Joan eduki nagusira

Rubén Medina Sabino (Iruñea, 1997) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle laguntzaile doktoreari eman diote 2025eko Vicent Caselles matematikaren ikerketako sei sarietako bat. Espainiako Matematikako Errege Elkarteak eta BBVA Fundazioak ematen dituzte sariak ikertzaile gazteek egindako aurkikuntzetan bikaintasuna saritzeko. XI. edizio honetako epaimahaiak nabarmendu ditu bere doktoretza-tesiaren “aparteko ekarpenak”. Tesiak analisi funtzionala du aztergai, espazio infinituki handietan funtzioak aztertzen dituen matematikaren arloa, eta zerbait egiteko modurik onena aurkitzea eskatzen duten problemak ebazteko balio du, hala nola optimizazioa. NUPeko ikertzaileek azken bi urteetan lortzen duten ezaugarri bereko bigarren saria da, Paula Gordaliza Pastor irakasle eta Material Aurreratuetako eta Matematikako Institutuko (INAMAT2) ikertzaileak lortu baitzuen 2003an.

zoom premio matematicas

Rubén Medina Sabino matematikaria, NUPeko irakaslea, Arrosadiko campusean ateratako argazkian.

“Nire azterlanaren ardatza koordenatu-sistemen antzeko zerbait bilatzea da, dimentsio infinituko espazioetan”, azaldu du Rubén Medinak, eta adibide bat jarri du bere ikerketa irudikatzeko: “Demagun suziri bat bidali nahi dugula ilargira ahalik eta erregai gutxien gastatuz. Helburua da suziriak ibilbidearen une bakoitzean zer abiaduratan azeleratu behar duen adierazten duen funtzioa aurkitzea. Funtzio horiek espazio geometriko batean ‘bizi dira’, eta haien arteko distantziak ezar ditzakegu hor, optimizazio-problemak ebazteko. Zailtasuna da espazio horrek dimentsio infinituak dituela, eta hor sartzen da analisi funtzionala”.

Curriculum laburra

Ruben Medinak Granadako Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Lehenik, Matematikan graduatu zen, eta, ondoren, Fisika eta Matematikako Unibertsitate Masterra egin zuen. Ondoren, doktoretza tesia egin zuen Andaluziako erakunde akademikoaren eta Pragako Txekiar Unibertsitate Teknikoaren (Txekiar Errepublika) arteko nazioarteko programa bateratuaren barruan, eta ikerketa hori 2024an defendatu zuen.

NUPeko irakaslea erakunde akademikoko INAMAT2 Institutuko ikertzailea da, eta zenbait ikerketa-egonaldi egin ditu nazioarteko erreferentziazko zentroetan. Horien artean daude Pragako Txekiar Unibertsitate Teknikoa eta Texas A & M Universityn (AEB). Aurten, “Annals of Functional Analysis” aldizkari zientifikoa argitaratzen duten Birkhäuser argitaletxeak (Suitza) eta Tusi ikerketa-taldeak emandako Analisi Funtzionaleko Nazioarteko Saria jaso duen pertsona bakarra izan da.

Sariak ikertzaile gazteentzat

Vicent Caselles sariek 30 urtetik beherakoek Espainian garatutako matematikako doktoretza tesirik onenak aitortzen dituzte urtero 2015etik. Sari bakoitza 6.000 eurokoa da, eta urrian Madrilen eginen den zeremonia batean emanen da.

NUPeko irakasleaz gain, honako hauek dira Vicent Caselles sarien XI. edizioaren gainerako irabazleak: Izar Alonso Lorenzo (Rutgerseko Unibertsitatea, AEB), Raúl Alonso Rodríguez (Kaliforniako Unibertsitatea, Santa Barbara, AEB), Juan Muñoz Echániz (Simons Center for Geometry and Physics, Stony Brook University, AEB), Eduardo Tablate Vila (CEU San Pablo Unibertsitatea) eta Clara Torres Latorre (Matematika Zientzien Institutua).

Sariek Vicent Caselles (1960-2013) alacantarraren izena dute, azken hamarkadetan nazioartean garrantzi handienetako izan duen espainiar matematikarietako bat. Valentziako, Balear Uharteetako eta Pompeu Fabrako (Bartzelona) unibertsitateetan aritu zen irakasle lanetan, eta analisi funtzionaleko arloetan eta deribatu partzialetako ekuazioetan lan egin zuen. Mundu mailan aitzindaria izan zen irudien prozesamenduaren arloan, eta lan horiei esker hainbat aintzatespen lortu zituen. Bere lan zientifikoan nabarmentzen dira teoria eta algoritmoen azterketa zehatza, horiek baliozkotzeko zuen asmamena eta modelo berriak proposatzeko asmamena. Bere espezialitateko nazioarteko literaturan gehien aipatua izan den Espainiako matematikaria izan zen.