Gaur hasi da, ekainaren 20an (ostirala), Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) 2025-2026 ikasturtean graduko ikasketak egiteko aurreinskripziorako epe arrunta, eta ekainaren 27an bukatuko da (ostiralean). Tramite hori NUPen webgunearen bidez egin behar dute ikasleek, eta zer gradutan sartu nahi duten adierazi behar dute, lehentasunaren arabera ordenatuta (sei gradu gehienez ere). Ordena hori oso garrantzitsua da; izan ere, ikasle bat titulazio batean onartutakoan, NUPek ez ditu kontuan hartuko aurreinskripzioko zerrendan titulazio hori baino beherago daudenak.
Onartutako ikasleen lehenbiziko zerrenda uztailaren 15ean argitaratuko da, eta matrikula uztailaren 16tik 18ra egin beharko dute (graduaren arabera). Aurreinskripzioari eta matrikulari buruzko informazio guztia Unibertsitatearen webgunean dago eskuragarri.
Eskaintza akademikoa
2025-2026 ikasturterako, 2.290 ikaspostu eskaini ditu NUPek bere 27 gradu eta 8 gradu bikoitzetan; iaz, aldiz, 2.252 ikaspostu eskaini zituen. 2024-2025 ikasturtearekin alderatuta, ikaspostu gehixeago daude gradu hauetan: Ingeniaritza Informatikoa, Ingeniaritza Biomedikoa, Industria Teknologien Ingeniaritza, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza, Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza eta Datuen Zientzia eta Bioteknologia.
Eskaintza akademikoa aurreko ikasturtekoa bezalakoa da, baina bada nobedade bat: 2+3 Talentu Plana eguneratu egin da 2025-2026 ikasturterako. Eguneratze horren berritasun nagusia da 2024-2025 ikasturtetik hasita “2+3 Talentu Planean” sartu direla Gizarte eta Kirol Animazio eta Irakaskuntzako Goi Mailako Heziketa Zikloa eta Egokitzapen Fisikoko Goi Mailako Heziketa Zikloa; hortaz, ziklo horietakoren bat gainditzen duten ikasleei 60 eta 51 ECTS kreditu aitortuko zaizkie, hurrenez hurren, baldin eta NUPen Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Gradua egiteko onartzen badituzte. NUPen graduen eskaintza osoa Unibertsitatearen webgunean dago kontsultatzeko.
Enplegagarritasun tasa NUPen graduko ikasketak egin ondoren
Gogoan izatekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoa lehenbiziko postuan dagoela Espainiako unibertsitate publikoen rankingean graduko ikasketak egin dituztenen laneratze tasari dagokionez, Unibertsitateen Ministerioak berriki argitaratu duen Unibertsitateko Egresatuen Laneratzeari buruzko Azterlanaren arabera (2018-2019 ikasturtea; 2023ra arteko analisia).
Zehazki, graduko titulua lortu eta lau urteren buruan, NUPeko ikasle izandakoek dute Gizarte Segurantzan afiliatutakoen tasarik altuena (% 86,9). Espainiako unibertsitate publikoetako batezbestekoa % 78,2 da, eta unibertsitate guztiena % 77,9.