako zuzendaria). Hitzaldian “Electrical body” proiektua azalduko da, zeina koreografiak sortzeko prozesu bat baita, eta “izaki bizidun gisa elkarrengana lotzen gaituzten indar energetikoen edertasuna ikertzen du mugimenduaren bidez”, egileak azaldu duenez. Nikola Tesla zientzialariaren gogoetetan oinarrituta, elektromagnetismoaren kontzeptuak landuko ditugu; izan ere, konposizio koreografiko ederrak sortzen dira halako kontzeptuak erabiliz, eta giza harremanei buruzko irakurketak egiteko balio dute.

Jarraian “El último puzzle de Bach” hitzaldia emango du Almudena M. Castrok (diseinatzailea, pianista eta fisikaria). Gero, saio hau egingo da: “Artea eta zientzia. Arerio kuttunak”, Pablo Rodríguez-Sánchezen eskutik (fisikaria, Naukas Plataformako "Fuga de cerebros" blogaren egilea eta konputazio zientifikoko aditua Netherlands eScience Center-en).  Azkenik, “¿Se puede aprender ciencia, derecho, sociología, informática... a través del arte visual?" izeneko hitzaldia emango dute Cristina Calvo eta Vanesa Cejudo Exprimento Limón kolektiboko kideek. Mahai-inguru batek emango dio amaiera saioari: Joaquín Sevilla izango da moderatzailea, eta Carmen Larrazek, Almudena M. Castrok, Pablo Rodríguezek, Cristina Calvok eta Vanesa Cejudok hartuko dute parte.