Joan eduki nagusira

zoom NUPeko antzerki taldearen emanaldi bat

NUPeko antzerki taldearen emanaldi bat

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) bederatzi ikastaro kultural eskainiko ditu (talde egonkorrak barne) 2019-2020 ikasturtearen udazkeneko seihilekoan Iruñeko Arrosadiko campusean egiteko. Matrikula egiteko epea irailaren 2an irekiko da (astelehena) Unibertsitateko komunitateko kideentzat (irakasle eta ikertzaileak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak); ikasle ohiek eta adiskideek, A3U programan izena emandakoek eta Unibertsitatetik kanpokoek, berriz, hilaren 16tik aurrera.

Berritasun modura, “UPNALAB Makers” taldea sortu da, Asier Marzok gidatuko duena. Ikastaroa ingelesez eginen da, eta, bertan, “maker” izeneko kultura zabaldu nahi da (“zuk zerorrek egin”) Unibertsitateko ikasleen artean. Hainbat diziplinatako ikasleak elkartuko dira proiektu desberdinak hautatu eta garatzeko eta, ikastaroaren bukaeran, haiek erakusteko. Erreminta hauek erabiliko dira: 3D-ko inprimaketa, Mathlab, Arduino, Computer graphics, zur-lanak…

Iaz emandako ikastaroak ere eskaintzan daude: “Astronomia Kluba” edo “Garagardoari buruzko lantegia”, esaterako. Haietako lehenbizikoak astronomiaren eta halako gaien zaleak bildu nahi ditu, eta, prestakuntza teorikoa ez ezik, praktikoa ere emanen da, behaketak eta proiektu txikien garapena, esaterako. Bestalde, garagardoari buruzko lantegiak edari hau egiteko prozesuaren berri eman nahi du, eta, dastaketen bidez, kalitatearen adierazle nagusiak ezagutarazi.

Prestakuntza egonkorrek ere segida izanen dute aurten: Antzerki Taldea, Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatza, Ganbera Taldea eta Eztabaida Kluba. Bestalde, aurreko urteetan bezala, ikasturtean zehar Irakurketa Kluba eta Jendaurrean hitz egitea  izeneko ikastaroak eskainiko dira (biak ala biak udaberriko seihilekoan). Ikastaroen inguruko informazio guztia, egutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultarako.

Doako ikastaroak eta matrikula

Izen-ematea doakoa da ikastaro eta jarduera hauetan guztietan: Irakurketa Kluba, Eztabaida Kluba eta Astronomia Kluba, Antzerki Taldea, Iruñeko Orfeoiaren Gazteen Abesbatza, Ganbera Taldea eta UPNALAB Makers. Gainerako ikastaroen prezioak 44tik 137 eurora bitartekoak dira, betiere kontuan hartuta izena ematen duena Unibertsitateko kidea den edo ez den eta nolako iraupena duen jarduerak.

Matrikula Interneten bidez egin daiteke (sarbidea desberdina dute Unibertsitateko komunitateko kide direnek eta ez direnek) edo Iruñeko campusera joanez (Kulturako eta Kiroletako Unitatea, Arrosadiko campuseko Sekuoia eraikina). Tuterako campusean ere egin daiteke.

Ikastaroak eta jarduera kulturalak egiteagatik kredituak emanen zaizkie ikasleei, eta haien espedientean jasoko dira. Ikasleak, jarduera horiengatik, gehienez sei kreditu erdiesten ahal ditu graduko ikasketa plan osoan.