Joan eduki nagusira

Atzo, asteartea, uztailak 15, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) ematen duen enplegagarritasunari eta ekintzailetzari buruzko kalitatearen nazioarteko zigilua jaso zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Madrilen. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Unibertsitateen Ministerioaren mendeko erakundea da ANECA. Honako hauek izan ziren NUPeko ordezkaritzaren buruak: Ramon Gonzalo NUPeko errektorea; Cristina Bayona, 2024an, saria eman zen urtean, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea zena; eta Piedad Muelas Gullón NUPeko Antolamendurako eta Kalitaterako Ataleko burua.

zoom sello calidad

NUPeko ordezkaritza, zigilua emateko ekitaldira joan zena. Ezkerretik eskuinera, Cristina Bayona NUPeko irakaslea eta aurreko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordea izandakoa; Ramón Gonzalo errektorea eta Piedad Muelas NUPeko Antolamendurako eta Kalitaterako Ataleko burua.

Kalitatearen nazioarteko zigilu horretan parte hartzea borondatezkoa da, eta jendaurrean aitortu nahi du unibertsitate bakoitzak bere ikasle eta unibertsitateko tituludunen enplegagarritasuna hobetzeko egiten duen lan bikaina, bai eta dituen ekintzailetza-aukerak ere. Orobat Unibertsitatea bere osotasunean (ez titulu bat edo zentro zehatz bat) aitortzen duen zigilu bat da, eta haren ebaluazioa oinarritzen da NUPek 2008tik ezarrita duen Kalitatea Bermatzeko Barneko Sisteman. “Alderdi hori oso garrantzitsua da. Izan ere, NUPek Graduko eta Masterreko ingeniaritza-programa guztietan EURACE eta EuroInf kalitatearen nazioarteko zigiluak baditu ere, zigilu berri hori lehen aldiz eman zaio Unibertsitateari bere osotasunean”, esan du Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzak. NUP da, Valentziako Unibertsitate Politeknikoarekin batera, aitorpen hori jaso duen Espainiako lehen unibertsitatea.

NUPek joan den urtean jaso zuen zigilua bete beharrekorik gabe, eta horrek esan nahi du ziurtagiriak 6 urteko baliozkotasuna duela, eta, horrenbestez, 2030 amaiera artekoa.