Familia enpresek enpresa-ehunaren % 70 osatzen dute, eta beren erabaki estrategikoak hartzen dituztenean aberastasun sozioemozionala babestu nahi izaten dute. Hau ekonomikoak ez diren gorabeheren arabera definitzen den aberastasuna da: negozioak luze irautea, ospe eta izen ona edo harremanei eustea. Aberastasun mota hau babestea berezko helburu bat da, Lucía Garcés Galdeanok (Valtierra, 1987), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan eta Zuzenbidean lizentziadun bikoitzak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen tesiaren arabera.
Doktore berriak jakin nahi izan du zein diren familia enpresak beren erabakiak hartzera eramaten dituzten egiazko arrazoiak. "Faktore bereizgarri nagusia da erakunde hauetan, etekin ekonomikoen maximizazioa bateragarria dela ekonomikoak ez diren beste helburu batzuekin, esaterako familiako beste kide batzuei lana eman ahal izatea, edo etorkizuneko belaunaldiei ondare bat uztea", baieztatu du Lucía Garcések.
Ekonomikoak ez diren elementu hauek, aipatutako aberastasun sozioemozionala, alegia, bost ezaugarritan nabaritzen dira. "Alde batetik, familiak erabakiak hartzean duen kontrola eta eragina eta familiaren enpresarekiko identifikazioa daude; gero, iraupen luzeko harremanak eraikitzen dira ‘stakeholders’ direlakoekin, hau da, kanpo eta barneko interes taldeekin, esaterako langile, bezero edo hornitzaileekin; gainera, lotura emozional indartsuak egon ohi dira familiako kideen artean, eta lotura hauek maiz familiakoak ez diren beste batzuengana iristen dira; eta azkenik, enpresa etorkizuneko belaunaldietara helarazteko nahi bizia dago", esan du tesiaren egileak. Tesia Enpresen Kudeaketa Saileko irakasle Martin Larraza Kintanak zuzendu du.
Ekintzailetza eta gizarte erantzukizuna
Lucía Garcések aberastasun sozioemozionalak hiru aldagairen gainean daukan eragina aztertu zuen: ekintzailetza, gizarte erantzukizun korporatiboa (GEK) eta kudeatzailearen asetasuna emaitza ekonomikoei buruz.
Lehen aldagaiari dagokionez, bikain "cum laude" kalifikazioa lortu duen tesiaren egilearen ondorioa da familia enpresen eta familia enpresa ez direnen arteko ezberdintasunak esanguratsuak direla, bakarrik, teknologiaren aldetik ertain-baxuak edo baxuak diren alorretan lehiatzen direnean. Kasu hauetan, familia enpresek "ekintzailetzarako joera txikiago" edukitzen dute, gehienetan. "Ekintzailetzak diru-inbertsio handiagoa eskatzen du, eta profil espezializatuagoa daukaten kanpoko langileak bilatzea —adierazi du—. Ekintzailetzak emaitzetan eragin positiboa daukala jakinik ere, familia-enpresek joera txikiagoa eduki ohi dute kanpoko langileak kontratatzeko, kontrola familiakoen eskuetan atxikitzeko, eta gainera ez dute zorpetzeko jaidura handirik".
Aldiz, teknologia ertain-altua edo altua beharrezkoa den industria alorretan, enpresa familiak besteak bezain ekintzaileak dira. "Teknologia altuko merkatuetan lehiatzeko, enpresek ekintzaileak izan behar dute: inguruko aldaketei eta arloko berrikuntza etengabeari adi egon, eta proaktiboak izan behar dute erabakiak hartzeko", azaldu du Lucía Garcések.
Gizarte erantzukizun korporatiboari dagokionez, aberastasun sozioemozionala aho biko ezpata izaten ahal da familia enpresentzat, gizartearekin arduratsuak diren jokabideak bezala, hain arduratsuak ez direnak ere bultzatzen dituelako. Gehienetan, gizarte erantzukizun handiagoarekin jokatzen dute kanpoko interes-taldeen aurrean, esaterako bezeroen aurrean, edo komunitatearen aurrean edo ingurumenari dagokionez. "Honek ez du arriskuan jartzen enpresaren kontrola", esan du Garcések. Aldiz, barne-interesdun taldeak (langileak edo gobernu korporatiboa, esaterako), mehatxutzat hartzen dira. "Gizarte erantzukizunaren aldetik erantzukizun txikiagoa eduki ohi dute haien aurrean eragina galtzeak sakonki ikaratzen duelako familia —adierazi du Lucía Garcések—. Familia enpresen ezaugarria da beren langileen artean bereizketak egitea, familiako kideak diren edo ez, eta horren arabera, eta gainera, beren administrazio kontseiluetan familiako kideak egon ohi dira kontrola ez galtzeko".
Azkenik, bere azterketak erakusten du familia enpresa ez den enpresa bateko kudeatzailearen asetasuna oso lotuta dagoela aurreko urteetan lortutako emaitza ekonomiko eta finantzarioekin. "Familia enpresetan ez da hala gertatzen. Honek ez du esan nahi emaitza ekonomikoak ez zaizkiola ardura, baizik eta harentzat asetasun orokorraren alderdirik garrantzizkoena aberastasun sozioemozionalarekin lotuta dagoela", amaitu du Garcések.
Curriculum laburra
Nafarroako Unibertsitate Publikoan lizentzia bikoitza lortu eta gero, Lucía Garcés Galdeanok Enpresaren Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketako Masterra egin zuen, Bartzelonako Autonomoan, Illes Balearsekoan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan.
Ikertzailea den aldetik, doktore berriak “Entrepreneurship, Theory and Practice” edo “International Entrepreneurship and Management Journal” bezalako aldizkari espezializatuetan argitaratu du, eta hainbat ikerketa proiektutan laguntzen du: esaterako, familia enpresa kotizatuaren gobernu korporatiboari buruzko batean, IE Business School-eko (Madril) Cristina Cruz Serrano irakaslearekin batera; eta gizarte aurreikuspen osagarriari buruzko beste batean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Carmen García Olaverri eta Emilio Huerta Arribas katedradunekin. Gainera, ikerketa egonaldiak egin izan ditu Jönköping University-n (Suedia) eta Lancaster University-n (Erresuma Batua), eta hango irakasleekin lankidetzan segitzen du.
Irakaskuntzari dagokionez, enpresen kudeaketarekin lotutako irakasgaiak irakasten ditu; esaterako, Zuzendaritza Estrategikoa, Eragiketen Zuzendaritza eta Antolamenduzko Diseinua eta Jokabidea.