Joan eduki nagusira

Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hitzarmen berri bat sinatu dute “2+3 talentu planari” buruz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta graduko unibertsitateko tituluen artean kredituak aitortzeko. Hitzarmenaren eguneratzearen berritasun nagusia da 2024-2025 ikasturtetik aurrera “2+3 Talentu Planean” sartuko direla Gizarte eta Kirol Irakaskuntzako eta Animazioko Goi Mailako heziketa zikloa eta Egokitzapen Fisikoko Goi Mailako prestakuntza zikloa. Horrenbestez, horietako bat gainditzen duten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduan onartzen dituzten ikasleei 60 eta 51 ECTS kreditu aitortuko zaizkie, hurrenez hurren.

zoom Hitzarmena sinatzeko ekitaldia. Ezkerretik eskuinera, Ramón Gonzalo eta Carlos Gimeno.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldia. Ezkerretik eskuinera, Ramón Gonzalo eta Carlos Gimeno.

Ramón Gonzalo Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak eta Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak sinatu dute hitzarmen berria, eta haren xedea da NUPek emandako graduko unibertsitateko tituluen eta goi mailako teknikari tituluen arteko lotura ezartzea eta aipatutako tituluen artean kredituak aitortzea. Hitzarmenak berariaz jasotzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritzak erdietsi duten akordioa. Akordio horren arabera, Goi Mailako prestakuntza ziklo bat, eta, hala badagokio, prestakuntza-ziklo eta unibertsitateko gradu bakoitzerako zehaztutako prestakuntza-osagarri bat gainditzen duten ikasleei ECTS kreditu kopuru bat aitortuko zaie, akordioan jasotzen den eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ematen den graduaren ikasmaila bateko ECTS kreditu guztien baliokide dena.

2013ko maiatzaren 16an, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak hitzarmen bat egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin. Hitzarmenaren bidez zehaztu ziren lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta Unibertsitate horretako graduko ikasketetan aitor daitezkeen ECTS kredituen arteko lotura, bai eta ECTS kredituen aitorpena aplikagarri zaien graduetako irakasgaiak ere.

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak lanean jarraitu dute eguneratuta izateko lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitate horrek emandako graduko unibertsitateko tituluen arteko kredituen aitorpen taulak. “2+3 Talentu Planaren” garapenari buruz Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak egindako aldeko balorazioari esker, hitzarmen hori unibertsitateko gradu gehiagotara eta goi mailako prestakuntza ziklo gehiagotara zabaldu da.

2+3 Talentu Plana

“2+3 Talentu Plana” 2021-2022 ikasturtetik dago indarrean, eta aukera ematen du Administrazio eta Finantzetako goi mailako prestakuntza zikloa eta Marketin eta Publizitateko goi mailako heziketa zikloko bi moduluko prestakuntza osagarri bat egiten ari diren ikasleei Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako Graduko edo Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduko 60 ECTS kreditu aitortzeko Nafarroako Unibertsitate Publikoan, gradu horietako batean onartuak izanez gero. 2024-2025 ikasturtean, Administrazioko familiako prestakuntza-ibilbidea ari dira egiten lehen ikasmailako moduluko 75 ikasle eta bigarren ikasmailako 40 ikasle.

Bai NUPek bai Hezkuntza Departamentuak dagokion araudian jasoko dute, indarrean den legediarekin bat, bai eta lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluaren eta graduko unibertsitateko tituluen arteko kredituen aitorpenari buruzko berariazko akordioen edukia ere. Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleen ebaluazio, titulazio eta akreditazio akademikoa arautzen duten araudian jasoko du eduki hori, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak gauza bera eginen du kredituak aitortzeko eta transferitzeko duen araudiarekin.

Alde bakoitzeko bina ordezkarik osatutako jarraipen-batzorde parekide bat arduratuko da hitzarmenetik eratorritako betebeharrak betetzen direla zaintzeaz, eta hitzarmenaren iraupena lau urtekoa izanen da, sinatu zen egunetik kontatzen hasita. Hitzarmena apirilaren 14an, astelehena, sinatu zen NUPeko errektoretzaren eraikinean.